Ezaugarriak‎ > ‎

Ezaugarri Orokorrak

Euskal mitologiaren nolakoa den azaldu nahi badugu, lehenik mitoa eta mitologia zer den argitzea komeni zaigu.

Mitoak, oro har, gizakiak dituen galdera sakonenei eta bere inguruan sortzen zaizkion gertakari ulertezinei erantzuna emateko gizakiak eraiki dituen azalpen edo erantzunak dira. Hala, bizitzaren misterioak eragiten duen jakin-min egonezinari erantzuten die eta bere inguruko fenomeno naturalei azalpena ematen die. 

Azalpen eta erantzun guztiak era fantastikoan ematen dira, baina esan daiteke kontakizun fantastiko horien sustraian gertakizun edo kezka erreal bat dagoela. Errealitatetik kanpora daude, baina, aldi berean, errealitatearen esplikazio dira. Azalpen horietan, gizakiaz gaindiko ahalmenak dituen jainko edo pertsonaia mitologikoek parte hartzen dute. Talde-memoriaren parte bihurtzen dira eta geure kulturaren eta munduaz dugun ikuspegiaren oinarri balira bezala hartzen ditugu.

Euskal mitologia historiaurreko garaietatik datozen sinesmen, pertsonaia mitiko eta elezaharren multzoak osatzen dute. 

Jatorrizko Europatik, hau da, indoeuropar inbasioen aurretik (K.a. 2000-1500), hizkuntza eta kultura propio batekin iraun duen herri zahar hau mundu mitologiko bat eraikitzen joan da, bertako sinesmenekin batera kanpoko eragin asko jasoz eta bereganatuz. Baina, oro har, esan daiteke Euskal Herriko mitologiak osotasun bat duela, eta ezaugarri propioak dituen mitologia bat dela.

Euskal mitologiaren ezaugarri nagusiak hauk dira, nire aburuz:


Antzinatasuna

Euskal mitologia historiaurretik datorren mitologia da. Mitologiak, berez, gizakiak mundua ikusteko modua islatzen digu, eta gure mitologiak gizaki prehistorikoaren ikuspegia nabarmenki adierazten digu. 

Izaera lurtarra du, eta hau gizakia haitzuloetan bizi zeneko aztarna da. Paleolitotik, haitzuloak, azken batean lur barnea, gizakiaren bizileku, erritualak eta gurtzeak egiteko gune, eta hildakoak ehorzteko lekua. Horregatik, euskal mitologian lur barnea hildakoen espirituak eta jainko nahiz pertsonaia mitologiko gehienak bizi diren lekua da. Hain zuzen ere, jainko nagusia Ama Lurra da, eta bere pertsonifikazioa, Mari, haitzuloetan bizi da, lur barnean azken batean.

Paleolitotik Neolitora arte, indoeuroparrak etorri aurretik, Europa zaharreko herri guztiek gurtzen zuten Ama Jainkoa. Euskal mitologiaren sinismenean gurtza horrek irmo dirau, bere erdigunean Ama-Lurra / Mari dagoela.
INFORMAZIO ZABALAGOA.

Izaera baketsua du: euskal mitologian ez dago guda edo borroka izugarrien elezaharrik. Europan zehar egin diren azken indusketek Neolito garaiko gizakiaren bizimodu baketsu eta berdintasunezkoa azpimarratzen dute. Herri indoeuropar borrokalarien inbasioen ondorengo mitologiek badute bere guda jainkoa, baita borroka ospetsuen inguruko elezaharrik ere.

Euskal mitologiak ikuspegi animista du, herri primitibo guztienak bezala. Ingurune natural guztiak, elementu guztiek, bere anima eta bizitza propioa dute. Hortik datorkigu esaera zahar eta ezagun hau: “Izena duenak izana du”.

Indoeuroparrak etorri aurretik, gizarte europarrak izaera matriarkala zuen. Emakume eta gizonezkoen berdintasunezko gizarte batean bizi zen gizakia, baina emakumeak garrantzi berezia zuen, bera zen bizitzaren sortzaile eta amak ziren giza-talde bakoitzaren ardatz. Oinordekotza emakumearen lerrotik egiten omen zen. Emakumearen garrantzi berezi hori gure mitologian islatzen da, jainko nagusiak emakumeak baitira: Ama-Lurra, Mari, Eguzki Amandrea, Ilargi Amandrea. Indoeuroparren etorrerarekin ezarri zen gizonezkoen nagusitasuna, bai gizartean eta bai gurtza jainkoetan.

Izaera baketsua du: euskal mitologian ez dago guda edo borroka izugarrien elezaharrik. Europan zehar egin diren azken indusketek Neolito garaiko gizakiaren bizimodu baketsu eta berdintasunezkoa azpimarratzen dute. Herri indoeuropar borrokalarien inbasioen ondorengo mitologiek badute bere guda jainkoa, baita borroka ospetsuen inguruko elezaharrik ere.


Izaera lurtarra.

Euskal kosmologiak lurra du erdigune eta bera da guztiaren sortzaile. Ama Lurra da jainko nagusia, eta Mari, bere pertsonifikazioa, pertsonaia mitologiko guztien nagusia da. Elezaharrek diotenez, Eguzki Amandre nahiz Ilargi Amandre jainkoak Ama Lurraren alabak dira, eta bere barnean bizi dira. Hildakoen espirituak eta pertsonaia mitologiko gehienak ere lur barnean bizi dira, amaren barnean. Beste mitologietan ez bezala, ekaitzak, tximistak eta haizeteak bezalako fenomeno meteorologikoak ere lur barnetik sortzen dira.

Emakumezkoaren nagusitasuna.

Lehen aipatu dugun bezala, euskal unibertso mitologikoan emakumea da nagusi. Jainko nagusiak, Ama Lurra eta Mari emakumezkoak dira, eta Eguzki Amandrea eta Ilargi Amandrea ere bai. Akelarretako erritualetan emakumeak dira protagonista: sorginak.

Ohitura zaharretan ere, euskaldunen artean emakumearen garrantzia nabaria da: duela gutxi arte iritsi zaizkigun ehorzketa erritualetan, baserrietako etxekoandreak dira arduradun, eta eguneroko bizitzan, etxekoandreak darama baserriaren ardura. Herentziari dagokionez ere adierazgarria da maiorazkoan  familiako lehen semearentzat edo alabarentzat izan zitekeela etxea edo baserria bere osotasunean. Inguruko herrialdeetan ez da halakorik gertatzen.


Izaera baketsua.

Zelten mitologian nahiz mitologia klasikoan (Grezia eta Erroma) gerra jainko eta gerra heroiak agertzen zaizkigu; euskal mitologian, aldiz, ez da horrelakorik. Badira jendeari beldurra eragiten dioten pertsonaia gaiztoak, jakina, baina ez da ageri guda edo borroka ospetsurik gure elezaharretan, ez pertsonaia mitologikoen artean ez beraien eta gizakien artean ere. Antzinako euskaldunen jainkoak bizi emaile eta gizakiaren babesle dira nagusiki. Marik, naturaren jainkoa dugun horrek, bizitza eta heriotzaren zikloa irudikatzen du, baina, injustiziaren aurrean zorrotza den arren, ez zaigu borrokazale agertzen.

Gizakiarekiko hurbiltasuna

Jainko eta pertsonaia mitologikoek gizakiaz gaindiko dohainak dituzte, eta gizakiak miresmena die, baina, hala ere, badituzte harremanak beraien artean. Harreman horiek elezahar askotan agertzen zaizkigu.

Jainko eta pertsonaia mitologiko guztien nagusia den Mari, adibidez, Bizkaiko jaunarekin ezkondu eta haurra izaten dute. Beste elezahar batean, Amezketako neska gazte bat neskame hartzen du, eta, zazpi urtez bere haitzuloan egon ondoren, Marik oparia egiten dio; zerbitzua ordaintzen dio azken batean.

Elezaharrak kontatzen zigunez, Jentilak pilota joko herrikoian jolasten aritzen ziren; eta kartetan ere agertzen zaizkigu herriko jendearekin.

Lamien eta artzain gazteek elkarrekin dantza eta jolas egiten dute, eta beraien arteko maitemintzeak maiz gertatzen dira. Lamiei opariak egitea ohikoa da, eta haiek baserriko zenbait lan egiten dituzte trukean. Jeinu eder horiek gizakiei laguntza eske ere joaten dira, hala nola haurra izatear daudenean emaginaren laguntza eskatzen dute eta hil-hurren daudenean norbaitek azken otoitza egin dezan eskatzen dute.

Basajaun ere oso herrikoi agertzen zaigu, eta zenbaitetan engainatu ere egiten dute herritarrek. Basajaunak artzainei laguntza ematen die, ekaitza edo otsoa datorrenean orro izugarri bate egiten du artzainek bere artaldea babesean jar dezaten. Laguntza hauen truke, Basajaunari opariak egitea ere ohikoa da unai edo artzainen artean.

Jainko edo jeinu boteretsu hauen eta herritar arrunten artean harremanak berdintasunezkoak direla ikusten dugu: maitemintze eta ezkontzeak, oparien truke laguntza eskaintzea eta elkarrekin jolasten aritzea ere. 

Bestalde, pertsonaia mitologiko gehienak oso gizatiar agertzen dira: alde ona eta alde txarra dute, gizaki guztiok legez.


Naturarekiko harremana

Euskal mitologiaren jainkoei beguiratzen badiegu, ikus genezake antzinako euskaldunek bere ingurunean aurkitzen zuten guztia, osotasunean, gurtzen zutela: lurra, eguzkia, ilargia, zerua eta natura. Herri primitibo guztiak bezala, naturarekin orekan bizi ziren, naturaren parte ziren, eta natura osotasunean gurtzen zuten. Mari, Ama Lurraren errepresentazio den jainko nagusia, naturaren jainkoa da, naturan oreka mantentzen du, fenomeno naturalak sortzen ditu eta naturaren zikloa irudikatzen du (sorkuntza-bizitza-heriotza). 

Pertsonaia mitologikoen artean fenomeno naturalekin erlazionatutakoak ditugu batzuk (Odei eta Eate), eta Basajaun ere hor dugu, basoko jauna. 

Beraz esan daiteke, euskal mitologiak irudikatzen digun kosmologia naturalista dela guztiz.


Ahozko transmisioa.

Haitzulo atariko sutondoan elezaharrak irudikatzen eta kontatzen hasi zirenetik orain dela gutxi arte baserrietako sukaldeko sutondoetan kontatzen ziren arte, milaka urtean zehar, belaunaldiz belaunaldi, euskaldunok mundu mitologiko bat sortu eta transmititu dugu. Transmisioa hori milaka urtez ahoz-aho eginda. Elezahar eta sinesmen guzti horien hedabidea ahozko hizkuntza izan da orain dela gutxi arte. Kontuan izanda euskaraz idatzitako lehen liburua (XVI. mendea) oso berria dela eta euskal mitologiaren biltze lanak are eta berriagoa dela, esan daiteke gure mitologiaren transmisioa guztiz ahozkoa izan dela.

Ahozkoa izateagatik garaian garaiko eta lekuan lekuko ezaugarriak jasotzen joan da, eta mundu mitologiko horrek eraldaketak izan ditu, baina antzinako sustraiak ere gorde ditu. 

Ahozko transmisio hau euskaraz egin da. Baina, noiztik egin da euskaraz? Betidanik esango nuke, zeren herri hau bere hizkuntzarekin jaio zen; Euskal Herria euskararen herria da eta ezin daiteke beste inola ulertu.

Ziurtzat jotzen da euskara indoeuropear herrien etorreraren aurreko hizkuntza dela; orain dela 3.500-3.000 urtetik hona euskaraz egin dela hemen. Jose Migel Barandiaranek zioen: “Arkeologiak erakusten digunez, kultura bat egon da lur hauetan, etenik gabe, antzinako garaietatik historiaren atarira arte. Hori bakarrik gerta daiteke herri batek edo talde etniko batek iraun badu lur horietan.” Talde etniko batek iraun badu antzinako garaietatik aldaketa bortitzik gabe, eta talde etniko baten kultur ezaugarri nagusia bere hizkuntza dela jakinik, kontrakoa frogatzen ez bada behintzat, zilegi da pentsatzea mitologia eta kultur transmisio hau guztia euskaraz egin dela Paleolitoko Magdaleniar garaietatik, hau da, lurralde hauetan hain kultura garrantzitsua sortu zen garaietatik.

Honela pentsatzen duten hainbat aditu ere badira:

Antropologoa eta Real Academia de la Lengua Española-ko kidea zen Julio Caro Barojak honela zioen: “Herri honen jatorria bere hizkuntzaren berbera da, eta, askok diotenez, Cromagnon gizakiaren garaikoa da.”

Standford Unibertsitateko irakaslea den Luigi luca Cavalli-Sforzak honela zioen: “Euskara Fratziako hego-mendeabaldean eta Espainiako ipar-mendebaldean Cro-Magnon gizakia kokatu zenekoa da. Lurralde horietako haitzuloetako artista bikainak hitzegiten zuten hizkuntzaren oinordekoa da gaur egungo euskara.”

Felix Zubiaga, ikerlari eta idazleak zera dio: “Hizkuntzalarientzat euskarak jatorri ezezaguna du, baina benetan, euskara hizkuntza artikulatuaren jaiotzaren lekuko naturala da. Euskerak bere jatorrizko monosilaboen bidez argitzen du bere jatorria, hauek baitira hizkuntzaren lehen iturriak.”

Idazle eta hizkuntzalaria den Josu Naberanek ekarpen hau egiten du: “Baliteke euskara hizkuntza artikulatuaren jatorrietako bat izatea.”