MARI, EUROPA ZAHARREKO JAINKO AMA



“Euskara Europako mendebaldean antzina zeuden hizkuntzetatik gelditzen den erlikia bat da; ez da bakarrik prerromanikoa, indoeuropar aurrekoa ere bada. Azken 3.000 urtean jasan behar izan diren  inbasio eta eragin kultural guztiei aurre egin ahal izan dien bertako hizkuntza bakarra. Euskaldunek bere nortasun kulturalari eusteko gaitasun izugarria erakutsi dute eragin horiek guztiak barneratuz. Europako politika eta kultura historiaren legeen salbuespena da, hain zuzen ere. Ez dago zalantzarik bere ohiturak neolito garaietatik datozela. Europa Zaharreko kulturaren ezaugarri askok (Jainko Amaren erlijioa, ilargi egutegiaren erabilera, emakumea ardatz duen ahaidekotza eta nekazaritzan emakumearen ardura) XX. mendearen hasiera arte darraite (...) Bertako lege araudian gizonezkoari ez zitzaion lehentasunik ematen emakumearen aurrean”.

Marija Gimbutas, “The living Goddess”.



   



Gizakiaren oso antzinako garaietatik, jaiotza erritual eta mireste gaia izan da. Europan Paleolitoko haitzuloetan aurkitutako lehen irudiak emakume-ama tankerakoak izan dira. Ernalkortasuna eta bizitza emateko gaitasuna nabarmentzen duten estatuatxoak dira: aldaka zabal, bular eta bulba handi eta sabel haurdunak dituztenak. Alemaniako arkeologoek Danubio hegoaldean aurkitu zuten ezagutzen den lehenengo giza irudia, Hohle Fels-eko Venusa. 40.000 urte dituen emakume-irudia da, mamut marfilean egindakoa eta neurriz gaineko bularrak eta bulba dituena.

Ondoren antzeko iruditxo anitz aurkitu izan da (Neolito garaikoak, k.a. 7500-3500, 30.000tik gora izan dira), eta horrek adierazten digu antzinako gizakiak emakumearen amatasuna eta bizitzaren sortzea irudikatzen zuen jainko bat gurtzen zuela eta gurtza horrek milaka urtean zehar iraun zuela. Emakumearen erditzeko gaitasuna eta naturaren amaigabeko jaiotza-heriotza-birsorkuntza zikloa lotzea ohikoa izan da kultura primitibo ezberdinetan.

Marija Gimbutas arkeologo ospetsuak zioenez, Mari lehen gizaki europarrek zuten jatorrizko kosmobisioaren salbuespeneko eredu garbia da. Europako Neolito garaiko Jainko Ama bezala, euskal mitologiaren erdigunean dago, eta gizaki nahiz jeinu guztiak bere esanetara daude. Elezaharrek diotenez, fenomeno naturalen eta animalia guztien irudikapena da eta euskal lurretako leku sakratuenetan bizi da.


Gainera, badira Mariren mitoa Paleolito garaiarekin batzen duten zenbait ezaugarri. Nabarmenena haitzuloekin eta, oro har, lur barnearekin hain lotuta egotea da. Askotan, lur azpian bizi diren zenbait jeinu eta animalia bihurtzen edo irudikatzen da Mari, eta horri harreman zuzena nabari zaio Kantauri-Pirinio eremuko haitzuloetan sortu ziren adierazpen artistiko eta kulturalekin. Honek guztiak badu antzekotasuna beste kultura indigena batzuetako sinesmenekin, haitzuloak Ama Lurraren umetokirako sarbidetzat jotzen baitira, eta bertan sortzen omen dira izaki bizi guztiak.

J.M. Barandiaranek dioenez, Marik lurrarekin duen lotura estu horrek Ama Lurraren irudikapena edo pertsonifikazioa dela pentsatzera garamatza. Hain zuzen ere, lur barnean bizi da (haitzuloetan), fenomeno lurtarren eragile eta sortzaile da, baita lur barnean bizi diren zenbait jeinuren nagusia ere.

Andres Ortiz-Osések ere bere “El Matriarcalismo vasco” liburuan, ildo beretik, honela dio: “Euskal mitologiaren oinarrizko arketipoa Paleolitoko Jainko Amaren testuinguruan kokatu behar da, Mariren zikloan, eta bere metamorfosiek testuinguru matriarkal-naturalistaren sinbologia eskaintzen digute. Jainko Ama ugalkortasunaren gurtzarekin lotuta egoten da, Mariren kasua legez. Bera da euria eta kazkabarra dakarrena, eta horren menpe daude uztak, bizitza eta heriotza, zorte ona eta zoritxarra”. “Paleolitoan gailentzen zen arketipo matriarkalaren oinordekoa da Mari”. “Mari, euskal Ama Handia, bizitzaren, naturaren eta indar lurtarren sinboloa da”.

Marija Gimbutasek dio Europa zaharreko Jainko Amak, naturako izaki, indar eta ziklo guztien personifikazioa zen arren, rol anitz hartzen zituela, eta modu oso ezberdinetan irudikatuta agertzen zela (izaki nahiz abere). Eta hori oso garbi agertzen zaigu Mariren kasuan. Lurrazpiko bizilekuetan animalia forma hartzen du maiz, eta kanporatzen denean emakume itxurarekin datorkigu, eta hegaz ere agertzen zaigu emakume nahiz suzko igitai legez. Bere menpeko edota ordezkari diren lurrazpiko jeinuek animalia ezberdinen itxura hartzen dute: zezena, akerra, txahal gorria, zaldia, sugea, saia eta abar. Animalia horiek dira, gutxi gorabehera, Magdaleniar garaiko labar margoetan agertzen zaizkigunak. Paleolito garaiaren amaieran, orain dela 10.000 urte, haitzuloetan gurtzen zuten bizitza-sorkuntza sinesmen horren aztarnak aurkitzen ditugu Marirengan.

Gizarte indigenek zuten gurtze moldean, Mari naturaren indarren adierazpen jainkotua da. Sorkuntza da Mari, eta izaki nahiz ziklo natural guztiak bere adierazpenak dira. Horregatik gertatzen dira bere metamorfosiak eta horregatik agertzen da hainbeste itxura desberdinekin.

Marik, naturaren pertsonifikazioa den neurrian, sortzen ditu fenomeno atmosferikoak (ekaitzak, euria, kazkabarra, haizeteak...) eta, askotan, bere bizileku diren haitzulo eta osinetatik, Ama Lurraren barnetik, jaurtitzen edo sortzen ditu. Fenomeno atmosferiko horien menpe egoten da uzten oparotasuna.

“Oñatin eta Aretxabaletan kontatzen denez, Mari Anboton denean gogotik botatzen du euria; Aloñan denean, lehortea dakar. Orozkon diote uztak oparoak izaten direla Mari Supelegorren denean. Marik ekaitzak sortzen ditu. Oiartzunen diote Aralarren eta Trinidademendin egiten dituela. Zegaman eta Goierriko beste herri batzuetan pentsatzen dute Aketegitik edo Murumenditik jaurtitzen dituela. Mugiroko osin batetik bidaltzen dituela esaten dute Aranon, eta, orduan, berak zaldi itxura hartuta gurutzatzen duela zerua. Ekaitz hodeiak Aralarko osin batetik ateratzen dituela pentsatzen dute Gorritin. Leitzako sinesmenen arabera, ekaitz haizeak Maimurko zubi ondoan dagoen putzu batetik ateratzen ditu...”. J.M. de Barandiaran, “Mitos del pueblo vasco”

Zenbaitetan Marirengana jotzen zen aholku bila, eta bere esanak egiazkoak eta onuragarriak izaten omen ziren. Mariren nahia pertsonak errespetatzea, elkar laguntzea eta emandako hitza betetzea dira. Gezurra, lapurreta, harrokeria eta handiustea gaitzesten ditu.

Gaizkileak zigortzen ditu lapurtu dutena kenduz edo esan duten gezurra ukatuz, eta harrokerian dabilenari harrotzeko duena kentzen dio Marik. Sinesmen zaharrek diotenez, Mari “ezagaz eta baiagaz” bizi omen da.

Sugaar Mariren senarra da (suge+ar) eta artasunaren irudikapena da. Mari bezala lurrazpian bizi da, haitzuloetan, eta zeruan alde batetik bestera ikus daiteke suzko suge modura, tximista itxurarekin. Ostiraletan, Mari eta Sugaar elkartzen direnean, izugarrizko ekaitzak sortzen dira.

Mari eta Sugaaren harreman hori jatorrizko Europako erlikia bat da; gogora dezagun indoeuroparren aurreko Zibilizazio Minoikoan agertzen zaigun Ama Jainkoa bere sugearekin. Dragoiaren hasierako irudikapena Ama Lurraren maitale izatearena zen, eta horrekin batuta Neolito garaiko ezkontza sakratua dago. Europako elezahar askotan, euskal elezaharretan bezala, dragoia haitzuloan bizi da (herri primitiboek Ama Lurraren umetokia zela sinesten zuten) eta bertan elkartzen dira bizia sortzen duten bi oinarriak. Ondoren, kristautasunak beste zentzu bat emango zion dragoiaren mitoari.

Mari edo Jainko Ama guztiaren irudikapen denez, Sugaar ere, azken batean, Mariren parte da, Mariren jarioa; hortaz, berak bere burua ernaltzen du (Jainko partenogenikoa).

Marik bi seme ditu: Mikelats eta Atarrabi. Elezaharrek diotenez, Mikelats Etsairen kobazulora joan zen haren irakaspenak ikastera, eta Atarrabi apaiz sartu zen. Bata ongiaren adierazlea da eta bestea gaizkiarena. Ama Jainkoa, guztiaren jatorri denez, ongiaren eta gaizkiaren iturri ere bada, bikoiztasun guztien gainetik dago, hilkortasunaren eta hilezkortasunaren gainetik ere bai, bera delako jainko ahalguztiduna.




Iturria: Guillermo Piquero “La Europa indígena” (http://www.europaindigena.com)


Diosa Madre: http://es.wikipedia.org/wiki/Diosa_madre