Mapa

Ver Euskal Herriko mapa mitologikoa en un mapa más grande

ANBOTOKO MARIREN HAITZULOA 

Mari euskal mitologiako jainkosa nagusia da, Ama Lurraren irudikapen gizatiarra, izadiaren eta bertako elementu guztien nagusia.  Hainbat euskal mendi edota leizetan bizi da, baina bizitokirik garrantzitsuena Anbotoko leize bat da, "Mariren Koba" izenarekin ezagutzen dena, eta inguru hauetan Anbotoko Dama edo Anbotoko Señorie deitzen diote Mariri.
Anboto Bizkaiko mendirik altuenetakoa da (1.331m), eta Mariren koba ipar-ekialdean dago, leku malkartsu eta arriskutsuan.

SUPELEGOR HAITZULOA


Supelegor haitzuloa, Euskal Herriko leku magiko eta mitologiko garrantzitsuenetako bat da. Hainbat elezaharren iturburua da. Bertan bizi omen ziren Anbotoko Señorie, Jentilak, Lamiak eta beste zenbait pertsonaia mitologiko. Inguruko artzainentzat gune berezi eta misteriotsua, errespeta handia diote lezeari. Supelegorko haitzuloa Gorbeiako natura parkearen barruan eta Orozkoko udalerrian kokatuta dagoen haran kartstikoan dago. Itxinak 5 kilometro koadro du eta barruan hainbat troka, leize, zulo eta ur jauzi daude, dena pagoz josita. Itxinara sarrera ikusgarri bat Atxulaurko Begia da. Hau harkaitzez eratutako arku handi bat da.

BALTZOLA HAITZULOA


Baltzola Dimako auzo bat da. Bertan Bizkaiko paisaiarik zoragarrienetako bat dago.
Auzotik hurbil Baltzolako kobazuloak daude. Bi koba handi dira, baina haien barruan hainbat eta hainbat kobazulo txikiago daude. Elezaharren arabera bi kobazulo hauetan bizi zen Sugoi. Suge ar izugarri hau lurpean bizi zen eta Anbotoko Mariren senartzat zeukaten batzuk. Beste batzuetan, haitzuloa Mikelatsena zela esaten zuten, hain zuzen ere; kondairen arabera, Mikelats Mariren semeetako bat da. Lamien elezaharrak ere agertzen dira inguruetako kontakizunetan.
Jentilzubi izeneko zubi naturala ere Baltzolako kobazuloen inguruan dago.
ORHI MENDIA
Orhi mendia Nafarroa eta Zuberoa artean dago, Larrau mendi portutik hurbil. Euskal mitologiaren mendi sakratuetako bat da, inguruko herritarren ustez bertako haitzulo batean baitu Marik bere bizilekuetako bat, eta ondoan dagoen Iratiko basoa Basajaunen erreinuetako bat.

LEZAO HAITZULOA

Lezao haitzuloa Entzia mendi-zerran aurkitzen da, Agurain inguruko Egileor eta Alangua herrixketatik hurbil.
Bertakoek diotenez Lezaoko lezean Lamiak eta Sorginak bizi dira. Sorginak batzutan haitzuloan bizi dira, eta tarteka Arrizalako Sorginetxera joaten dira urrezko orraziekin orraztera. 
Honela dio elezaharrak:

Behin batean, artzain gazte bat bere artaldearekin zebilen Entzia inguruan. Atokolarri haitzaren azpian lo gelditu zen, eta esnatu zenean, neska gazte eder bat, ederretan ederrena, bere aurrean zuen. Lezaoko haitzuloaren azpian, errekak urmaela egiten zuen lekuan, urrezko orrazi batekin bere adats horia orrazten ari zen. Bere herriko nagusiei entzuna zien Amilamien edertasunaren berri, baina honek kontakizun guztiak gainditzen zituen.

Amilamiarekin liluratuta gelditu zen, eta hizketan egon ziren arratsalde osoa. Mutilak herritarrak jasaten zituzten gosealdi eta premia larriak kontatu zizkion. Ilundu aurretik artalde bildu eta herrira jeitxi zen.

Handik aurrera egunero igotzen zen, eta orduak pasatzen zituzten solasaldi atseginean. Herrian kontatu zuen, baina ez zioten sinesten, eta jendeak adarra jo besterik ez zion egiten, asmakizula zela esaten zioten.

Behin Amilamiari kontatu zion herritarrak iseka egiten ziotela, eta honek, errukituta, haitzulora sartu eta galbahe bat ekarri zion. Honela esan zion:

- Har ezazu galbahe hau, eragiten duzun bakoitzan irina emango dizu. Horrela ez dizun inork gehiago iseka egingo eta ez duzu inoiz goserik pasako berriro.

Bere etxera joan zen, familiari erakutsi zion Amilamiak oparitutakoa eta irina ematen zuela ikusirik harrituta gelditu ziren. Familia guztiarekin Aguraineara joan zen, okindegi bat jarri zuen eta urte askotan zoriontsi izan zen.

Hil zenean, galbahearen bila joan ziren baina inork ez zuen aurkitu. Lezaoko haitzuloan omen dago Amilamiaren urrezko orraziarekin batera.

HARPEKO SAINDUA HAITZULOA

Bidarrai ondoan dagoen haitzulo ikusgarri hau herri sinismenean oso ezaguna da. Honela dio elezaharrak:

Artzain neska bat galdu zen Euzkei mendian, eta handik egunetara, burua bakarrik aurkitu omen zuten.

Geroztik, urteetan zehar, ahotsak entzuten omen ziren inguruetan. ‘Ago! Ago!’ esaten omen zuen norbaitek Euzkei mendi aldetik.

Behin, gauerdian, argi bat ikusi omen zuten Zelharburuko harpean sartzen. Beste batzuk, hamabi argi sartu zirela esaten zuten.

Inguruko baserritarrak harpera joan omen ziren orduan, eta han ikusi omen zuten sainduaren estatua.

Ordutik Harpeko Sainduaren lezean ez da entzun ahotsik.


ZUGARRAMURDIKO LEZEA

Esan daiteke Euskal herriko leku magikoenetakoa dela Zugarramurdiko lezea. Nafarroako ifarraldean dugun katedral natural ikusgarri hau, Sorginek eta Akerrek ospatzen zituzten akelarreen egoitza nagusia zen. Akelarre hitza ere lezearen ondoan dagoen barruti baten izenetik dator. Lamien inguruko elezaharrak ere kokatzen dira leze honetan.

SAN PEDRO (ELKANO) ERMITA

Jentilak kristautasunaren aurretik lurralde hauetan bizi ziren pertsona fedegabeak omen ziren. Gizaseme indartsuak ziren, eta harritzar izugarriak jaurtitzen zituzten aran batetik bestera, edota herritarrentzat eleiza eta ermitak eraikitzen zituzten.
Elezaharrak dioenez Getariako San Pedro ermita Jentilek eraikitakoa da. Gau batean hiru Jentilen artean egina omen da Elkano auzoan dugun ermita hau. Leku paregabean hain zuzen ere, zelaiez inguratua eta itsasoa begibistan dugula.
Gorosabelek bere ‘Diccionario Geográfico-Histórico’ lanean dio 1025 urtean donazio modura aipatua agertzen dela, eta bere sarrerako ate gotikoa, XIV. mendekoa, omen da. Esan dezakegu beraz, aspaldikoa dela eraikuntza hau.

JENTILARRI

Monumentu megalitiko honetan lurperatu ziren Jentilak, Kristautasunaren etorrerarekin bere askaziaren amaiera ikusi zutenean; esan genezake beraz, Euskal Herriko mitologian leku esanguratsua dela. Honela dio elezaharrak:

Behin batean, Jentilek, Aralarko muino batean jolasean ari zirela, laino argitsu bat ikusi omen zuten hurbiltzen ekialdetik. Izututa, jakintsu nagusi batengana jo omen zuten. Jakintsuak, laino distiratsua  ikusi zuenean,  honela esan zuen: “Kixmi jaio da, gure askaziak berea egin du, bota nazazue amildegitik behera”. Jentilek jaurti zuten agurea, eta, lainoa atzetik zutela, korrika abiatu ziren mendebalderantz. Arraztarango aranera iritsi zirenean, harri zabal handi baten azpian sartu omen ziren ezkutatzeko asmotan. Geroztik, harlauza handi horri Jentillarri deitzen zaio, eta herri sinesmenak dio azken Jentilak bertan hilobiratuak daudela.

Jentillarri hori, benetan, trikuharri bat da; Aralarren dauden historiaurreko monumentuetatk ikusgarrienetakoa. Arraztarango arantxoa Aralarko mendebaldean dago, Ataun aldera.

SORGINETXE TRIKUHARRIA

Agurain  ondoko Arrizala herrixkan (Arabako lautadan) dago trikuharri ikusgarri eta magiko hau. Herri sinismenaren arabera, bertan egoten ziren sorgiñak urrezko orraziz bere adatsa orrazten.

MARIZULO HAITZULOA

Elezaharrak dionez Marik zazpi urte Anboton bi ondoren Txindokiko Marizulo haitzulora joaten zen bizitzera, beste zazpi urtez. Txindokiren tontorra laino txapelak estaltzen zuenean Amezketarrak bazekiten Mari iritxi zela eta labea piztu zuela.
Marizulo, Amezketa aldera ematen duen Txindokiren goi malkarretan dago, ohiko ibilbideetatik kanpo.

SARAKO LEZEA

Iparraldeko Sara herian aurkitzen den leze hau Mariren, Jentilen nahiz Lamien inguruko hainbat elezaharren iturburu da. Geologia aldetik ikusgarria da, edonor txundituta uzteko modukoa, eta historiaurreko euskaldunen bizitoki ere izan zen. Gaur egun, turismoari begira prestatutako gunea dugu.

OKINAKO OSINA

Arabako Okina herrian dagoen osin hau euskal mitologiaren izaera lurtarraren adierazgarri da. Herri sinesmenak dionez, Marik leze hortatik jaurtitzen ditu hainbat fenomeno meteorologiko. Honela dio elezaharrak:

Sarritan laino txuri bat sortzen da leizetik, eguzki errainuek ukitzerakoan suntsitzen dena. Eta ekaitz hodeiak ere, udan zehar erauntsirik bortitzenak eta harri jasarik beldurgarrienak botatzen dituzten horiek ere, leize horretatik jaurtiak dira.

Zezen, ahari edota ardi irudia duten zenbait pertsonaia mitologikoren bizilekua ere bada osin magiko hau.

PUTTERRI MENDIA

Putterri mendia Putterriko Damaren bizilekua da; euskal mitologiaren dama eta erregina nagusiaren beste kokagune bat. Aralarko hego-mendebaldean (Lizarrusti mendi-portutik hurbil)  irmo agertzen zaigun mendi mitologiko honetan, sorginak nahiz  txahalgorri, zaldi, eta ahari itxurako pertsonaia mitologikoren elezaharrak ere agertzen zaizkigu. Kareharrizko harkaitzek sortzen dituzten formak izaki magikoeetan pentsatzeko modua egiten dute

MURUMENDI

Murumendi Goierri bailarako (Gipuzkoa) mendia da, Beasaingo eta Itsasondoko udalerrien lurretan kokatua. Mari jainkosaren beste bizilekuetako bat da, baina Jentilak eta Lamiak ere zenbaitetan ibili izan dira inguruetatik, elezaharrak diotenez. Honela dio elezaharrak:

Murumendiko dama Beasain udalerriko baserri batekoa omen zen. Hamar seme izan omen zituen. Ez zen oso elizkoia ez eta haren inguruko gaien zalea ere. Beti gaixo zegoelako aitzakiarekin behin ere ez zen mezatara joaten.

Bere azken haurra izan ondoren, senarrak jada gehiago elizara ez joatea ez ziola gehiago onartuko berretsi zion. Honela bada, bere gurdira igoarazi eta indarrean mugiarazi zuen.

Baina, justu elizako sarrera zapaldu behar zuen unean, su eta garren artean denen bistatik desagertu zen.

Ordudanik noizbehinka mendi batetik bestera igarotzen ari dela ikus daiteke. Bere bizileku nagusia Murumendi mendia delarik.

Murumendin Burdin Aroko kastro edo herrixka baten aztarnak aurkitu dituzte.

JENTILEIHO

Nafarroako Urdianen, SARABE edo JENTILEN SUKALDEA izeneko gaztelua aurkitzen dugu (Aiztondo edo Laieneko haitzaren mendebaldean), eta bertan dagoen sakonera bati Jentilsukalde deitzen diote. Laieneko haitz honen mendebaldeko muturrean dago Jentileio izeneko zulo edo harkaitzezko leiho naturala.  Jentilei buruzko aipamenak eta elezaharrak ugariak dira hemen. Herri sinesmenak dionez, azken Jentila hemen bizi izan zen; eta Jentileiho, Jentilgela eta jentil sukalde jeinu indartsu hauek egindakoak dira. Ondoan dagoen Aitziberko baseliza ere beraiek eraikia omen da.

SALTARRI

Saltarri Aralarreko alde gipuzkoarrean dagoen etzandako zutarri bat da, 3 metrotik gorako luzera duena. Alotza izeneko larrean dago. Garai batean, artzainek, euren artean, zutarri hau nork jauzi egiten zuen apostua egiten zuten. Jauzia, luzeran izan behar zen. Eta artzainek, bi hankak elkartuta zituztela jauzi egin behar zuten. Hortik datorkio zutarri honi, duen izena.
Elezaharrak dionez Jentilek Murumenditik jaurti zuten, menhirra izan daitekeen harritzar hau.

HERPEA HAITZULOA

Inora ez daraman leku isolatu batean, bi Nafarroak elkar ukitzen duten bazter galdu eta isolatu batean. kokatua dago kobazulo misteriotsu hau. Aldi berean triangelu ikusgarri eta tolesdura arrokatsu den natur mirari honen eta bere ingurune ederraren aurrean, ahotsik gabe geratuko zarete.
Elezaharrak dioenez, udako arratsalde beroetan Lamiak kobaren sarrerara irteten ziren, eta haitzaren gainean eseriz, eguzkiaren azken errainuen artean distira itsugarria sortzen zuen urrezko orraziaz beren ilaia luzea orrazteari ekiten zioten.

AZALEGI HAITZULOA

Nafarroa Behereako Mendibe herritik Zuberoara goazela, Ahüski iturri ospetsutik gertu eta ezkutuan topatuko dugu Azalegiko haitzuloa.
Elezaharrak dionez, zazpi buruko Herensugea bizi zen hemen, eta bere hatsaz erakartzen zituen abereak haitzulora, zirti-zarta batean irensteko.
Altzaiko (Zuberoa) gaztelujo jaunaren semeak herensugeari aurre egitera joan zen, zezen larrua fosforoz eta polboraz beteta zuela. Herensugeak zezena zela pentsatuta jan zuen, eta sua zeriola hegan atera zen itsaso aldera, bidean Arbaia basoko pagoen goi adarrak erretzen zituelarik. Altzaiko jaunaren semea, herensugea bere atzetik zihoalkoan, estu eta larri ihesean bere etxera. Ahituta etxeko atea igaro zuenean, hitzik egin gabe zerraldo gelditu zen betirako.

XALBATORE ERMITA

Irati ohianaren eta Mondarrain mendiaren ondoa dago. Xalbatore edo Salbatore kapera Mendibeko baseliza da, Lekunberriko lurrekin mugan. Done Jakue bidean kokaturikoa, baseliza erromanikoa da. Baselizatik gertu eraikin karratua dago, zur polikromatuzko antzinako estatua zuen horma-hobia. Estatua beso bat altxatua eta bestean aitzurra zuen neska batena zen. Bertokoek Xaindia izena ematen zuten, kondaira baten heroia zena. Aipatutako erremintaren bila atera zen eta deabruek harrapatu eta airez eraman zuten. Baselizaren gainean pasatzean, otoitz egin eta deabruek lurrean utzi zuten.
Baselizaren barruan kondairekin loturiko beste objektuak bazeuden:
  • San Migel eta herensugea irudikatzen zituen estatua, eskualde menditsu horretan oso ezaguna zen kondaira.
  • Basajaunena izandako burdinezko argimutila, lehen urrezkoa omen zena. Artzain ausarti batek objektua lapurtzea lortu zuen baina Basajaunak konturatu eta artzainari zakuak botatzeari ekin zion. Artzainak baselizan sartu eta bizitza salbatu zuen, Basajaun jentilak eraikin erlijiosoetan ezin zuelako sartu. Euskal Herrian badaude hainbat kondaira munstro eta pertsonen arteko gatazkak azaltzen dituztenak, non pertsonek bere bizitza mantentzen dute elizetan sartzean. Beste kondairak dio espainiarrek baseliza erre zutela eta urrezko argimutila burdinezko bilakatu zela. Besteak mugiezina zela, izan ere, behin Mendibera eramatea saiatu baziren ere, ezin izan zuten Haritzkurutze lepoa zeharkatu.
JENTILKOBA
Jentilkoba Arabako Egino herrian dago, Laleze haitzuloatik hurbil. Bertan historiaurreko nahiz historia garaiko azterna ugari aurkitzu dira; aspalditik gizakiaren babesleku izan da beraz. Jentilak euskal antzinako askazia izaki, pertsona fedegabeak hain zuzen ere, ez da harritzekoa haitzulo honen izaera mitikoa.
Egino herriko gizaseme bat mendira joan zen beste askotan bezala, baina zoritxarrez Jentilak topatu zituen eta bereraien bizilekua zen Jentilkobara eraman zuten. Bertan, Jentil amon bat zegoen eta gizona ikustean esan zuen:
- Gibeltxo freskoak nahi ditut! Gibeltxo freskoak nahi ditut!
Eginoko gizona egoera larriaz ohartuta, ihaes egiteko asmoz, tripak nahastuta zeuzkala eta beharrak egitera kanpora ateratzen uzteko eskatu zien. Jentilak gizonaren asmoak antzeman zituztenez, soka batekin hanka lotu zioten eta harkaitz baten atzera joateko esan zionten.
Denbora gehiegi zeramala eta, zertan ari zen galdetu zioten, eta gizonak ez zuela amitu erantzun zuen. Ondoren soka adar bati lotu zion, eta jentilek sokari ten egitean bertan jarraitzen zuela pentsatu zuten. Gizonak mendian gora ihaes egin zuen, baina Jentilak konturatu zirenean, erabat oldarturik, txakur piztiak lagun zituztela gizonaren atzetik abiatu ziren. Baina, maldan gora zihoazela, une batean txakurrak eremu baten inguruan biraka hasi ziren, eta aztarna galdua izango zutela pentsatu zuten. Gizona alde eginda, urrun izango zela pentsatu zuten, eta haitzulora itzuli ziren.
Eginoko gizasemea ordea, haritz batera igota zegoen, eta horrelaxe jentilen atzaparretatik ihes egitea lortu zuen.

MAIRULEGORRETA

Mairuelegorreta edo Mairulegorreta Arabako Zigoitiako udalerrian dagoen haitzulo da. Kobazuloa Gorbeia mendilerroan dago, izen bereko parke naturalean, Muruako herritik gertu. 13 kilometro baino gehiago arakatu dituzte kobazuloen barruan. Haitzuloaren gela nagusia katedral naturala da, tamaina izugarrikoa. 
Mairuelegorretan Mairuak bizi omen ziren, bai eta Basajauna eta Lamiak ere. Beste koba batzuetan bezala, Mairuelegorretan ere altxor bat ehortzita omen dago.
    Elezaharrak dionez, Basajauna Mairulegorretan bizi zen. Ondoko herrixka bateko neska bat omen zebilen lezearen inguruan garoa ebakitzen, eta izugarrizko irrintzi bat entzun zuen. Neskatxak erantzun egin zion, eta berehala, Basajauna agertu zen. Neska bahitu eta haitzulora eraman zuen. Gehiago ez da jakin ezer neskatxa honen inguruan.

Frankismoan zehar ospetsuak izan ziren bertan egiten ziren jaialdiak. Lehen jaialdia 1963an egin zen eta 2.000 pertsona baino gehiago izan ziren. Jaialdi hauek euskara eta euskal kultura aldarrikatzea zuten helburu. Azken urteotan, Zigoitian euskaraz izeneko taldeak berreskuratu ditu jaialdiok.

ITURRANDUZKO PRESA

Erromatar garaiko (k.o. I) presa hau Mendigorria eta Ziraukin herrien artean, Nafarroan, aurkitzen da. Andelos erromatar hiribilduaren ondoan dago, eta inguruetako herritarrak Puente del Diablo (Etsairen Zubia) deitzen diote. Elezaharrak dionez Etsaik eraikitakoa da:
Mendigorriako biztanleak urik gabe aurkitzen ziren garai batean Etsaikin hitzarmen bat egin zuten.  Presa eraikitzearen truke Etsaik berak aukeratzen zuen neskatxaren arima eskatu zuen.  Eraikuntzaren azken harria jartzera zihoala, neskatxak abemaria bat errezatu zuen. Etsaik izututa alde egin zuen, eta horrela presa amitu gabe gelditu zen, baina neskatxa salbatu egin zen.

OGOÑO MENDIA

Ogoño Lagako ondartza eta Elantxobe herriaren artean dagoen mendi ikusgarri bat da, Kantauri itsaoaren ikuspegi paregabe dago bertatik.  Itsasora ematen duten labarretan Lexia izeneko haitzuloa eman dago, eta bertan bizi dira Lamiak (Elantxoben Lamiñaku deritzote). Honela dio elezaharrah:

Behin batean, Lamia bat Elantxobeko etxe batean sartu zen, eta umetxo bat seaskan bakarrik ikustean kulunka egite jandun zuen.
Gurasoak etorri zirenean, zertan ari zen galdetu zioten. Lamiak nor zen bera, galdetu zion gizonari. ‘Ni neu’ erantzun zion umetxoaren aitak, eta segidan izugarrizko makilkadak eman zizkin Lamiari. Etxetik ihesean gainontzeko Lamiei deitu zien, eta hauek, horrelako jipoia nork eman zion galdetu zioten. ‘Ni neuk’ erantzun zuen Lamia gaixoak. Hau entzutean, ‘hik egin badun, heu konpondu’ erantzun zioten eta joan egin ziren.

ABAUNTZAKO LAMINZULO

Arraitz (Ultzama, Nafarroa) herritik kilomtro baera dagoen Arizarte parajean aurkitzen da lezea. Goi-Paleolitotik Kalkolitora arte okupaturik egon den eta Erromako Inperioaren garaian babes modura erabili den aztarnategi garrantzitsua dugu.
Eskualdean Abauntzako Lamizulo izenarekin ezagutzen da, hots, lamien kobazulo bezala, Pilar Utrillak eta Resurreccion Maria de Azkuek jasotako tradizioak dioenez, kobazuloan bizi ziren lamiak inguruko artzainei esnea eskatzen omen zieten.

Egun batean, Sunbillenea etxeko artzain batek adarra jo nahi izan zien eta esnea behien gorotzarekin nahasi zuen. Lamiak trikimailuaz konturatu zirenean artzainaren atzetik ibili ziren herriaren sarreraraino, baina orduan elizako ezkilak hamabiak jotzen hasi ziren eta lamiek ihes egin behar izan zuten kobazulo aldera, baina ihes egin baino lehen artzaina madarikatu zuten bere etxean besamotz edo mainguren bat beti izango zela aginduz.

TARTALOETXE SAADAR

Tartalo edo Tortoren mitoa ezaguna de Euskal Herriko hainbat lekutan. Saadar mendiaren gailurreko zelaian (Zegaman) bada Tartaloetxeeta izeneko leku bat, zortzi megalitok osatzen duten Altzania gunean. Herri sinismenak bigi bakarreko zikoopearen etxea dela dio trikuharri hau (15 m-ko diametroko eta 1,20 m-ko altuerako tumulua da).

Elezaharrak dionez han gertatu zen  Antimuñoko semeen zoritxarra.

    Tartaloen erregeak alaba bat zeukan; eta honek adiskide bat egin zuen. Aitak alabari esan zion, hiru gauzetan bera baino indartsuagoa izango zen suhi bat nahi zuela. Alabak erantzun zion bere adiskidea gai zela eta hiru lanak izendatzeko.

Lehenengo gauza zen, ea nork atera errotik pago bat eskuz. Erregeak hartu zuen gerritik pago lodi bat eta osorik atera zuen, Izarra baserriko pagaditik. Suhiak lokarri bat hartu zuen eta berarekin pagadi osoa inguratu zuen. Erregeak hori ikustean horrelakorik ez egiteko eskatu zion, bestela, egurrik gabe eta ardientzat babesik gabe geldituko zirelako.

Bigarren gauza, palanka nork urrutirago bota izan zen. Erregeak oso urrun bota zuen eta ondoren suhiak Salamancaraino botako zuela iragarri zuen. Erregeak horrelakorik ez egiteko esan zion, bere ahaide guztiak hiri horretan bizi zirelako.

Hirugarren gauza, harri bat nork urrutirago bota izan zen. Erregeak oso urrun bota zuen; suhiak, berriz, eskuan gorderik zuen xoxo bat hartu eta askatu egin zuen. Xoxoak Arakama baserri aldera jo zuen eta ezkutatu egin zen. Orduan erregeak adiskidearekin ezkontzeko baimena eman zion bere alabari.

BARGOTAKO

Bargota Nafarroako mendebaldean dagoen udalerria da, Lizarrerrian eta Erriberan kokatutakoa.
Bargotako aztia edo Bargotako sorgina kondairaren arabera XVI. mendean Nafarroako Bargota udalerrian bizi zen Johanes izenezko gizon bat zen, aztia izateko ospea zuen.
Bere inguruko kontakizun eta pasarte ugari aipatu ohi dira: deabruarekin adiskidetasuna zuela, zeruan zehar laino baten gainean bere neskamearekin batera hegan egiten zuela eta Madrilgo zezen plaza gainean agertzen zela, une berean bi leku ezberdinetan ikusi zutela, ekaitzak eragiten zituela,Iruñeko ostatu batean behin baino gehiagotan bere burua kendu eta berrezartzen zuela, akelarretara joaten zela...
Inguru haietan bere ekintza eta lapurretak burutu ohi zituen Juan Lobo deituriko bidelapur baten laguna ere ba omen zen.
Dirudienez familia dirudun batekoa omen zen. Lanbidez Bargotako apaiza zen eta ikasketadun gizona zen, baina sorginkeria eta magia beltzaren inguruko zaletasuna edo joera ere bazuen, hori dela eta, gai horiei buruzko liburu ugari irakurtzen zituen.