BESTE IZEN BATZUK: DEABRU, GAIZKIÑ, TXERREN, TASURI, KINKILIMARRO, ADDAR, IRUADARREKO … Izen ezberdin anitz hartzen dituen jeinu hau Euskal Herriko leku ugaritan agertzen da. Infernuko etsaia dugu Etsai, jeinu gaiztoa eta erlijioaren arerio. Gizakiei kalte egitea du helburu, edota gaizto joka dezaten eragitea. Dena den, ez da garai ezina, eta, hainbat trikimailu erabiliz, libra gaitezke bere boteretik. Zenbait kontakizunetan ematen zaigun irudia nahikoa irrigarria edo burlazkoa da. Itxura ugaritan agertzen zaigu: askotan dragoi baten antza du, baita gizaki itxura ere, eta zenbait animaliarena ere hartzen du.
![]() Ordizian kontatzen denez, Atarrabi Marimundukoren seme ona zen. Koba zulo bat zen Etsairen eskolan egin zituen bere ikasketak, bere anaia gaztearekin batera. Ikasturtea amaitzean ikasleetako bat Etsairen zerbitzuan gelditu beharra zeukan betiko, eta zozketa egin zute. Anaia gazteari suertatu zitzaion gelditzea eta oso atsekabetuta gelditu zen. Horrela ikustean anaia, Atarrabik Etsaikin bera gelditzea erabaki zuen. Egunak joan eta etorri, Etsaik irina galbahetzera derrigortzen zuen Atarrabi. Lanean bere lekuan zegoela ziurtatzeko, behin eta berriro galdetzen zion: Atarrabi non haiz? Eta behin eta berriro efrantzun behar izaten zion: Hemen nago! Atarrabik galbaheari 'hemen nago!' erantzuten erakutsi zion, eta halako batean ihes egitera ausartu zen. Galbaheak Etsairi erantzuten zion biartean irteerara hurbildu zen, baina azken unean konturatu egin zen nagusia eta Atarrabi haitzulotik irtetzen zen unean Etsaik bere itzala harrapatzea lortu zuen. Atarrabi apaiza egin zen. Itzala Etsaik ostu zion eta itzalik gabe bizi beharra zeukan. Mezerdi garaian bakarrik berreskuratzen zuen. Itzalik gabe salbaziorik ezin zuenez lortu mezerdian hiltzea zen bere aukera bakarra. Nagusitu zenean, sakristauari eskatu zion mezerdian hil zezan. Sakristauak bere nahia beteko zuela agindu zion, baina lehen egunean ez zuen adorerik eduki, bigarrenean ere ez, baina hrugarrenean lortu zuen Atarrabi, bere itzal eta guzti hiltzea. Atarrabik esanda zeukan sakristauari bere gorpua eleiz ondoan zegoen arkaitz baten gainean uzteko, eta behatzeko zein hegaztik eramaten zuten. Uso talde batek bazeraman, salbatua zen seinale izango zen. Putreak eramaten bazuten inpernura bidean izango zen. Atarrabiren gorpua usoek eraman zuten. |
Jeinuak >