Iturriak‎ > ‎

Joxe Miguel Barandiaran

Hasieran aipatu dudan bezala, lan honen eduki gehienak Ataungo etnologo jakintsuaren ekarpenetan dute jatorria, Euskal Herriko mitologiaz berak eginiko azterketak eta bilketa lanak oso abertatsak eta emankorrak izan baitira. Horregatik, omenalditxo bat egiteko asmoz, leku bat eskainiko diogu atari honetan.

Aurkezpena

Joxe Migel Barandiaran Ataunen jaio zen 1889an eta bertan hil zen 1991n. Euskal Herriko antropologia eta etnologia ataletan ikerketa lan garrantzitsuak egin zituen, beste zenbait lagunekin batera.

Gasteizen apaiztu ondoren Paris, Leipzig eta Munich-era joan zen teologia eta psikologiako ezagutzak zabaltzeko eta sakontzeko. Gasteizko apaizgaitegiko irakasle izan zen (1923 - 1936). 1916an etnografi alorreko ikerketaz arduratzen hasi zen eta Telesforo Arantzadi eta Enrike Egurenekin batera Aralarko zenbait trikuharri ikertu eta hainbat artikulu zientifiko kaleratu zituen. 1918ko Eusko Ikaskuntzaren lehen biltzarrean esku hartu zuen eta batzar horretatik sortu zen Gasteizko apaizgaitegiko etnologi laborategia. Arantzadirekin batera Paris, Kolonia, Munich, Leipzig eta Berlingo museoak ikertu zituen (1922). Apaizgaitegi Nagusiko erretore izendatu zuten 1926an eta etnografia eta arkeologiako lanen prestakuntzan Europan zehar bidaiatuz eman zituen ondoko urteetako udak. Espainiako Gerra zibila hastearekin batera (1936), Iparraldera alde egin eta Saran jarri zen bizitzen. 1953an itzuli eta ikerketa askotan esku hartu zuen; gainera, ikasle asko prestatu zituen. Halaber, zenbait aldizkaritako kolaboratzaile eta zuzendari izan zen.

1920an Eusko-Folklore elkartea sortu zuen. Nafarroako Unibertsitateko etnologi katedra eskaini zioten (1964); izen handiko elkarte antropologiako, arkeologiko, kultural eta etnologiko askotako kide izateaz gain, "Real Academia de la Lengua Española"ko kide eta Euskararako eginkizun bereko Euskaltzaindian izan zen euskaltzain oso (1965 - 1991). Barandiaranen lan handiena historiaurreko leize eta aztarnategiei buruzko ikerlanek osatzen dute, aldi berean ordea era askotako liburuak idatzi zituen: "Eusko Mitologia" (1924), "Euskalerriko leen gizona" (1934), "Antropologia de la población vasca" (1977), "Historia general del Pais Vasco" (1980), "Brujería y brujas" (1984). Etnologia ikertu zuen batik bat; euskaldunon ezaugarriak aztertu, bildu eta gorde egin zituen; ondorengoen ikerketen oinarri eta abiapuntu bilakatu zen.
 
Biografia
Bibliografia
Comments