Jeinuak‎ > ‎

MARI DOMINGI

Mari Domingi euskal mitologiako pertsonaia berri bat da eta, Olentzerorekin batera, neguko solstizioko jaien baitan kokatu behar dugu. Gure arbasoak eguzkiari, ilargiari eta izarrei adi-adi erreparatzen zieten eta euren esanetara bizi ziren. Lurra eta natura maite zituzten bertan zen guztia uneoro gertu sentituz, elkarrenganako beharra errespetatuz, amalurrarekin bat eginik. Antzinatik Euskal Herrian neguko solstizioaren inguruko hainbat ohitu zahar egon izan dira. Eguzki zaharrak bere azken izpiak ematen ditu eta eguzki berria jaiotzen da. Eguberri hitzak hori esan nahi du ‘egun berri, garai berri’.
Emakumezkotasuna ordezkatzen duen pertsonaia magiko hau, neguko solstizio garaian neguari nahiz urte berriari oles egiteko ospakizunetan protagonista izateko jaio da.

Baina, noiz eta nondik sortu da gure Mari Domingi? Parekidetasuna bilatu nahian, 1994an sortu zuten Donostian. Gabonetako kanta herrikoi batean aipatutako izena pertsonaia bihurtu zuten.

Mari Domingi mendian txabola batean bizi da. Lanbidez artzaina da eta gazta bikainak egiten ditu. Txabola ondoan sagastia du eta sagar erreak jatea asko gustatzen zaio. Basoko landare eta izakiak ongi ezagutzen ditu, eta badaki sendabelar desberdinak nola erabili jendea sendatzeko. Batzutan, kostaldeko herrietara ere joaten da saregilei laguntzera, gustukoa baitu arrantzaleen sareak konpontzea. Emakume zintzoa eta maitagarria da, eta umeak asko maite ditu!
Olentzero eta biak elkarren ondoan bizi dira mendian, euren txabolak oso hurbil daude eta lagun minak dira. Elkarri laguntzen diote, auzolanean, bakoitzak dakienarekin eta duenarekin. Lehen, eguberri bezperan, elkarrekin jaisten ziren herrira sua egiteko ikatza banatzera. Gaur egun, Euskal Herriko umeentzat opariak ekartzen dituzte. Jostailu asko beraiek egiten dituzte, zura lantzen trebeak dira eta. Zakua jostailuz betetzen dute eta herrira jaisten dira Gabon gauean, etxez etxe, poza eta zoriontasuna banatzera.

Euskal Herriko umeentzat berdin da eskutitza Mari Domingiri edo Olentzerori idaztea, biak dira pertsonaia mitologiko magikoak eta bien artean egingo dute dagokien lana.

Mari Domingiren jatorrizko aipamen bakarra Resurreccion Maria Azkuek XX. mendearen hasieran jasotako abesti honetan aurkitzen da:
Horra Mari Domingi

begira horri

gurekin nahi duela

Belena etorri.

Gurekin nahi badezu

Belena etorri

atera beharko dezu

gona zahar hori.

Hatoz, hatoz, zure bila nenbilen ni!

Hatoz, hatoz, zure bila nenbilen ni!

Hatoz goazen ta gurtu dezagun

Belenen jaio den Haurtxo eder hori,

Haurtxo eder hori.

Irrintzi eta poza,

algararekin

hori behar dinagu

guk elkarrekin.

Pozez adora (de)zagun

Jesus haur ona

berak ekar d(i)ezagun

gaur zoriona.

Hatoz, hatoz, zure bila nenbilen ni!

Hatoz, hatoz, zure bila nenbilen ni!

Hatoz goazen ta gurtu dezagun

Belenen jaio den Haurtxo eder hori

Haurtxo eder hori.


https://drive.google.com/open?id=1_PvFDwrfkhAl12hc3HSIMFiNVZI8BLgF

Comments