Elezaharrak‎ > ‎

Ardi

Okinako leizean, koba hartako irelu edo zaintzailea ardi itxuran azaltzen da, herri hartan diotenez. Albainako gizon batek, bestalde, honako istorio hau kontatzen du. Artzain bat lo zegoen pago batzuen itzalean, bere ardiak Okinako mendian sakabanatzen ziren bitartean, artzainek askotan ohi duten bezala.

Iluntzen hasi zenean, ardiak, bakar batzuk kenduta, harpeko babesera bildu ziren. Artzaina joan zen falta zirenen bila, zintzarri hots bat entzuten zuen aldera. Hara iristean hotsa entzuten zuen, baino ez zuen ardirik ikusten.

Bazirudien zintzarria bere oinpean zegoela. Aurrerago joan zen eta Okinako leizearen barruan erori zen. Ikaratu egin zen artzaina eta Arantzazuko Ama Birjiña etorri zitzaion burura, eta laguntza eskatu zion. Hurrengo goizean Arantzazuko kanpandorrearen azpian agertu zen.

Okinan beste hau ere esaten da: Herri hartako gazte bat Arantzazura omen zihoan, eta herriko kobaren ondotik igarotzean, arkume bat ikusi zuen han bertan. Orduan esan zuen bere kolkorako. "Itzuleran ondo etorri hintzaidake, oraindik hor baldin bahaiz". Egun batzuen ondoren, Arantzazutik itzuli zenean, han aurkitu zuen arkumea lehengo leku berean, leizearen ondoan. Hartzen hasi zen, baino, eskuz ukitu zuenean, arkumeak, indar misteriotsu batez, leizearen barruraino bota zuen. Ezin zuen askatu bere burua arkumeagandik. Orduan Arantzazuko Ama Birjiñari otoitz egin zion eta berehala askatu zen, eta, bitartean, arkumea leizearen barruan ezkutatu zen.

Comments