Añuako errotariaren erromeria

    Arabako Añua herrian, San Juan gauean, bertako tradizioa eta euskal mitologiako geinuak uztartzen dituan erromeria herrikoi bat antolatzen dute. Herriko kopla zahar batetik elezahar bat asmatu dute eta honen inguruan erromeria polit bat. Ume nahiz nagusiak herriko errotara joan-etorria egiten dute giro mitologiko batean murgilduta. Amaieran, herriko plazan, jendeak urtean gertatutako gauza txarrak idazten ditu papertxo batean eta zakuan sartu eta erre egiten dute San Juan suan. 

Honela dio elezahar berriak:

Txagoiti-ko errotaria


    Bada herri honetan bihotz oneko errotari baten historia. Elezaharrak dionez, errotari bat bizi omen zen hemen, oso alaia eta kantu zalea bera. Kantari eta irina egiten igaro ohi zuen egun osoa. Bi eratako irina egiten omen zuen errotariak: bata fin-fina, ogia eta bizkotxoak egiteko modukoa; bestea lodia, abereei jaten emateko.

    Norbait etxeko garia ehotzera joaten zitzaionean, aurrez, kantu bat eskatzen zion errotariak, eta baldin eta ez bazuen ezagutzen kantu hura, dohainik egiten zuen lana eta, gainera,  lau txanpon ematen zizkion kantariari.


Beraz, txanponen bat aurkitzen baduzue herrira itzultzerakoan,

jakin ezazue errotariak utzitakoa izango dela,

ez zekielako errota aurrean kantatu duzuen abestia

edota  asko gustatu zaiolako.

    Herriko kantak honela dio:

                               Errota baten ate aurrean

                               aritzearren kantari,

                               garia doan eho zidaten

                               eta lau txanpon opari.


    Elezaharrak dionez, San Juan egun batean, errotako konpontzen eta txukun-txukun jartzen ari zen errotaria. Izan ere, eta ondo dakizuen bezala, egun horretan sartzen gara udako solstizioan. Orduan datoz oporrak, orduan dator beroa. Eguzkiak gogor berotzen du, eta gariak, garagarrak eta oloak oritzen eta heltzen hasten dira. Horrek esan nahi du errotariak lan handia izango duela garai horretan.

    Errotaria errotaren prestaketa amaitzen ari zenean, bat batean, laino ilun-ilunak agertu ziren eta zerua beltz-beltz jarri zen. Ekaitza etorri zen berehala; haizea eta euria hasieran, haizea eta txingorra geroago. Une batetik bestera, gaua beltza egin zen.

    Errotariak ezin zuen herrirako bidea egin iluntasun hartan. Ez zuen ezertxo ere ikusten eta han zegoen zer egin ez zekiela. Baina, nahita nahiez joan beharra zeukan herrira, bere emaztea kezkaturik edukiko baitzuen han, bere zain. Herrirako bideak ilun baino ilunago jarraitzen zuen. Larritasun hartan negarrari eman zion errotariak. Negar zotinka zegoela, ustekabean, han urrutira, zintzarri hotsa entzun zuen errotariak, baina ez zuen abererik ikusten inguruan. Gero eta gertuago entzuten zuen zintzarri hots hura, ia-ia bere gainean, eta halako batean ahots ahul bat entzun zuen zintzarri hotsari jarraitzeko esaten ziona. Nahiz eta ilun-ilun egon, arnasa sakon-sakon hartu eta zintzarri hotsari jarraitzea erabaki zuen. Eta halaxe iritsi zen herriko plazara, gau ilunean, korrika eta arnas estuka.

    Errotaria herriko plazara iritsi zenerako, herritarrak han zeuden, festa giroan, San Juan suaren inguruan. Erabat harriturik ziren galdezka, nola iritsi ote zen gizon hura ilunpe hartan herrira. Eta askoz harrituago geratu ziren han errotan gertatu zitzaiona kontatu zuenean.

    Une horretan, suaren inguruan zegoen herritar zaharrenak pausu bat eman zuen aurrera, suaren ondora,  eta hauxe esan zien herritarrei:

        - Jakin ezazue! Ez da lehen aldia herri honetan hau gertatzen dena. Han errota inguruan, galtxagorri bat bizi da, jeinu txiki-txiki bat, urra bezain txikia, indar handikoa eta praka gorri-gorriak janzten dituena. Eta gaurkoan bezalako gau ilunetan, jende askori lagundu izan dioi gau ilunetan.


ABESTIA:
Comments