Jeinuak‎ > ‎

SORGIN


BESTE IZEN BATZUK: BELAGILE, SORSAIN.
Euskal Herriko leku askotan aipatzen da jeinu ezagun hau, Hegoaldean nahiz Iparraldean. Zuberoan, Belagile izena hartzen du, gehienetan.

Mariren, Etsairen edo Akerbeltzen esanetara dagoen emakumezko jeinu gaiztoa da Sorgin. Aparteko doaiak diru, eta hari egozten zaizkio uztaren hondatze ezustekoak, errota eta burdinolen matxurak, gaixotasun eta heriotza misteriotsuak, itsasontzien urperatzeak, eta abarrak. Berain izatea zalantzan jarri dutenei, sorginek eman diete erantzuna esaldi honekin: "Ez geala, ba-geala, amalaumilla emen geala".

Jeinu honen eraginez, sorginduak dauden pertsonei ere sorginak deitzen zaie. Gehienetan emakumezkoak dira, dohai bereziak dituzte, eta gaiztakerietan jarduten dute. Emakume hauek taldean dihardute, eta, data jakinetan, gauez ospatzen dituzten batzarretara joaten dira hegan. Gizakiaz gaindiko dohain hori lortzeko, ukendu batez igurzten dira, eta esaldi hau esaten dute: Sasi guztien gainetik eta odei guztien azpitik. Sorginen bilkura horiei akelarreak deitzen zaie, eta jatorria, Nafarroan, Zugarramurdin dago, sorginak biltzen ziren Akelarre edo ‘akerraren larrea’ delako barrutian. Akelarre hitza oso zabaldua dago munduan zehar, eta, ziur aski, euskal hitz ezagunenetako bat izango da. Bilkura haiek Akerbeltzen gidaritzapean burutzen zituzten; bertan, gorputza ukenduz igurtzi, eta belarrekin egindako edabeak edaten zituzten. Belarren ezaugarriak ederki omen zekizkiten; pozoitsuak, sendabelarrak, aluzinagarriak, eta abarrak. Dantzaldiak egiten zituzten musikaren laguntzarekin, eta sexu harremanak nahasian izaten omen zituzten. Jai haietan, Jesukristo arbuiatu eta Akerbeltz gurtzen zuten, eta haien arerioei begizkoak eta biraoak botatzen zizkieten. Sorginak animalia forma hartzen du nahi duenean; batez ere katu beltz itxura.

Sorginek sor¡ginkeriak egitean, biraok edo madarikazioak (norbaiti kalte egiteko eskakizuna) dituzte eta begizkoa (eragin kaltegarria ekartzen duen aztikeriazko begirada berezia) botatzen. Pertsona bati kalte egiteko asmoz adurra baten erabiltzea ere ohikoa omen da. Hau da, sineste zeharren munduan gauza eta izaki guztiek bere irudia dute, biak loturik daude indar —adur- batez, izaki baten irudiari egiten zaiona, izakiari berari gertatuko zaiolakoan. Adurra, indar ezkutu harrigarria da.

Nola bihurtzen da gizaki bat sorgin? Herri sinismenak dionez, honako arrazoiak izan daitezke: eliza baten inguruan hiru buelta emateagatik, ondo bataiatua ez izateagatik, sorgin batekin harremanak izateagatik edota bere jantziak jazteagatik, berarengandik kuttun bat jasotzeagatik, edo Etsairi muxu bat eman ondoren esaera hau esatean: "por se, zalpate, fuente fa, funte fi, txiri, biri, ekatsu, ekatsu, amen".

Nola dakigu pertsona bat sorgina dela?
Orinik ez duen pertsona sorgima da.
Meza-liburua irekita dagoen bitartean elizatik ateratzen ez dena sorgina omen da.
Erpuruaz eskumuturra ukitzen duena sorgina omem da.
Eskumuturra beste eskuko bi atzamarrez inguratzen duena sorgina da.

Sorgin hitzaren jatorria ez dago argi. Batzuen ustez sor + gin da. Hau da, sor > sor(tu) aditz erroa + -gin atzizkia. Hortaz sortzen duena edo sortzailea litzateke. Beste batzuen ustez, hasierako sor hitza latinetiko sorte litzateke (zori edo patu adieran). Hortaz, patu-egile edo zori-iragarle litzateke.

Elezahar batek dio emakume bat gauero gelditzen omen zela haritzen etxeko sukaldean, eta, egunero, katu beltz bat agertzen zitzaiola leihotik. Gau batean, emaztearen ordez, senarra gelditu zen andre mozorrotuta, eta, katua etortzean, honela esan zion: gizonezkoa haritzen? Eta gizonak erantzun: katua eta hitz egiten? Orduan senarrak makilaz kolpatu omen zuen. Hurrengo egunean, auzokide bat besoa apurtuta azaldu zen, eta orduan konturatu ziren herrikoak emakume hura sorgina zela.