Elezaharrak‎ > ‎

Basajauna eta Sanmartin txiki

Garai batean Muskiko koban basajaunak bizi omen ziren. Han, inguruko mendi gainak erabilita, sekulako gari mordoa biltzen omen zuten. Beheko lurretan, berriz, kristauak bizi omen ziren, eta artean ez omen zuten oraindik gararik ereiten, alerik ez baitzuten.

Behin, Sanmartin txiki, abarka handi batzuk jantzita igo omen zen Muskiko kobara; eta hango gari-pila ikusita, basajaunei apustua luzatu zien, ea zeinek salto handiagoa egin gari piloaren gainetik.

Basajaunek erraztasun handiz igaro omen zuten saltoan gari-pila; Sanmartintxiki berriz, gari-pilaren erdian erori omen zen, baina baita abarkak gari-alez bete ere! Gero, handik alde eginda, Sanmartintxiki etxera bidean zela, basajaun bat konturatu omen zen Sanmartintxikiren azioaz, eta aizkora txikia bota omen zion, baina ez zuen hura harrapatu. Olasagastiko gaztainondo baten gerrian sartu omen zen aizkora txikia.

Kristauek, hala ere, nahiz eta gari-alea izan, ez omen zekiten noiz erein; halako batean, ordea, basajaun bati entzun omen zioten barrezka nola esaten zuen:

    Ja jaaaai! Balekite, hartuko lukete:
    Orri irtete artoa ereite
    Orri erortze garia ereite
    Eta San Lorentzotan arbia ereite.

Ordutik zabaldu omen zen garia inguruko herri guztietan.

www.ataunturismo.net
Comments