Elezaharrak‎ > ‎

Deabrua doministikun

DEABRUA DOMINISTIKUN

 Baztan ibarreko herri batean, seme-alabarik ez zuten senar-emazte batzuk bizi omen ziren. Urte asko zeramatzaten haurra izan nahian, baina haien nahia ez zen inoiz betetzen. Belar mota guztiak frogatu zituzten, Aralar mendira joan ziren eta andrea jendeak zioenez mirariak egiten zituen iturri batera ere joan zen; hango harri batez sabela igurtzi zuen, hori erremedio segurua baitzen, jendeak zioenez. Alferrik, ordea.

Hala bada, ama izateko garaia joaten ari zitzaiola pentsatuz, hasperen eginez, senarrari esan zion:

-Ai ! Edozer gauza emango nuke haur bat izateagatik!

-Bai nik ere! -erantzun zion senarrak.

Hau esanez batera, deabrua azaldu zitzaien.

-Haur bat izango duzue -esan zien-, baina nik, horren truke, etxe honetako zerbait hartuko dut niretzat, ados al zaudete?

Senar-emazteek proposamena onartu egin zuten, deabruak haurra bera nahi zuela susmatu gabe.

Handik denboraldi batera haurra jaio zen eta gurasoak guztiz zoriontsu egin zituen hark. Eta hala, emandako hitza ahaztu zitzaien eta sekulako bataioa ospatzea erabaki zuten: ahaide, lagun eta bizilagun guztiak gonbidatuko zituzten. Hori zela eta, aurkitu zuten aharirik ederrena erosi zuten.

Han inguruan bazen gizon bat, lantegi ezagunik gabea eta ahal zuenari atzaparrak erantsiz bizi zena. Ahariarena jakin zuenean, hura lapurtzea erabaki zuen, gero salduta diru poltsa ederra irabaziko zuelako ustean. Etxeko guztiak oturuntzarako mahaiak lorategian prestatzen ari ziren bitartean, etxean sartu zen. Haurra sehaskan zegoen lo eta, haren ondoan, deabrua.

-E! Zu ez al zara gaizkina? -galdetu zuen gizonak.

-Bai, halaxe nauzu! -erantzun zion besteak- eta zu aharia lapurtzera datorrena zara! Lapurrak lapurrari, nolako eltzea halako tapa behar izaten da ! Ez al da?

Gizona ez zegoen ados-ados horrekin. Bizitzeko lapurtzea gauza bat da, baina deabru lardats izatea, oso bestelako gauza da hori! Hori pentsatzen zuen, baina ez zuen ezeresan.

-Eta zu... nolatan hemen? -galdetu zion deabrua han zergatik ote zegoen jakin nahiz.

-Ni... Lapurrak iapurrari zor dio azaltzea. Jaioberri hau eramatera etorri naiz. Haurrak hiru bider egingo du doministiku bataiatu aurretik, eta inork "doministikun" esaten ez badu, niretzat izango da!

Horretan, etxekoak itzuli egin ziren, deabrua ikusezin bihurtu zen eta lapurra ate baten atzean ezkutatu zen.

Handik pixka batera, haurrak doministiku egin zuen, baina inor ez zen ohartu. Berriro egin zuen eta lapurrak inork ez zuela ezer esa­ten ikusirik eta deabruak haurra eraman ez zezan, ozenki esan zuen:

-Doministikun! Aharia lapurtu ezingo badut ere...

Birao eta mehatxu artean, deabruak haize zurrunbilo handi bat sortuz aide egin zuen handik. Harrituta eta zer gertatzen zen ez zela­tela, etxekoak hitz egin zuenaren bila hasi ziren eta atearen atzean aurkitu zuten. Lapurrak gertatutakoaren berri eman zien eta eskerroneko guraso haiek bataiora gonbidatu ez ezik, aharia ere eman zioten oparitzat.

EUSKAL HERRIKO LEIENDAK. Toti martinez de Lezea
Comments