Jeinuak‎ > ‎

MARI



BADITU BESTE IZEN BATZUK ERE. Nafarroako eskualdean, MARIBURUTE, Udaben, eta MARIMUR, Leitzan; Bizkaian, MARIURRAKA, MARUBURRIKA, Garain eta Berrizen; Gipuzkoan, ANBOTOKO DAMA, Zarautzen, MURUKO DAMEA, Ataunen, eta AKETEGIKO SORGINA, Zegaman; Zuberoan, Santa-Grazi aldean, BIDEKO EMAZTE XURIA deitzen diote, Nafarroa Beheran, Bidarrainen, ARPEKO SAINDUA, eta Oiartzunen MAIA.

Euskal mitologiako jeinu garrantzitsuena da Mari, beste jeinu guztien buruzagia edo nagusia. Lurraren pertsonifikazio andrazko honek, jaungoiko zerutiarrak iritsi aurretiko herri matriarkalek gurtzen zuten mito lurtarren zantzuak ditu. Naturaren eta beronen osagai guztien erregina da. Argi dagoela ematen du pertsonaia hau kristautasuna gure herrira iritsi aurrekoa dela, eta aspaldiko euskaldunentzat jainkosa maila izango zuela. Mariren ezaugarriak kontuan izanda, badirudi Europako mitologia zaharreko jainkosa batzuekin izan dezakeela zerikusia; besteak beste, greziarren Persefone-rekin, erromatarren Proserpina-rekin, edota eslaviarren Mati Zemilia ‘ama lurra’rekin.

Izen ugari hartu izan ditu, baina zaharrena Mari dela ematen du, eta, askotan, agertzen den lekuaren izena eramaten du alboan: Txindokiko Mari, Anbotoko Mari, Mari Muruko… Ez dirudi Maria kristau deituraren laburdura denik bere izena; aldiz, ematen du euskal mitologiako beste pertsonaia zahar batzuekin, Mairirekin, Maiderekin eta Maindirekin duela zerikusia.

Justiziaren jainkosa dugu Mari, zintzotasunaren defendatzaile eta injustizien aurrean zorrotz jokatzen duena. Jeinu honek gezurra, lapurreta, emandako hitza ez betetzea, pertsonenganako errespetu eza eta harrokeria arbuiatzen ditu; aldiz, besteenganako laguntasuna saritzen du. Harengan sinesten dutenei laguntza eta opariak ematen dizkie; aldiz, sinesten ez dutenak zigortu egiten ditu. Lapurrei lapurtu dutena kentzen die; eta harrokeria erabili duenari, zertaz harrotu den, hura kentzen dio.

Naturaren indarra irudikatzen du, eta, bere botere ahaltsuarekin, naturako indarren arteko oreka mantentzen du. Naturaren erregina da, eta, Mari hurbil denean, ekaitza etortzen da. Leku askotan joaten ziren Marirengana kazkabarra uxatzeko eskatzera. Horretarako, haren haitzulo sarreran, meza ospatzen omen zuen herriko apaizak. Horrek adierazten digu, herriak kristautasuna bereganatu ondoren ere, ez zela desagertu Marirenganako sinesmena.

Askotan, dotore jantzitako emakume eder baten itxuran agertzen zaigu. Durangon, eskuetan urrezko jauregi bat duela; Amezketan, lau zaldik daramaten gurdi baten gainean zerua zeharkatzen ikusi izan dute; Oñatin, ahari baten gainean. Animalia itxuran, suzko igitai itxuran, haize bolada itxuran edo hodei nahiz ostadar itxuran ere azaltzen da zenbait lekutako elezaharretan. Bere haitzulo sarreran, ondoan ahari bat duela ere agertzen da, hori baita bere animalia kuttuna. Anbotoko kobazulo aurrean, ahariaren adarrean urrezko hari mataza bat biltze n ere ikusi izan dute.

Mari, pertsonaia mitologiko lurtarra den heinean, lur azpian bizi da, eta haitzuloetatik nahiz osinetatik kanporatzen da. Leku askotan ikusi izan da, baina zulo entzunenak hauek dira: Balzola, Diman; Supelaur, Orozkon eta Anboton; Atxorrotx, Eskoriatzan, Zaldiaranen eta Aketegin; Agamunda, Ataunen; Murumendi, Beasainen; Marizulo, Amezketan; Akelarre, Zugarramurdin; Lezia, Saran, eta abar. Norbait Mariren bizilekura sartuz gero, zigortu egiten du; eta haren baimenarekin norbait hurbiltzen bazaio, beti hika hitz egin behar dio, ez da inoiz eseri behar haren aurrean, eta ez zaio inoiz bizkarra eman behar Mariri.

Mariren senarra Maju jeinua dela kontatzen dute Oñatin; aldiz, Goierriko elezaharrek Sugaar dela esaten dute. Bere semeak Mikelats eta Atarrabi jeinuak omen dira.
 
Amezketan kontatzen zutenez, ba omen ziren zazpi urte Mari Txindokiko bere haitzulotik desagertu zela. Baina zaldi bat zeruan hegan ikusi zutenean eta izugarrizko euri jasa hasi zuenean, herritarrak berehala konturatu ziren Mari bueltatu zela. Marizulo kobazuloa zuen bizileku, eta urrez estalia zuen. Dena urrezkoa omen zen barruan, altzariak ere bai. Behin batean, asteak euritan egon ondoren, atertu eta lainoak urruntzen ari zirenean, Txindokiri laino-txapela gelditu zitzaion tontorrean. Orduan ohartu ziren Marik labea piztu zuela.

Goiz batean, Kattalin izeneko neska gazte amezketar bat joan zen mendira artaldearekin, eta, egun guztian ardiak larrean eduki ondoren, artaldea biltzen hasi zen. Kontatu zituenean, bat falta zitzaiola konturatu zen. Artaldearen jabeak egingo zionaren beldur, mendian gora abiatu zen falta zitzaion ardiaren bila. Batek baino gehiagok esana zion Mari Txindokin zenean ez gerturatzeko inguru haietara, baina ardi galdua topatu beharra zeukan. Aurrerago joan zenean, hara non, ardia haitzulo baten sarreran aurkitu zuen, eta bere ondoan andre eder eta galai bat ikusi zuen, sekula ikusi ez zuen bezalako dama. Mari zen. Marik nor zen eta zein familiatakoa zen galdetu zion neskatxari. Honek, Kattalin zela bere izena esan zion, eta ez zuela familiarik, ardi haiek herriko jaun batenak zirela. Orduan, Marik berarekin bizitzen gelditzeko proposamena egin zion, eta zazpi urte berari laguntzen egoten bazen aberatsa egingo zuela agindu zion.

Horrela, bada, Kattalin Marizuloko damari laguntzen gelditu zen, eta zazpi urte haietan asko ikasi zuen neskatxak: haria egiten, ogia egiten, landareen ezaugarri magikoak ezagutzen, abereen hizkera ulertzen, eta beste hainbat zereginetan. Baina, di-da batean pasa ziren urteak, eta, garaia iritsi zenean, honela esan zion Marik:

—Kattalin, ondo bete duzu zure hitza, zintzo lagundu didazu, eta esanekoa izan zara. Nik joan egin behar dut, eta aberatsa egingo zintudala agindu nizunez, tori!

Marik ikatz puska handi bat eman zion. Harrituta gelditu zen neska gaztea, baina ez zen ausartu ezer esaten. Haitzulotik atera zenean, urre distiratsu bihurtu zen ikatza. Neska pozaren pozez jaitsi zen herrira; etxea eta artaldea erosi zituen, eta inoren aginduetara egon beharrik gabe bizi izan zen zoriontsu gure Kattalin.

Murumendiko dama Beasain udalerriko baserri batekoa omen zen. Hamar seme izan omen zituen. Ez zen oso elizkoia ez eta haren inguruko gaien zalea ere. Beti gaixo zegoelako aitzakiarekin behin ere ez zen mezatara joaten.
Bere azken haurra izan ondoren, senarrak jada gehiago elizara ez joatea ez ziola gehiago onartuko berretsi zion. Honela bada, bere gurdira igoarazi eta indarrean mugiarazi zuen.
Baina, justu elizako sarrera zapaldu behar zuen unean, su eta garren artean denen bistatik desagertu zen.
Ordudanik noizbehinka mendi batetik bestera igarotzen ari dela ikus daiteke. Bere bizileku nagusia Murumendi mendia delarik.

Behin batean Aralar mendilerroko artzain bati aharia harrapatu omen zion Anbotoko Andreak. Artzainak galdetu omen zion Andre sorginari ea non zen aharia.

-“Nire sukaldean”, erantzun omen zion Anbotoko sorginak.

-“Emango al zenidake, arren?”

-“Bai, baldin bahator.

Artzainak fraide batekin hitz egin zuen aholkua eskatuz, eta horrek esan omen zion Anbotoko Andrearen leizera aurreraka sartu eta atzeraka irteteko. Hala joan omen zen, eta ahari hori buruko omen zeukan sorginak. Adarretatik heldu eta atera omen zuen atzeraka aharia. Orduan Andreak esan zion:

-“Eskerrak eman iezaizkiok hi etorri bezala atera izanari, bestela hemen gelditu beharko huen”.