Elezaharrak‎ > ‎

Mandazaina eta sorginak

Nafarroako Sakanako mandazain bat Ataunera etortzen omen zen gatza saltzera. Etxerik etxe ibiltzen omen zen lanbide horretan.
Behin, Ataundik etxera zihoala, bidean berandutu eta basoan ilundu omen zitzaion. Ustez hobe beharrean, Berrenoako zelaian, beharbada Dantzaleku izeneko zabalean, gelditzea erabaki omen zuen.
Mandoa bazter batean lotu omen zuen eta zelaiko pago baten lepora igo zen. Hantxe jarri omen zen gaua igarotzeko, basoko piztien beldurrik ez baitzuen nonbait.
Han zegoela, gauerdi inguruan, lagun-talde baten hizketa hotsa aditu omen zuen eta Berrenoako lepora zetozela iruditu.
Berehala iritsi omen ziren sorginak, talde handian, eta dantzari ekin zioten iskanbila batean. Denboraren buruan, Maripetraliñ agertu omen zen, eta lagun bat hartu eta pago-ondo batean jarri omen zuen bere alboan. Hauxe esan zion:
- Ba al dakin erregeren alaba gaixo dagoela, hiltzeko zorian?
- Nik ez – erantzun omen zion besteak.
- Ez zekiten asko zergatik dagoen horrela.
- Zergatik bada?
- Aurreko igandean, neska hau elizan mezetan zegoela, besteei bezala ogi bedeinkatua eman ziotenean puska bat erori zitzaion, eta azpiko hilobi-harriaren ertzeko zulotik behera ezkutatu zen. Orain zapo batek zeukan eztarrian, ezin irentsirik. Zapo horri hori kendu eta holako iturritan garbitu eta gaixoari janarazten badiote, berehala sendatuko da.
Berehala oilarrak kukurruku jo omen zuen eta sorginek bat-batean alde egin.
Mandazainak ondo ikasi omen zuen sorginen esana eta, eguna argitzean, pagotik jaitsi, mandoa hartu eta bere herrira itzuli omen zen. Gero erregerengana joan zen.
Erregeri kontatu omen zion Berrenoan entzuna, eta erregek egin beharrekoak egin, eta alaba sendatu ere bai. Hala bada, mandazaina erabat aberastu omen zuen erregek.
Mandazain horrek ba omen zuen anaia bat ere, istorio hau entzutean mandazain hastea erabaki zuena. Ataundik etxera zetorren batean, Berrenoako zelaian gelditu omen zen, mandoa ezkutatuta eta pago gainera igota. Gauerdian hasi omen zen sorgin-bilera, Maripetraliñ ere azaldu zelarik:
- Ba al dakin erregeren alaba sendatu dela?
- Ez. Ea baten bat guri zelatan egoten den...
- Baliteke, gero. Begira ditzagun bazterrak badaezpada.
Berehala aurkitu omen zuten mandoa, baita mandazaina pago-gainean. Handik jaitsi eta bere mandoarekin sasiz sasi ibili omen zuten. Eskerrak oilarrak kukurruku jo zuela eta sorginek alde egin beharra izan zutela.
Eguna argitzean, mandazaina bere mandoarekin, elbarri eta errenka, lanbide horretan aritzeko gogorik gabe itzuli omen zen etxera.
Comments