Euskal sinesmen zaharrak

Joseba Aurkenerena

Euskal sinesmen zaharren hastapenak eta ezaugarriak


Betidanik eta betirako dena zegoen, nehork ez zuen inoiz ezer egin, eta izatea aldatuz garatzen zen. Gizakiak, aireak, urak, lurrak eta suak osaturiko osotasunean murgildurik ikusi zuen bere burua, eta osotasun honen barruan aurkitu zuen bere bidea, bere bizibidea.

1.- Garai zaharretako hastapenak.-

Aipatu dudan osotasun horren barruan baziren soinuak, baziren hotsak, baziren orroa,... eta horiek imitatuz, gizakiak bere lehen hitzak sortu zituen. Gure arbasoek, garai bateko euskaldun zaharrek, imitazio honetatik atera zituzten lehenengo hitzak UR eta SU izan ziren. Urak bere bidean ur-ur-ur egiten baitu eta suak materia erretzean: su-su-sua. Emeki-emeki eta izadiak eskaintzen zituen beste soinuak imitatzetik EUSKARA sortu zen, eta berarekin batera lehen euskaldunak, euskarak bilakatu baitzituen bera sortu zuten gizon-emakumeak EUSKALDUN, euskaradun alegia.

Baina zorionez edo zoritxarrez, euskara ez zen izan gizakiek izadia ematen diren soinu ezberdinen imitaziotik sortutako hizkuntza bakarra bere inguruan hamaika eta hamaika erdara sortu baitziren. Euskaldunek honelako izena eman zieten: erdara (= erdizkako era = erdizkako mintzaira), euskara benetako hizkuntza zelakoan eta beste guztiak hizkuntza izatera iristen ez ziren hizkera edo orroak. Honela sortu zen erdal itsaso batean murgildutako euskal irla, edota hamaika erdal herri ezberdinen artean bizturik zegoen Euskal Herri bakarra. Euskaldunak eta erdaldunak, euskara eta erdarak, Euskal Herria eta erdal herriak, alde batekoa edo bestekoa. Euskal manikeismoa, aurkakoen orekan eta etengabeko borrokan errotutako sistema alegia, sortua zen.

Euskal gizakiak, euskaraz mintzo zen gizon-emakumeak, bere inguruari begiratu zion, lau oinarrizko osagaiez, hots: suaz, lurraz, aireaz eta uraz gorpuzturiko osotasunari begiratu zion, eta hasieran EGU eta berantago ORTZI (edota: Urtzi, Osti, Ostri,...) izena eman zion.

Euskal gizakiak bere burua osotasun horren zati bezala kokatu zuen. Ortzik, edota osotasunak ez zuen muga zehatzik, beheko aldean, gizakion azpian AMALUR zegoen, eta tartean urezko zauriak: errekak eta ibaiak, eta baita amaierarik gabeko AMA-ITSASO izeneko ur osin mugagabea. Eta goiko aldean, gizakion buruen gainetik alegia, Amalurren alabak ziren: ILAZKI edo ILARGI amandrea, eta EKI edo EGUZKI jainkosa distiratsua. Eta hemen euskal manikeismoak bere gailurrik gorena aurkitzen du, Ilargi (hilen argia ote ?) herioaren ikurra den bitartean, Ekik bere gain hartzen baitu biziari dagokion sinbologia (berotasuna, uztak,...) Herioa eta bizia, oinarrizko osotasun batean (Ortzirengan alegia) murgilaraziz.

2.- Sinesmen zaharren sorrera.-

Historiaurrean, Goi-Paleolitoan zehazkiago (K.a. 35.OOO urte inguru), lehen aztarnak aurki ditzakegu. Euskal Herria izotz azpian zegoen, guztiz hormaturik, eta euskal gizakia leize-zuloetako iluntasunetan bizi zen. Leize-zulo horietan sortu zen gure lehenengo antolaketa, bai soziala, bai kulturala eta bai izpirituala (kultura eusko-akitaniarra deitu izan dena). Gure lehenengo aztiak (euskal txamanak) sortu ziren, eta leize-zuloetako hormetan islatu zuten ehizaren inguruan zuten ikuskera magikoa (adurra edo magia sinpatikoa). Bertan marraztu eta margotu baitzuten ehizatik bizitzeko lortu nahi zutena: oreinak, bisonteak, hartzak, zaldiak... Lehen esan dudan bezala, ADURRA zen, edo Adur izeneko jainko emankorraren inguruko kultoa. Amalurren mezularia zen Adurren inguruko magia, ehiza, bizia eta herioa, emankortasuna... oinarrizko sineskerak.

Geroago izotzak urtu ziren, glaziarrak desagertu, eta lurrarekin batera, Neolitoa azaldu zen. (K.a. 5.OOO. urte inguru). Mende luze eta ilunetan leize-zuloetan landutako kultua kanpoko argira igaroko da, eta leize-zuloetako iluntasunak kanpoko argitasunari emanen dio bidea. Amalurren kultoa indarberrituko da, eta bizia eta herioaren arteko uztai sinbolikoa arras ugalduko. Lurrak, Eguzkiak (Eki) eta Ilargiak (Ilazki) izugarrizko indarra hartuko dute, Ortziren hirukia osatuz. Aro honetan sortuko dira hiru izaki magiko hauekin erlazionatutako eraikin megalitikoak, zazpi euskal herrietan horren ugariak suertatu zaizkigunak: zutarria, lerrokadurak, trikuharriak, eta jentil-baratzeak edo harrespilak.

Neolitoan izan zen gure sinesmenaren garairik garrantzitsuena, bertan gauzatu baitzen, bai kultuan, bai aztien kastan eta baita tradizioan ere, hastapenetatik, pittaka-pittaka lotzen ari zen mataza.

Aipatu beharra daukagu euskara izan dela kosmogonia honen sorreraren lekukorik onena, edo hobeto esanda mezularia. Euskara euskaldunon sua, euskaldunon sekretuen gordelaria da. Teoria anitz ditugu gure hizkuntzaren sorrerari buruz mintzatzen direnak: tubalismoa, iberismoa, kaukasismoa,... eta beste hamaika gehiago, baina ni On Joxemiel Barandiaranen teoriaren aldekoa naizenez gero, teoria horretaz arituko naiz segidan. Teoria honi kromainoide garatuaren teoria deitzen zaio, eta hauxe da gure artean, gaur, zabalkunde eta sinesgarritasun handiena duen teoria. Joxemiel Barandiaran ataundar apaiz antropologo, arkeologo eta polifazetiko handia izandakoaren ustez, gaurko gizakia ez da inondik etorria, hemen sortua baizik, kromainon baten garapenaren ondorioz.

Euskal gizakia ez da inondik etorri, hemen garatutako kromainona baita. Argudio bezala, kromainon gizakiarengandik gaurko euskaldunarenganaino dagoen bide eta garapen luzea, bere ustez frogatzen duen Urkiagan aurkituriko emakumezko baten buru-hezurra aurkeztu zigun. Hitz bitan, gaurko euskal gizakia hemen, gaurko Euskal Herria baino askoz zabalagoa zen euskal lurraldean, garaturiko kromainoidea da, besterik ez.

Hizkuntzaren aldetik, gauza bera esaten du. Euskara hemen jaioa da, mendi hauen artean, kromainoide garatu horren irudimen eta ezpainetatik sortua, hain zuzen ere. Gaurko euskal historialari gehienak Barandiaranen aldekoak dira, eta euren liburuetan, normalean, ataundar jakitunaren hitzak eta argudioak errepikatzen dituzte. Batzuek borobildu egiten dute Barandiaranen teoriari bestelako frogak edo usteak gehituz. Beñat Estornes Lasa euskaltzale izabatar handiak bere "Orígenes de los vascos" izeneko liburu bilduman zioenez, ba omen daude gure gaurko hizkera bizian historiaurrera garamatzaten zenbait osagai edo sustrai.

Esate baterako, zenbait lanabesetan oraindik bizirik dirauen HAITZ (= harri) osagaia: AIZkora, AIZtoa, AITZurra, AIZTurrak,.... Lanabes edo lan tresna horiek lehengo garaietan haitzez edo harriz egin zirela frogatuz; Edo bestela HORMA (= pareta / = izotza, jela) holako bi kontzeptu ezberdinak izendatzeko. Agian izotzaro urrunetan, euskaldunak eraiki al zuen bere etxea, lurra estaltzen zuen hormaz edo izotzaz ? -galde egiten dio bere buruari Beñat Estornes Lasak. Leiho hitz bera ez al litzateke LEI (=izotz) + AHO izanen? Hau da, leian edo horman egindako ahoa edo zuloa?

Azken bi hamarkadetan, genetikan, hidronimian eta beste zientzia modernotan oinarrituriko teoria berriek berretsi eta aberastu dute nolabait Barandiaranek, ADN-a zer zen jakin gabe, plazaratu zuen teoria.

Euskaraz izan zen lehenengoetako hitza, lehena izan ez bazen, UR litzateke, urak ibiltzean egiten duen murmurioa imitatu nahian sortua. Eta bigarrena SU, suak erretzean eragindako soinuaren imitaziotik sortua. Biak beraz, onomatopeiak dira. Aipatzekoa da ere, zein erlazionaturik dauden oinarrizko hitz hauek: UR, elUR, lUR, hezUR, zUR eta egUR. Badago hirugarren hitz bat, bi aurrekoak bezain zaharra izanen litzatekeena: IZ, energia adierazteko erabili zutena. Hitz hau hitz konposatuetan erabiltzen dugu bakar-bakarrik, baina oso hitz ezagunetan, eta beti ura edo itsasoaren oroimena gordez: IZurde, IZpazter, IZuntza... Lurrean erabiltzen dugunean ura esan nahi omen du eta zeruan darabilgunean argia edo, adb: IZar, EguIZki…

Ene ustez, euskara, Euskal Herria, euskaldunok eta euskal kosmogonia (edo sinesmenak) batera jaio ziren; eta euskararen baitan gordetzen dira, bizi-bizirik oraindino, kosmogonia horren berri ematen diguten aztarna zaharrak.

Adibidez:


  • 1.- Euria (elurra, edo...) ari DU edo holakoak esaten ditugunean, subjektu eliptiko baten beharra azaltzen zaigu, ORTZIK euria ari DU alegia.

  • 2.- LOAK HARTU NAU esaldia, animismoaren seinale.

  • 3.- Ortziren oihartzuna dakarkiguten hitz ugariak: ortzadar (edo ostadar)/ ostots (edo ortots) = trumoi / osteguna (edo ortzeguna) / ostirala (edo ortzirala), ostarte, ortzuri, oskorri, oskarbi,... lehen aipatu dudan bezala. Hainbat ikerlariren ustez, dibinitate honen izen zaharra EGU zen, eta beranduago, Ipar Europako herri germanikoen sinesmenetan agertzen den Thor jainkoarekin parekatu nahian edo, euskaldun zaharrek Ortzi izenaz birbataiatu zuten. Egu-ren erroa hitz ugaritan azaltzen da: eguna, eguberri, eguraldi, egurats (Eguren hatsa), eguena (Eguren eguna), eguaztena,…

  • 4.- Lehen aipaturiko oinarrizko elementuen lotura: UR, elUR, lUR, zUR, hezUR, egUR,...

  • 5.- Euskarak banatutako bi mundu ezberdinak: euskaldunak/erdaldunak. (Euskal manikeismoa).



3.- Euskal sinesmen zaharren ezaugarriak.-

Euskal sinesmena aspaldian sortua dugu, historiaurrearen hastapenetan finkatzen baititu bere sustrairik zaharrenak; Aztiek Neolitoan egituratu zuten, eta izate eta egituratze honetatik sortu ziren sinesmenaren ezaugarriak.

Ikus ditzagun banan-banan:

  • 1.- Euskal sinesmena NATURALISTA zen, bere ereduak eta jarrerak izadian bilatzen baitzituen.

  • 2.- ANIMISTA zen, izadiko izaki eta indarrak pertsonifikatu egiten baitzituen, izadian ematen diren fenomeno ezberdinei irtenbide logikoa emanez. Honen arabera tximista Sugaar (suge arra) izango da, trumoia ortotsa (Ortziren hotsa)… eta abar.

  • 3.- PANTEISTA zen, euren ikuskeran, dena ---eta euskaraz DENA hauxe da: DA + EN (erlatiboa) + A (mugatzailea)--- Ortzi baitzen, bai astroak, animaliak, landareak, gizakiak eta baita izaki magikoak ere. Gu gizakiok, den guztia bezala, ez gara inork eginak (judu-kristau ikuskeran esaten zaigun bezala), osotasunaren (= Ortziren) zati baizik. Ez gara jainko batek eginak, dibinitate beraren zati baizik.

  • 4.- ETERNALA, betidanik eta betirako baitago dena. Inork ez zuen inoiz deus egin, eta inork ez dio inoiz amaierarik emanen. Ez dago beraz, ikuskera honetan, ez hasierarik eta ez bukaerarik, ez alfarik eta ez omegarik, ez genesirik eta ez apokalipsirik. Dena betidanik eta betirako baitago, nahiz eta etengabeko aldaketan murgildurik egon.

  • 5.- MANIKEISTA da, bi aurkako printzipioen etengabeko borrokan sinesten baitu. Honi Esbastikaren Legea dei dakioke, bere mugimenduek azaltzen baitigute zein den alde baikorra (positiboa) eta zein ezkorra edo negatiboa. Izaki magikoak, gizakiak, gizakien ekintzak,... alde batean edo bestean lerrotuko dira, esbastikaren mugimenduari jarraiki. Aurkakoen etengabeko borroka honetatik osotasunaren mugimendua sortzen da, eta gizakiari dagokionez, bere historia. Euskaldunon artean oso ikur polita eta adierazgarria daukagu berdintsu baina aurkako diren indarren borroka azalerazteko, gure jaietan eta edozein herritan ikus dezakegun ahari talkan. Borrokan aritzen diren bi ahariak antzekoak izaten dira neurriz eta indarrez, eta elkarren arteko talkan aritzen dira aurkako munduen talka adierazi nahiko baligute bezala. -(T)ASUN eta -(K)ERIA atzizkiak dira gure hizkuntzan gordetzen dugun manikeismo horren lekukorik onena. Lehenak mundu baikorra agertarazten digun bitartean, bigarrenak bere aurkakoa den mundu ezkorra.



  • 6.- MUNDU MAGIKO batez sinesten du. Ez gara bakarrik, mineralak, landareak, animaliak eta gizakiak mundu honetan, ez ! Badira ere bestelako izaki magikoak gizakiaren gainetik daudenak. Halanola: lamiak, basajaunak, galtzagorriak, mamurroak,... eta abar luzea.

  • 7.- Eta buka dezadan esanez, ene ustez ---eta hemen ez nago ados euskal antropologoek orokorrean orain arte defendatu duten politeismoaren ideiarekin--- euskal sinesmena, gure arbasoen gogoeta magikoa MONOTEISTA zela. Dibinitate handi eta oso batez sinesten zuten, Ortzi izenekoaz, eta beste guztia, bai animalien mundua, bai gizon-emakumeak, bai bi sexuak, eta bai orain arte jainko-jainkosak deitu ditugun beste izaki magiko horiek, Ortziren zati izanen lirateke. Ez ahantzi gure sinesmena panteista zela. Aipatu berriak ditugun jainko-jainkosa ugari horiek, jeinuak edo bigarren eta hirugarren mailetako pertsonaiak izanen lirateke, kristau erlijioan amabirjina eta santuekin gertatzen den bezalaxe. Hori bai euskaldunen monoteismoa monoteismo anitza izan zen.