Elezaharrak‎ > ‎

Mari Urrika eta Artzaina

Behin, «Aldrabasketa»ko artzain zaharrari, Anbotoko Mari Urrikak ilinti (ikatz) biztua eskaini eutsan. Artzain zahar hark, baina, emakume aparta hark eskaini eutsan bezuza (erregalua) inola ere ez zuen hartu nahi izan.

Orduan, Mari Urrikak, bezuza ez hartzearen zergatia jakin gurarik, artzain zaharrari hauxe itaun eutsan:
Ilinti polit hau, ¿zergatik ez duzu hartu nahi?
Ilinti polit hori? Bestelako gauza! —erantzun eutsan artzainak—. Hamaikatxo horrelako badago gure supazterrean... Ez, ilinti hori ez daroat inora...
Oker zaude, artzain: honelakorik ez dago zure etxean. Hartu eta eroan egizu, ba, eta zeure etxean ikusiko duzu ondo, hau den gauza ederra. Ilinti berezia da... Tira, eroan egizu...
Esanen-esanez eta ekinen-ekinez, halako batean, artzain zaharrak hartu zuen ilintia. Eta gure gizona, ilintia eskuratzeaz batera, mendian zehar eta basoan behera etxerantz abiatu zen. Etxeratu zenean, bere emazteari arnas-hoska esan eutsan:
Hona hemen Mari Urrika-k eginiko bezuza...
Hori bezuza! A lelotzarra! —esan eutsan irriz emazteak—. Ilintia da eta! Oraindino holakorik! Ezkaratzeko (sukalde) supazterrean hamaika holako badago...
Holakoa ez dela esan deust berak, baina... Gauza berezi bat dela eta, hartzeko eta hartzeko esanez, nahi eta nahi ez hartu arazi deust.
Mari Urrikaren maltzurkeriak... —erantzun eutsan emazteak.
Maltzurkeria edo zera... ez dakit nik zer izan daiteken ere —esan zuen arduraz gizonak—. Ea, ba, eutsi ilinti hau, eta zelakoa dan zeure eskuz eta begiz ikusi.
Eta beste barik, ilinti aparta hura, gizonaren esku gogorretatik emakumearen esku bigunetara igaro zen. Eta, zer izan zen orduan! Ilinti bakanak, emakumearen eskuetara eldu zenean, urre-diruak parrastaka jaurti zuen ezkaratzaren erdi-erdira. Halako dirutzarik!
Hura ikustean, emaztea, pozaren-pozez zoro bat eginda, «hau zoriona, hau zoriona!» esanez, arterik hartu ezinda, deiadarka eta zarataka hasi zen.
Ilinti miragarri hau dela eta, zoriontsu gara, gizon! —inoan pozarren—. Dena dirua eta dena urrea! Holako aberastasunik eta holako zorionik! Horain, baina, ene gizon, gure zoriona handiagotzeko, bihar goizean Anbotora joanda, Mari Urrikari honelako beste ilinti bat eskatu behar diozu... Orduantxe bai izango garela benetako aberats eta zoriontsu...!
¿Nahikoa zoriontsu ez gara, ba? —erantzun eutsan gizonak—. Lehenari begiratu ezkero, aberastasunik asko daukagu bai, arranotan! Zetako diru gehiago?
Ez, ez eta ez... Ez dugu nahikoa... —esan zuen andreak negarrez—. Oraindino askozaz aberatsagoak izan gaitezke eta... Zoaz bihar Anbotora; zoaz andrearen esana egitearren, eta Mari Urrikari ilinti bat eskatu egiozu. Eta berak ezer itauntzen badizu, emaztearen esana egitearren joan zarela esango diozu...
Gehiago barik, Aldrabasketa-ko artzaina, emaztearen esana egite arren, biharamun goizean Anbotora joan zen; eta bertako txuntxurrean Mari Urrikari beste ilinti bat eskatu eutsan.
Anbotoko andereari, artzainaren eskabideak barre eragin eutsan; eta andere bakan hark, irri-barreka eta txantxetan-benetan, artzain zaharrari hauxe esan eutsan:
Zer, artzain? Lehengo eguneko ilintia nekez baten hartu... eta orain zeu zatoz beste baten eske? Zer dela eta?
Entzun, ba, Mari: atzoko ilintia atsegin ere atsegin izan dudala eta, emazteak lehengoa lako beste baten bila bidali nau... Beraz, andrearen esana egite arren etorri naiz.
¿Eta andrearen esana egitearren etorri zara? A, gizon oiloa! —esan eutsan Mari Urrikak begirakune zorrotzez—. Andrearen esanak egiten badiharduzu, ez diharduzu txarto ere, zeure andrearen handigurakeriak galduko zaitu eta.
Eta Mari Urrikak, esanak esan eginda gero ere, artzain zaharrari ilinti handi bat eskuratu eutsan; eta artzaina, bestea lako ilintia izango zelakoan, mendian-behera ezti-bitsetan joan zen.
Bitartean, Mari Urrikak ahots itzalez hauxe abestu zuen:

Andrea etxean agintari,
gizona etorri mandatari;
izarrak goian ager orduko,
damutuko yako berari.

Aldrabasketako artzainak, ilinti hura ere, aurreragokoa lez, emaztearen eskuan ipini zuen, urre-diruak parrastaka irtengo zirelakotan.

Baina orduan jazo zen jazo zena! Ilintiak ukitzeaz batera, emakumearen eskuak zapoz eta sugez bete-bete egin ziren: ilintiaren barrutik irteniko zapo-suge iguingarriak ziren. Aldrabasketa basetxeko bazterrak ere, pizti beldurgarriz bete ziren.
Halako zoritxarra ikusita, senar-emazte gaixoak negar baten hasi ziren; eta beldur-ikaraz egin zituen hurrengo egunak ere.
Azkenez, erriko abadeari dei egitea erabaki zuen. Eta abadeak, etxeko bazterrak ur bedeinkatuaz bustita gero, pizti guztiak jaurti zituen.



Comments