Jeinuak‎ > ‎

SUGAAR



BESTE IZEN BATZUK: SUGOI, MAJU

Honako herrietan aipatzen da Sugar: Gipuzkoan, Ataunen, Zarautzen eta Azkoitian; Bizkaian, Diman, eta Lapurdin, Sara herrian.

Sugaar suge ar izugarria da; lur azpian bizi da, eta leizeetatik nahiz zuloetatik kanporatzen da. Mariren senartzat daukate Azkoitian, eta ostiraletan Marirekin elkartzean, izugarrizko ekaitza pizten omen da. Deabru gaiztotzat hartzen dute Betelun, Nafarroan, eta Ataunen diote gurasoen esanak ez badira betetzen Sugaarrek zigortu egiten duela. Leku batzuetan kontatzen dute tximista bezala zeharkatzen duela zerua, burua eta buztana sutan dituela. Jeinu honek badu Herensugeren antzekotasunik, baina ematen du Sugaar zaharragoa dela. Herriaren sinesmenean, Sugaarrek sona eta indarra galtzen zuen neurrian Herensugek irabazi egingo zuen, zeren bere kontakizunak leku bakartuetan agertzen zaizkigu sakabanatuta, jeinu berria aipatzen ez den lekuetan.



Elezaharrak kontatzen du Dimako bi gaztek Baltzolako haitzuloan ikusi zutela Sugaar. Gazteenak, harrikada batez, buztana moztu omen zion sugetzarrari; nagusiak, aldiz, anaiaren jokabidea desegokitzat jo zuen. Handik urte mordoska batera, anaia nagusiari, bere herritik urrun zebilela, herrimina sartu omen zitzaion, eta, instante batean, Baltzolako leizera eraman omen zuen gizaseme misteriotsu batek. Eta agurtzerakoan, urrez gainezka zegoen kutxa bat oparitu zion, eta anaia gaztearentzat, gerriko gorri bat. Gazteak ez zuen jantzi nahi izan gerrikoa, eta gaztainondo bati lotuta utzi zuten. Zuhaitzak berehala hartu zuen su, eta leku hartan zulo bat besterik ez zen gelditu. Orduan konturatu ziren Sugaar zela gizon misteriotsu hura.