Jeinuak‎ > ‎

OLENTZERO

Pertsonaia mitilogikoak: OLENTZERO

BESTE IZEN BATZUK: OLENTZARO, OLENTZERO, ORENTZARO, ONENTZARO, ORANTZARO

Eremu mugatuan aipatzen da Olentzaro. Gipuzkoako eskualdean, Orexan, Irunen, Oiartzunen, Donostian, Zarautzen, Andoainen eta Berastegin; Nafarroan, Arakilen, Lesakan, Beran eta Larraunen.

Olentzaro hitzaren esanahiaren inguruan, ohar gaitezke, ”aro” azken partikula garai bat izendatzeko modua dela. Esan daiteke beraz, lehen, neguko solstizioaren inguruko garaia adierazten zuela, eta gaur egun, berriz, pertsonaia bat. Badira elezaharrak, Olentzero azken jentila, dela aipatzen dutenak. Jentilak kristautasuna heldu aurretiko euskaldunak ziren. Hau da, Kixmi (tximu edo tximino adierazi nahi du), Kristauen jainkoa, etorri zenean jentilak desagertu egin ziren, baina batek iraun zuen, eta honek eman zien herritarrei Jesusen jaiotzaren berri. Kristautasunak bereganatu zuen azken jentil hau Olentzero izan zen.

Gipuzkoako leku askotan, eta baita Nafarroan ere, Olentzaro deitzen zaio mendian txabola batean bizi den ikazkin xelebre bati. Gabon egunean, etxekoak oheratutakoan, tximiniatik sartzen da Olentzaro Gabon suarekin epeltzera, eta, horregatik, egun horretan, garbi egon behar du tximiniak. Herri batzuetan, lastoz eta trapuz egindako panpina bat ateratzen zuten Gabon egunean, eta herriko plazan erretzen zuten. Beste batzuetan, gazte bat ikazkin mozorrotzen zen, eta Gabon gauen eskean ateratzen ziren gazte taldeak.

Olentzeroren inguruan hamaika istorio eta kontakizun daude. Leitzan ongi hartua izaten zen eta esker onez, Olentzero etxeetan ogirik falta ez zedin arduratzen zen. Hori dela eta, herri honetan, abenduaren 24ko gauean, etxeetako hormetan belarrez betetako panpina ezartzen dute. Baraibarren esaten dutenez, bertako mendietan, txondorrean, ikatza egiten, aritzen omen da 24ko gauean. Goizuetan, gau horretan, sardina bat jartzen dute talo gainean. Elduainen, umeek gaztainak erretzen dituzte, danbolinaren soinuaz Olentzero uxatzeko asmotan, bertan esaten dutenez, aipaturiko gauean, Olentzero etxeetako tximinietatik sartzen baita. Berueten, Olentzero iristean, aztiak eta sorginak bidera ateratzen zaizkio eta gaiztakeriak ahazten omen dituzte. Berrioplanon, urtea bukatzeko bi egun geratzen zirenean, esaten zuten: Ez zaitezte kalera irten, bihar, urteak egunak hainbat begi dituen gizon bat etorriko baita. Areson haurrak izutu egiten zituzten, Olentzerok igitai batez lepoa moztuko ziela esanaz, gau hartan ohera goiz erretira zitezen. Oiartzun eta Bidasoa bailaretan Olentzero ona bazen ere, kontuz ibiltzekoa zen, mozkorturik eta ikatzez zikindurik etortzen baitzen.

Beste zenbait eskualdetan honelakoa esaten da:

Onantzaro begi gorri,
tximinira etorri;
hausten baldin badugu burua,
horrek lepoa kendu guri.
Leku askotan, Gabonetan erretzen den enbor bati izen berezi bat ematen zaio. Gipuzkoan, Olentzero-enbor, Oiartzunen, eta Gabon-subil, Antzuolan; Nafarroan, Onontzaro-mokor, Larraunen; Bizkaian, Gabon-subil, Abadiñon eta Gabon-mukur, Bedian; Araban, Gabon, Trespuentes-en. Izen horiek Olentzaro eta Gabon eguna pareko hartzen zirela iradokitzen digute.

Gabon suak eta enborrak, nahiz Olentzeroren panpina erretzeak zerikusia dute suarekin, eta, San Joanetan bezala, solztizioaren ospakizun paganoa dagoela dirudi sustraian. Kristautasunera egokitutako ospakizuna dugu, jada. Zenbait lekutan kantatzen den abesti batek dio Olentzarok berri ona dakarrela, Jesus jaio dela.

Gaur egun, Euskal Herri osoan hedaturik dagoen irudia hauxe bera da, Olentzero ikazkin mozkorti begi gorria da, izugarri jan eta edaten duena, umeei eta ez-umeei, Gabonetan opariak ekartzen dizkien pertsonaia da, Noel pertsonaiaren antzekoa. Ikazkin hau, urte osoan, basoan, ikatza egiten egon ondoren, zaku-bete opariz zamatuta ibitzen da Gabon gauean, etxez etxe, poza banatzen. Urtean zehar zintzo portatu denarentzat oparia izaten du, eta gaizki portatu denarentzat, ikatza. Olentzerok opariak ekartzearen tradizioa oso berria da, XX. mendeko 70. hamarkada inguruan sortua. Papa Noelen eginkizuna izango zuen euskal pertsonaia baten beharra ikusiko zen, eta Gabon gauean etortzen zen pertsonaia Olentzero zenez, beronek hartu zuen opariak banatzeko zeregina.Gaurko mitologia modernoan, Olentzerori andregai bat bilatu zaio, zenbait eguberri kantutan azaltzen den Mari Domingi gona gorri.

Olentzaro hitzaren esanahiaren inguruan badira zenbait iritzi. XVII. mendeko Lopez Martinez de Isasti kronikariak aipatzen du, lehen aldiz, ‘onen aroa edo garaia’ esan nahi duela, eta garai batean Gabon egunari deitzen omen zitzaiola horrela. Ondoren, beste autore batzuek ere ildo beretik jarraitu dute. Aldiz, Eusebio de Etxalar fraideak dio Erdi Aroan abenduaren 18tik 23ra egiten ziren otoitz batzuetan dutela jatorria, Antiphonae deiturikoetan. Otoitz haiek “O” letraz hasten ziren guztiak, eta hortik dator “O”-ren aroa edo garaia esanahia. Frantzian, Antiphona horiei “les O de Noël” deitzen zioten, eta, ondorioz, les oleries (Oren garaia) esapidetik, Iparraldean, Orentzaro sortu omen zen, eta gero hegoalderantz hedatu zen. Argi dago izenaren azken partikularen ”aro” esanahia garai bat izendatzeko modua dela.
Asturiasko eta Kantabriako herri ba-tzutan bada Olentzeroren antza duen pertsonaia bat: El Esteru. Egurgilea da bera, eta urte guztian mendian bizi ondoren, Eguberrietan jesten da bailarako etxeetara opariak eramatera.


Olentzero eguneko kantuak


Gaur egun famatuena, eta Euskal Herriko luze-zabalean kantatzen dena Olentzero joan zaigu izenekoa da. Baditu zenbait aldaera, baina guzti-guztietan Olentzeroren irudi orgiastikoa azaltzen da. Horretaz gain, Jesusen jaiotzaren berri-emailetzat hartzen da.

Olentzero joan zaigu
mendira lanera,
intentzioarekin
ikats egitera.
Ikusi duanian
Jesus jaio dala,
lasterka etorri da
berri ematera.

Horra, horra
gure Olentzero
pipa hortzean dula
eserita dago,
kapoiak ere baitu
arraultzatxuekin,
bihar merendatzeko
botila ardoakin.

Bada bigarren kantu bat, Olentzero buru handia izenekoa, arrunt zabalduta dagoena. Kantu honetan Olentzero izaki orgiastikotzat hartzen da. Doinua aski famatua da, eta gaur egun, Iruñeko San Ferminetan kantatzen den erdarazko abestia doinu berean kantatzen dute.

Olentzero buru handia
entendimentuz jantzia,
bart arratsian
edan omen du
hamar arruko zahagia.

Ai urde tripa handia!
trialalarala trialalarala,
ai urde tripa handia
trialalarala trialalarala.

Herri eta toki askotan bada beste kantu bat etengabe errepikatzen dena, Olentzero begi gorri izena du, eta lehen koplaren laugarren lerroan, tokian tokiko aipamena egiten da. Ikus dezagun:

Olentzero begi gorri,
non harrapatu duk
arrain hori?
Zorioneko errekatan
arratseko hameketan.

Armarioan xagua,
haren ondoan katua;
etxe honetako
lismonarekin
beteko dugu zakua.

Olentzero begi gorri,
tximinira da etorri;
hausten baldin
badugu burua
horrek lepoa
kendu guri.

Esate baterako, Donostian, aipaturiko lerroan Zurriolako harkaitzetan diote eta Lezon Jaizkibelgo harkaitzetan.

Bigarren koblak Olentzero gaua Euskal Herrian bestelako egunetan horren ezagunak diren eske-koplekin (Santa Agedarenak, Dios te salve…) parekatzen du. Eta benetan, horrela da, Olentzerorekin doan segizioa kalez kale, plazaz plaza eta baserriz baserri baitabil, herritarren sosak eta puskak jasoz.

Honela dio Mari Domingi gona gorri agertzen den kantuak:

Horra Mari Domingi
begira horri,
nahi baldin baduzu
Belena etorri,
jantzi beharko duzu
gona zahar hori.

Zatoz, zatoz!
Zure bila nenbilen ni.
Zatoz, zatoz!
Zure bila nenbilen ni.
Zatoz, adora dezagun
Belenen jaio den
haur eder hori.

Garai batean bazen Eguberri egunean urteko atorra berria janzteko ohitura, eta bada horren berri ematen digun kantua, O,o,o,gaur da Olentzero izenekoa, hain zuzen.

O,o,o, gaur da Olentzero,
i,i,i, bihar Eguberri,
kantatu Olentzerori.
Olentzero berri,
nik atorra berri.
Olentzero zahar,
nik atorra zahar.
Maukarik ez,
niri axolik ez.

Urruñan eta Donibane Lohizunen Hegoaldean horren ezaguna ez den kantua abesten dute, Olentzero jin zaiku izenekoa. Buka dezagun artikulu hau Donibaneko aldaera lerro hauetara ekarriz:

Olentzero jin zaiku menditik herrira,
zahar gazte guztiak bozkariatzera.
Olentzero, Olentzero, Olentzero, Olentzero.
Donibaneko herria baitzaio ederra,
gurekin azaltzeko gelditzen omen da.
Olentzero, Olentzero, Olentzero, Olentzero.

Hainbat informazioren iturria: Olentzero eta neguko solstizioa (eta II)  JOSEBA AURKENERENA