Jeinuak‎ > ‎

GALTXAGORRI

BESTE IZEN BATZUK: MAMUR, MAMARRO, PRAKAGORRI, GAIZKIÑAK, MOZORRO, BESTEMUTILLAK, FARMERIJALEAK, ENEMIGUILLOS, XIMELGORRI ... 

Leku askotan aipatzen da. Nafarroako lurraldean, Lesakan eta Leitzan;Bizkai aldean, Gernikan, Orozkon, Ziortzan eta Bedian; Araban, Abezian eta Añesen; Gipuzkoan, Albizturren eta Zarautzen. Behe Nafarroan eta Lapurdin ere agertzen da.

Galtza gorriz jantzitako gizontxo txiki-txikiak dira galtxagorriak. Bizkorrak, biziak, onak eta jostalariak dira jeinu laguntzaile hauek. Jabeak orratzontzi edo kutxatxo batean izaten ditu, eta bere esanetara daude edozein lanetan laguntzeko, lan hori sinesgaitza izanda ere. Bizileku duten orratzontzia irekitzean, nagusiaren buru inguruan biraka hasten dira zer egitea nahi duen etengabe galdezka. Jabeak agindutako lanak egiten egoten dira gauez, eta, etxekoen pozerako, hurrengo goizerako amaituta izaten dituzte lanak. San Joan bezperako gauean, sasi baten gainean, orratzontzia edo bestelako ontzi bat utziz gero, Galtxagorriak bertara etortzen dira, eta haien jabe egiten zara.

Igarleek, aztiek edo petrikiloek sinesgaitza den zerbait egiten dutenean, esan ohi da Galtxagorrien laguntza izan dutela.
Bizkaiko Kortezubi herrian kontatzen denez, gizon batek Galtxagorri batzuk erosi omen zituen behar batzuk egiteko. Orratzontzia ireki eta lan bat agindu zien, eta haiek berehala egin zuten. Gero beste lan bat egiteko esan zien, eta baita egin ere hauek. Hirugarren eskakizuna bete ondoren, Galtxagorriak zer egin behar zuten galdetu zioten nagusiari. Nagusiak, orduan, gizontxo txikiekin nazkatuta, galbahe batean ura ekartzeko agindu zien. Lan hau ezin izan zutenez burutu, erretiratu egin omen ziren.
Zarautzen, Galtxagorrien jabe zen baserritar batek idi-proba batean hartu omen zuen parte. Bere lehiakideen idiek harria aiseago zeramatela ikustean, atera Galtzagorriak eta laguntza eskatu zien. Horrela, haren idiek aurreratu egin zituzten aurkariak, eta irabazi egin zuen apustua baserritarrak.