Jeinuak‎ > ‎

AKERBELTZ

 
AKERBELTZ edo AKER

Gutxienez, Euskal Herriko 15 lekutan agertzen da jeinu hau. Oso ezaguna da, beraz; baina ezagunena Nafarroako Zugarramurdin aipatzen dena da.

Aker beltz baten itxurako jeinua da hau. Etxe-abereen zaindari eta sorgin nahiz aztien buruzagi azaltzen da. Ezaugarri onuragarriekin agertzen zaigu batzuetan, eta beste zenbaitetan bere alde iluna erakusten digu. Alde ona erakusten duenean Mariren antzeko dohainekin agertzen zaigu, eta zenbait jeinuren nagusia edo buruzagia da. Ahalmen horiez gain, eragin ona du bere babesera utzitako animaliengan, eta abere horiek sendatzeko gaitasuna ere badu. Horregatik, aker bat (beltza izan behar du, nahitaez) hazteko ohitura dago zenbait baserritan, etxe-abereak babestuko baititu abere horrek.

Badirudi jeinu honenganako sinesmena aspalditik datorrela Euskal Herrian, kristautasunaren aurretik, hain zuzen ere. Kristo ondorengo III. mendean Akitanian aurkitutako erromatar inskripzioetan agertzen zaigu jada Aherbelste izena. Hizkuntzalariek diotenez, ‘akerbeltz‘ esanahia izan dezake, eta garai hartan gurtzen zen jainko bat izan zitekeen, abere guztien zaindaria eta nagusia, hain zuzen ere. Dena den, Koldo Mitxelena hizkuntzalari jakintsuak zioenez, euskararen fonologia arauei begiratuz, nekez 'h' hasperena bilaka zitekeen 'k' batean, eta jatorri hau zalantzan jartzen zuen.

Sorginen eta aztien batzarrak zuzentzen dituenean, Aker nahiz Akerbeltz deitu, bere alde ilunarekin azaltzen zaigu. Batzar horiek akelarreak deitzen dira. Mundu guztian zabaldua dagoen euskal hitz honen jatorria Zugarramurdi herriko haitzulo sarreran dagoen zelaitxo batean dago. Zelai hau akelarre deitzen da, ‘akerrak bazkatzen duten larrea’, hain zuzen ere, eta, bertan, sorginek eta aztiek Aker buru zutela egiten omen zituzten batzarrak. Bilkura haietan, Aker gurtzen zuten astelehen, asteazken eta ostiraletan, eta haren esanetara jartzen ziren. Jeinu honek kristau erlijioaren aurkako jarrera zuen, eta bere jarraitzaileei hori erakusten zien. Kristautasuna gizartean txertatzen ari zen, eta, horren kontra, naturarekin eta izadiarekin batutako sinesmen zaharrak gorde nahi zituztenak elkartzen ziren akelarrean. Azken batean, badirudi kristau erlijioaren eta garaiko gizarte antolaketaren aurkako (XVI-XVII) mugimendua zela.
 
Elezaharrek diotenez, batzar haietan Akerbeltz edo Aker adoratzen zuten kristau-mezaren parodia eginez. Bertan, ogia, arrautzak eta dirua eskaintzen zioten. Jeinuak bere jarraitzaileei predikuak igorri ondoren, giza haragia jaten omen zuten mahai baten inguruan. Jan-edanaren ondoren, txistuaren doinua lagun, Akerbeltzek dantzan jarduten zuen sorginekin. Eta gehiegizko edanaren ostean, partaide guztien artean sexu harremanak edukita amaitzen zuten akelarrea, orgia batean. Akelarrea amaitzean, sorgin eta azti guztiak Akerren esanak betetzera joaten ziren beren bizitokietara.