Ezaugarriak‎ > ‎

Mitologia Konparatua

Koldo Alijostes Bordagarai

SARRERA

Euskal mitologia ingurukoekin eta Europako mitologia handiekin konparatzen saiatuko gara hemen. Inguruko mitologiei dagokienez, Kantauri-Pirinio lerroari helduko diogu, Kantabria, Asturias, Galizia eta Aragoiri, hain zuzen ere, horiek baitira gure mitologiarekin elkartruke handiena izan dutenak antzinatik. Mitologia handiei dagokionez, Grezia eta Erromakoa eta zeltena kontuan izango ditugu batez ere, horiek izan dutelako eragin handiena euskal kulturan.

Euskal Herria eta euskal kultura antzinatik dugu lur hauetan, eta ibilbide luze horretan herri eta kultura askoren eragina jaso du. Eragin kultural hori bereganatzen, egokitzen eta eraldatzen joan da, eta horrela jarraitzen du. Euskaldunek, eragin horiek guztiak zirela medio eta beren nortasun propioaren indarrez, sinesmen mundu bat eraiki zuten: ezaugarri propioak zituen mitologia bat.

Euskal mitologia Euskal Herriaren tamainakoa da: txikia. Ingurukoekin alderatuz gero, aberatsa da, baina xumea da europar mitologia klasikoa deritzonaren edota zeltaren aldean.

Inguruko mitologiek (Kantabria, Asturias, Galizia, Aragoi), gureak bezala, naturarekin harreman handia dute, eta bertan agertzen diren izakiek fenomeno naturalekin eta naturako elementuekin dute zerikusia gehienbat. Konplexutasun gutxikoak eta oinarrizkoak dira.

Jentil, Hodei, Lamiak edota Galtxagorrien antzekoak ageri dira hurbileko mitologia horietan ere, baina ezberdintasunak nabariak dira gurearekin erkatzean. Aragoiko mitologiari euskal mitologiaren eragina ikusten zaio, lehen aipatutako jeinu horiez gain, Basajarau (Basajaun), Laina (Lamia) eta Mariuena (Mari) bezalako izakiak agertzen direlako. Zalantzarik gabe, euskarak eta euskal kulturak Pirinioetan antzina zuten hedaduraren aztarnak dira.

Europar mitologia handiek oinarrian naturarekin harremana badute ere, jainko, errege-erregina, printzesa, borrokalari eta heroiz josiak daude, eta elezaharretan beraien arteko ahaidetza luze eta korapilatsuak kontatzen dira. Azken batean, mitologia pertsonifikatu eta gizarteratu bat islatzen dute. Euskal mitologia, ordea, oinarrizkoagoa eta zuzenagoa da, eta historian zehar gutxiago garatua (eta gutxiago idatzia). Bestalde, mitologia handi horien panteoian, jatorri indoeuroparraren eraginez, jainko nagusiak zerutiarrak dira (Zeus grekoan, Jupiter erromatarrean, Thor iparraldekoan), eta euskal mitologian lurra da guztiaren erdigunea.

Baina gureak badu mitologia handi horiekin antzekotasunik. Alde batetik, haien eragina jaso izan du, eta, bestetik, mitologia klasiko horietan ere, antzinatik datozen heinean, oinarrian Europako Neolitotik datozen aztarnak nabari dira: Ama Lurra edo Ama Jainkoaren sinesmena.

Euskal mitologia ingurukoekin eta Europako mitologia handiekin dituen antzekotasun eta ezberdintasunak zehazteko, batean eta bestean agertzen zaizkigun jainko eta jeinuak alderatuko ditugu.

KOSMOLOGIA


Antzinako euskaldunen kosmologiaren erdigunean Lurra (Ama Lurra) dago, bizitzaren eta emankortasunaren adierazle. Eguzkiak (Eguzki Amandrea) eta Ilargiak (Ilargi Amandrea) Lurra dute atseden leku. Horrela, Eguzkia eta Ilargia egunero amaren barnetik irten, hau da, Ama Lurraren sabeletik, eta ibilbidea burutzen dute ortzian zehar, eta, ondoren, amarengana itzultzen dira. Ortzia Eguzkiak eta Ilargiak bere agerraldia egiteko lekua besterik ez da. Mari, berriz, natura eta fenomeno natural guztien pertsonifikazio espirituala izan liteke. Euskaldunek begi aurrean zuten guztia gurtzen zuten, beren unibertsoa: lurra, ortzia, eguzkia, ilargia eta natura; eta lurra zuten oinarri.


Mitologia handietan parekotasunak aurkitzen ditugu. Adibidez, Greziakoan, Gea jainkosa (lurra) lurraren pertsonifikazioa da, eta horren emankortasuna sinbolizatzen du. Geak, kaosaren ondoren (ezereza), Urano (ortzia), mendiak eta Pontos (itsasoa) sortu zituen. Euskal mitologian, bere aldetik, Ama Lurrak Eguzkia eta Ilargia sortu zituen. Ikusten denez, bi sinesmen horietan munduaren sorreraren jatorria Ama Lurrean dago: hasieran Lurra zen, eta ondoren berak sortu zituen beste funtsezko elementuak.

Ez hori bakarrik, Helios eguzkiaren jainkoa eta Selene ilargiaren jainkosa neba-arrebak dira; eta euskal mitologian Eguzkia eta Ilargia, ahizpak.

Erromatar mitologian, aldiz, Terra lurraren jainkosa eta Caelus zeruko jainkoa senar-emazteak dira.

Kosmologia guztietan Lurra emakumezkoa da, emankortasunaren, sorkuntzaren eta ugalkortasunaren irudia baita.

AMA LURRA, MARI

Ama Lurraren, edo bere pertsonifikazioa den Mariren, sinesmena oso hedatua izan da Euskal Herri osoan, baina inguruko mitologietan ia ez zaigu agertzen. Aragoikiko mitologian bada Mariuena (Mari buena) izeneko emakumezko izaki on bat, eta Mariren izaera nabari omen zaio. Bestalde, Chema Gutierrez Lerak dionez, Aragokiko Fadak, ondoko mitologien Fada-ekin alderatuz,  indar eta botere handikoak dira, eta ba omen dute Mariren antzekotasunik.

Mitologia grekoan, erromatarrean, zeltan, baltikoan nahiz eskandinaviarrean badira Ama Lurraren parekoak. Herrialde horiek guztiek ekialdetik etorritako indoeuropar kulturen eragina dute, baina europar Neolito garaiko substratua gelditzen zaie panteoi mitologikoan.

Egeo, Anatolia eta Ekialde Hurbileko kulturetan Zibele, Gea edota minostar kulturako Rea izenak hartu zituen, Ama Jainkosa bat gurtu zen. Horiez gain, mitologia grekoan badira Hera eta Deméter bezalako jainkoak, gure Mariren antza dutenak.

Erromatar mitologian Zibeleri Magna Mater deitu zitzaion; Gearen baliokidea Terra edo Tellus Mater izan zen; eta Herarena, Juno.

Zelten mitologian Dana edo Danu da Ama Jainkosaren antzekoa. Galiako Zelten artean Andrasta edo Andarta emankortasunaren jainko ona eta borrokalaria zen, eta Zelta anglosaxoiek, aldiz, Erce gurtzen zuten, uzten eta emankortasunaren Ama Jainkosa legez. Erce jainkosak jatorri euskalduna izan dezake. Mitologia germanikoan Nerþuz da.

Hego Amerikan ere, Andeetako herri indigenen artean, oso edatua da Pachamamaren gurtza (
Ama Lurra)
.

Ikusten da, beraz, euskal mitologian bezala, Ama Jainkosa, batzuetan Ama Lurra ere deitua, munduko hainbat mitologia eta erlijiotan naturarekin, lurrarekin, emankortasunarekin eta amatasunarekin lotzen den jainkosa nagusia dela. Kasu askotan, gure Ama Lurraren antzera, naturaren eta munduaren sortzaile gisa gurtzen da. Eta gurtza hau Neolito garaitik (edo Paleolitotik) datorren gurtza bat da, antzinako sinesmenen aztarna bat.


EGUZKI AMANDREA ETA ILARGI AMANDREA

Euskal mitologian Eguzki Amandre eta Ilargi Amandrearekiko sinesmena aspalditik datorrela dirudi. Lekuko dira kristautasunaren aurretik datozen hilarrietan aurkitzen dugun irudiak: eguzkia eta ilargia irudikatzen duten diskoak.

Eguzkiak jeinu gaiztoen kontra botere handia du eta ilargiak hilen argiak argitzen ditu eta, hainbat alorretan, bere inguruan antolatzen da gizakiaren jarduna (uztak, basoko bizitza, egutegi zaharra …).

Hurbileko mitologietan ez dugu aurkitzen eguzki edota ilargiaren gurtzaren aztarnarik; bai, aldiz, mitologia handietan.


Greziar eta erromatar mitologian eguzkiaren jainkoak Helios, Sol, eta Apolo ditugu; zeltenean, Belenos, Curoi Mac Daire eta Mogh Ruith; Baltikoko mitologian, berriz, Saulė.


Ilargiaren jainkoa greziar mitologian Selene da, erromatarrean Febe eta Luna dira , eta Nimue da zeltan.

URTZIA


Zeruari euskaraz ortze, ortzi edo urtzi deitu izan zaio. XII. mendean, Aymeric Picaud erromes frankoak bere kronikan euskaldunek jainkoari ‘urtzia’ deitzen ziotela dio. Esan daiteke, beraz, lehen euskaldunek Urtzia (zerua), zeruko jainkoa, jainkotzat zutela.

Antzinako Astur herrian (oraingo Asturias, Leon, Zamorako zati bat, Ourense eta Lugoko zati bat, eta Portugalgo ipar-ekialdeko Bragantza eremuko zatitxo bat) Taranis zelten zeruko jainkoa gurtzen zuten, baina gaur egungo asturiar mitologian ez dago bere aztarnarik.

Euskal Herriaren inguruko mitologietan ez dago jainko horren beste zantzurik.


Mitologia handietan jainko zerutiarra ohikoa da. Oso antzinako garaietan, Europa eta Asian zehar edatu ziren indoeuropar herriek zeruetako jainkoarengan zuten sinesmena, eta, ondorioz, greziarren, erromatarren, germaniarren, zelten eta eslaviarren sinesmenean ere horrela jarraitu zuen. Greziar mitologian Urano eta Zeus dira zeruko jainkoak; erromatarrean Caelus; zeltan Taranis; eta iparraldeko mitologian, eskandinaviarrean, Thor jainko boteretsua.

Kontuan izanik euskal antzinako sinesmen lurtarra, litekeena da jainko zerutiarren gurtza zeltek guregana ekarritakoa izatea.


JENTILAK


Jentilak (Mairu, Mairi, Maide, Intxixu) kristautasunaren aurretik lurralde hauetan bizi zen jatorrizko arraza berezia omen zen. Gizaseme basatiak, erraldoiak eta indartsuak ziren; harkaitz puska ikaragarriak urrutira botatzen zituzten; eta historiaurreko monumentuekin erlazionatuta ageri dira beti. Gizaki fedegabeak omen ziren ('gentil' hitz latindarrak pertsona fedegabea esan nahi du). Kristautasuna etorri zenean, beraien bizimodua aldatu egin zen, eta mendian bizi ziren, bakarrik, etxe urrunetan, beste herritar kristau guztiengandik aldenduta eta bakean. Elezaharrak dio jaungoiko zerutiarra etorri zenean arraza guztia lur barnean sartu zela betiko Jentilarri bateko zulotik.

Kantauri-Pirinio lerroan badaude antzeko ezaugarriak dituzten pertsonaiak.


Galiziar, leondar eta asturiar mitologiako Mouroak oso antzinako izakiak omen dira; fedegabeak horiek ere, oso indartsuak, eta antzinako harrizko eraikuntzen egile. Bestalde, Asturiasko Mouroak, ezaguna ez den arrazoiren batengatik, lur azpian bizitzera derrigortuak izan omen ziren, eta meatzari bihurtu ziren. Ezaugarri horrek gogora ekartzen digu jentilen akabera, laino distiratsu bat agertu eta lur azpian gorde behar izan zutenekoa.

Aragoin ere badira Omes granizos deituriko alegiazko izakiak, Jentilen ezaugarri antzeko batzuk dituztenak: erraldoiak dira, bertako mendi eta haitzekin dute harremana, eta Pirinioetan antzina bizi ziren gizakiak omen ziren.

Mitologia handietan izaki erraldoiekiko sinesmena oso ohikoa da.


Homero greziarraren arabera, lehen belaunaldiko erraldoiak Eurimedontek gobernatutako gizaki arraza bat ziren, basatiak eta tamaina handikoak. Lurralde haietako jatorrizko arraza zela zioen. Mendebalde urrunean bizi omen ziren, Trinacia irlan,  eta Eurimedonte berak akabatu zituen jangoikoenganako zuten lotsagabekeria zela eta.

Hesíodo greziarrak jainkotzat zituen, Uranok Lurrera jaurti zuen odoletik sortuak; Gea (Lurra) zuten ama.


Irlandako mitologian badira hainbat pasarte jentilen izaera eta desagerpena gogoratzen dizkigutenak. Irlandako sinesmen horien arabera, Partholoin eta bere jendea Irlandan bizi izan zen bigarren gizataldea ziren, Noeren uholde handiaren ondoren helduak (lehen biztanleak Cessair eta bere kideak izan ziren, Erdi Aroko kristau kutsuko istorio baten arabera). Gizaki zintzo eta indartsuak ziren, eta nekazaritza, sukaldaritza, garagardogintza eta harrizko eraikuntza ekartzen lehenak. Izurrite baten ondoren arraza guztia desagertu zen. Euskal mitologiaren arabera, Jentilak ere gizaki baketsu eta indartsuak ziren, eta lehen meatzariak, lehen gari landatzaileak, lehen errementariak eta lehen errotariak izan ziren, eta harrizko eraikuntzen egile. Jentilen akabera ere bat-batekoa izan zen, Partholointarrena bezalaxe.

Iparraldeko mitologian Jotun erraldoi arraza zegoen; izugarrizko indarra zuten eta jaungoikoen aurkariak ziren. Garai berantiarragoetan, Eskandinaviako mitologian, erraldoien izen arrunta Trolls zen. Elizetako kanpaien hotsa ezin zuten jasan, eta mendi nahiz baso urrunetan bizi beharra zeukaten. Batzuetan izugarrizko harritzarrak jaurtitzen zituzten elizen aurka. Oro har, antzinako arraza bat legez hartzen da, trikuharrien eraikitzaile eta harritzarren jaurtitzaile.

Ikusten dugunez, gure Jentilek badute antzekotasunik beste mitologietako erraldoi batzuekin. Europan zehar antzinatik sinesten zen mito baten aurrean gaude, eta, gainera, leku guztietan antzeko ezaugarriekin ageri zaigu: erraldoiak, antzinako arraza bat, fedegabeak eta jaungoikoen aurkariak; harritzarrekin eta monumentu megalitikoekin erlazionatuak; zenbait giza jardueratan aitzindariak; eta bat-bateko amaiera izan zutenak. Hain hedatutako mitoa izateak, monumentu megalitikoekin eta harritzarrekin erlazionatuta egoteak, eta jainko berrien aurkakoak izateak erromatarren aurreko mitoa izan daitekeela iradoki digu. Dena den, egia da euskal mitologian hartu duten izena erromatarra dela, baina aurreko mito baten gainean eraikitakoa izan daiteke.


Juan Ignazio Hartsuagaren (EUSKAL MITOLOGIA KONPARATUA: JENTILEN AKABERA, 2004) ustez Europa atlantiarrean agertzen den mito hau megalitismoa garatu zen maparekin bat egiten du gutxi gorabehera, eta horregatik esan daiteke mitoa kultura megalitikoan sortutakoa dela. Zenbait lurraldeetan indoeuropearren eraginez galdua dago mitoa baina leku batzutan, Euskal Herrian kasu, irauten du.

AKERBELTZ


Aker beltz baten itxurako jeinua da. Etxe-abereen zaindari eta sorgin nahiz aztien buruzagi azaltzen da. Batzuetan, Mariren antzeko dohainekin agertzen zaigu, eta zenbait jeinuren nagusia edo buruzagia da. Sorginen eta aztien batzarrak, akelarreak, zuzentzen zituenean kristau erlijioaren aurkako jarrera zuen, eta Erdi Aroko erlijio katolikoaren kroniken arabera etsaia irudikatzen zuen.

Badirudi jeinu honenganako sinesmena aspalditik datorrela Euskal Herrian, kristautasunaren aurretik, hain zuzen ere. Kristo ondorengo III. mendean Akitanian aurkitutako erromatar inskripzioetan agertzen zaigu jada Aherbelste izena. Hizkuntzalariek diotenez, ‘akerbeltz‘ esanahia izan dezake, eta garai hartan gurtzen zen jainko bat izan zitekeen, abere guztien zaindaria eta nagusia, hain zuzen ere. Dena den, Koldo Mitxelena hizkuntzalari jakintsuak zioenez, euskararen fonologia-arauei begiratuz, 'h' hasperena nekez bilaka zitekeen 'k' herskari, eta jatorri hori zalantzan jartzen zuen.


Greziar mitologian Pan jainkoak ditu antzeko ezaugarriak. Hankak akerrarenak zituen eta giza gorputza, eta buruan adarrak. Artzain eta artaldeen jainkoa zen, baita ugalkortasunaren eta gizonezkoen sexualitatearena ere. Jainko horren aldaera erromatarra Fauno zen.

Zelten mitologian Cernunnos dugu antzekoa. Ugalkortasunarekin eta lurraren birsorkuntzarekin lotua, eta abere basatien nagusia.

Asturiar eta kantabriar Busgosu-ak ahuntz edo aker hankak eta adarrak ditu, baina basoetako jeinu legez agertzen da, Basajaunaren ezaugarriekin.
Oro har, esan daiteke mitologia gehienetan ugalkortasunaren eta animalien zaindari legez agertzen zaigula, baina, eliza katolikoaren Erdi Aroko sorgin ehiza dela medio, infernuko etsaiaren irudia hartu zuela.

SUGAAR ETA HERENSUGE



Sugaar lur azpian bizi den suge ar izugarria da, eta Mariren senartzat daukate zenbait lekutan. Herensugeak suge itxura duten pizti gaizto eta beldurgarriak dira, baina, hankak dituzte eta batzuetan hegoak ere bai. Elezahar batzuetan, Herensugek zazpi buru ditu, baina gehienetan bakarra duela kontatzen da euskal sinesmenetan. Haitzuloetan bizi da, eta gosea asetzeko soilik ateratzen omen da.

Sugaarrek, Mariren senartzat jotzen den neurrian, antzinako jeinua dirudi, eta Herensugek Erdi Aroko europar tradizioko dragoien itxura gehiago du.

Antzina--antzinatik sugea jeinu edo jainko berezitzat hartu izan da kultura ezberdinetan: Europar historiaurrean haitzuloetako margolanetan maiz agertzen zaigu (gurtza baten adierazgarri); Egipton suge guztiak ziren gurtuak (jainko batzuk: Uadyet, Uraeus, Apofis); erligio katolikoan eta islamean deabrutzat hartu izan da; txinatar kulturan, izaki babesletzat; eta Kolon aurreko amerikar sinesmenetan, Quetzalcóatl, Kukulcán eta Amaru bezalako suge gurtuak ditugu.

Sugaarrek Kretan agertutako kultura minoikoaren Sugearen Jainkosa (k.a. 1600) ekartzen digu gogora, Marirekin duen harremana dela medio. Greziar mitologian ere badugu antzeko jainkoa, Piton sugetzarra, Gearen (Ama Lur) alaba zena eta Parnaso mendiko haitzulo batean bizi zena.

Iparraldeko mitologian Jörmungandr itsas sugeak mundua inguratzen du.

Herensugeak edo dragoiak ere ohikoak dira hainbat kulturatan antzina-antzinatik. Ekialdeko mitologietan (Txina, Japonia… ) dragoiek naturaren eta unibertsoaren jatorrizko indarra irudikatzen dute. Europako tradizioan, aldiz, irudi beldurgarria erakusten dute.

Galiziar, asturiar eta Kantabriar mitologietan agertzen den Culebre edo Serpe pertsonaia mitologikoak dragoi itxurakoak dira, Herensugeren antzekoak, eta Aragoiko mitologian ere bada Sierpes deituriko antzeko jeinua. 

BASAJAUN

Bere izenak dioen bezala, basoko jauna edo jaun basatia da, basoaren eta naturaren zaindaria eta artaldeen babeslea. Basoaren sakonean edo leku garaietan dauden haitzuloetan bizi da, eta gizon handi eta izugarri baten itxura du. Gorputza ilez estalia du, adatsa belaunetaraino iristen zaio eta aurpegia, bularrak eta sabela ia guztiz tapatzen dizkio. Oinetako bat gizakienaren modukoa da, eta bestea oinatz borobil batez osatua dago.

Pan greziarra, eta Diana eta Fauno erromatar jainkoak basoen, animalien eta naturaren babesle dira, baina ez dira zehazki basoaren jainkoak, eta beren itxurak ez du zerikusirik Basajaunenarekin.

Mitologia zeltan, basoen eta abere basatien jainkoa Flidais da eta Galiako Sucellos, basoen zaindaria eta nekazaritzaren babeslea; baina horiek ere itxuran ez dute Basajaunen antzik.

Asturiar mitologian Busgosu basoetako jeinua eta artzainen laguntzailea da, basajaun bezala, baina itxura Pan greziarrarena edo Fauno erromatarrarena du.

Basajaunen parekoak dira bete-betean, bai izaeran eta bai itxuran, Aragoiko Basajarau, Bonjarau edo Bosnerau. Ikusten denez, izenak ere gure Basajaunetik datoz, zalantzarik gabe. Kontuan izanda I. mendean euskara ia Pirinio guztian hitz egiten zela (toponimia lekuko), baliteke garai haietan mendi-larreetan bizi ziren artzain euskaldunen sinesmenen aztarnak Aragoioko mendialdean irautea.

Basajaunek antzina lur hauetan sortutako mito bat dirudi.

LAMIA


Jeinu hau Euskal herri guztian da ezaguna. Gorputzaren erditik gora emakume eder baten itxura du, baina hankak oiloarenak, ahatearenak, nahiz ahuntzarenak bezalakoak ditu. Kosta aldean, aldiz, gorputz erditik behera arrain tankera hartzen dute. Lamien zereginen artean honako hauek zeuden: artilea haritu; trikuharriak, etxeak eta elizak eraiki; eta arropak garbitu. Lamiak asko atsegin du urrezko orrazi batekin bere adats ederra orraztea, erreka bazter edo urmael batean. Haitzuloetan edo erreka putzuetan nahiz urmaeletan bizi ohi da.

Izena mitologia klasikotik datorren Lamia pertsonaiatik dator, baina euskal Lamiek beste itxura eta nortasun bat dute. Biak dira neska gazte ederrak, baina mundu klasikoko Lamiek suge-gorputza dute eta bularra nahiz burua emakume eder batena. Biek mutil gazteak maitemintzen dituzte, baina greziar Lamiek seduzitu dituzten amoranteei odola zurrupatzen diete eta jan ohi dituzte. Euskal lamiek Ninfa klasikoen izaera dute: uraren ondoan bizi diren neskatila eder eta lotsati samarrak. Ez da zaila ikustea, orduak ematen baitituzte ur ondoko harriren baten gainean beren ile luze zoragarria urrezko orrazi batez orrazten. Baina Ninfa klasikoek ez dute ahuntz edo ahate antzeko oinik.

Oin zoomorfoak dira euskal Lamien bereizgarri, munduan zehar kasu bakarra ez bada ere: Arabiar tradizioko Sabako erreginaren legendan ere ageri da, baita Eskoziako Glaistig izeneko Lamiaren antzeko izakian ere.


Ingurugo mitologietan Ninfa klasikoen itxurako hadak ditugu batez ere: Asturiasen Les Xanes hadak eta Les Serenes sirenak, gure kostako Lamiak modukoak. Kantabriar mitologian Anjanas, Gaztelan Encantadas eta Catalunian Dona d'aigua ditugu, guztiak Ninfen itxurakoak. Baina badira Galizian Lumia izeneko jeinuak, gorputza dragoiarena eta aurpegia neska gaztearena dutenak, mitologia klasikoko Lamien antzekoak.

Aragoiko mitologian Lainak ditugu, gure Lamien antzekoak izatez eta itxuraz, neska gazte- gorputza eta antzara-oinak dituzte eta. Ziurrenik, gure Lamiatik datorren pertsonaia bat izan daiteke; euskara eta euskal kultura, artzainen bidez, Pirinioetan hedatzen zen garaietako aztarna.

Gure jeinu honen izenaren jatorria eta ezaugarriak kontuan izanda, badirudi erromatarrek ekarritako mitoa dela, euskaldunek bereganatu eta egokitu zutena
.

HODEI


Hodei izena lainoari ematen diogu euskaraz, baina herri-sinesmenean trumoiari edo trumoia ekartzen duen jeinuari deritzo. Berak botatzen ditu trumoiak eta tximistak, herritarrak izutzeko eta uztak alferrik galtzeko. Nekazarien sinesmenek diotenez, Hodei laino ilun eta ekaiztsu baten itxuran agertzen da, eta antzinako jeinu edo jainko bat da, zeruko jainkoa. Antzinako Ortz edo Urtz jainko zerutiarraren antzekoa da, eta berak ordezkatu zuela dirudi.

Greziar mitologian Zeus, jainko eta gizakien aita, zeruko jainkoa eta trumoien jainkoa da. Erromatar mitologian baliokidea Jupiter da. Iparraldekoan eta germaniarrean Thor ahalguztiduna da trumoiaren jainkoa. Ambisagrus zelten jainkoa edo Taranis galiar jainkoa eguraldiaren jainkoak ziren, eta haiek kontrolatzen zituzten trumoiak, tximistak, ekaitzak, euriteak eta txingorrak. Hodeik, trumoiaren jeinua izan arren, ez du jainko horien maila boteretsurik, bere sinesmena trumoiarekin lotuta dago zuzenki; fenomeno natural horren azalpenean du jatorria.


Gure inguruko mitologietan ere baditugu antzeko jeinuak: Nuberu Asturiasen, Nuberos Kantabrian, Nubeiro Galizian eta Nubleros Gaztelan. Hodeien eta ekaitzen jeinuak dira eta eguraldiaren beraiek kontrolatzen dute.


GALTXAGORRI


Galtza gorriz jantzitako gizontxo txiki-txikiak dira Galtxagorriak. Bizkorrak, biziak, onak eta jostalariak dira jeinu laguntzaile horiek. Jabeak orratzontzi edo kutxatxo batean izaten ditu, eta bere esanetara daude edozein lanetan laguntzeko, lan hori sinesgaitza izanda ere.

Germaniar mitologian aurkitzen ditugu antzeko etxeko jeinu laguntzaileak: Kobold-ak.


Gure ondoko mitologietan ohikoak dira etxeko jeinu horiek: Trasgu Asturiasen, Trasgos eta Trastolillos Kantabrian, Trasno edo Trasgo Galizian, Enemiguillos edo Diminutos Gaztelan, Diablillos edo Follets Aragoin eta Follet Catalunian. Baina jeinu hauek laguntzaileak baina gehiago etxeko jeinu bihurriak dira, adar jotzaileak askotan.

TARTALO

Begi bakarreko gizon erraldoia da jeinu gaizto hau, lanbidez artzaina. Herrietako gazteak bahitu eta jan egiten ditu pizti anker honek, eta, hori dela eta, izua eragiten du Euskal Herriko zenbait bailaratan.

Ziklopeak oso ezagunak dira munduko hainbat mitologiatan.

Kantabriako mitologian Ojancanu izena hartzen du; Gaztelakoan Ojancano, eta erraldoi begibakar izugarria da. Tartaloren antzera, bizi den haitzuloaren sarrera harritzarrekin ixten du. Antzekoak dira Galiziako Ollaparo eta Asturiasko El Pataricu.


Mitologia klasikoan Ciclope deritzon erraldoi begibakarrari eta Zelten mitologian Balar edo Balor.

Greziar mitologian Tartaro lur barne sakoneko lekua da, azpimunduko gune bat, Hades baino sakonagoan dagoen lekua. Sufrimendu eta zigorraren toki bat da, kristau infernuaren parekoa. Urano jainkoak ziklopeak (Brontes,Estéropes y Arges) Tartaron giltzaperatu zituen. Tantalo, berriz, greziar mitologian Zeus eta  Pluto
oceánideren semea zen eta, lehen aipaturiko azpimunduko biztanle bihurtu zen.

Homeroren Odisea poema epikoan Polifemo erraldoi begibakarra, haitzuloan bizi zen artzaina,  gure Tartaloren ezaugarri beretsuekin agertzen zaigu.

Itxura guztien arabera, erromatarrengandik jasoa izango du euskal mitologiak, eta bereganatze horretan, greziar ziklopeen ezaugarriak hartuz eta leku izugarriaren izena jasoz, alegiazko izaki izugarria bihurtu du.


SORGINAK


Mariren, Etsairen edo Akerbeltzen esanetara dagoen emakumezko jeinu gaiztoa da Sorgin. Aparteko dohainak ditu, eta hari egozten zaizkio uztaren hondatze ezustekoak, errota eta burdinolen matxurak, gaixotasun eta heriotza misteriotsuak, itsasontziak urperatzeak, eta abar.

Jeinu honen eraginez sorginduta dauden pertsonei ere sorginak deitzen zaie. Gehienetan emakumezkoak dira, dohain bereziak dituzte, eta gaiztakerietan jarduten dute. Emakume horiek taldean dihardute, eta, data jakinetan, gauez ospatzen dituzten batzarretara, akelarreetara, joaten dira hegan. Emakume sorgindu hauen berri Erdi Aroaren amaieran eta Garai Modernoaren hasieran izan genuen, elizgizon katolikoen kroniken bidez, hain zuzen ere.


Greziar mitologian Graya-k eta Moira-k hiru emakumezko dira eta, sorginen antzekotasuna badute ere, hauek etorkizunaren iragarle modura agertzen dira, kalte-ekarle baino gehiago. Iparraldeko mitologiako Norna-k ere patuarekin erlazionatutako jeinuak dira.

Sorginei, guk ezagutzen ditugun sorginduak zentzuarekin, maleficae deitzen zitzaien latinez, eta termino hori erabili zen Erdi Aroa guztian Europan zehar.

Inguruko mitologietan, sorginen ezaugarri berdinak dituzten jeinuei Brujas edo Bruxas deitzen zaie. Galizian, berriz, Meigas izena hartzen dute.

Latin arruntean, sortiarius esan nahi zuen, hau da, zoriaren hitzontzi edo hiztuna (frantsesez Sorciere hortik dator), eta latin klasikoan hasieran sors edo sortis ‘igarle’ esanahi zuen, eta gero ‘patua, zorte edo zori’. Litekeena da sorgin euskal hitza latineko hitz horretatik etortzea: sor(ti)s + gin, patua, zortea edo zoria egiten duena.

HERIO


Heriotza mito ugariren iturri izan da gizakiarentzat edonongo mitologietan. Euskal mitologian, gizakiaren heriotza, fenomeno natural legez hartzen da, oro har, baina zenbait kasutan lurreko bizitzatik beste mundura joateko ordu horretan, jeinu baten eragina ikusten da. Arima batzuen bila dabilen eta heriotza dakarren pertsonaia mitologiko hau Herio da.

Greziar mitologian Tánatos da heriotzaren jainkoa, Erromatarrean Mors eta Zelten mitologian Fomore-ak dira heriotza ekartzen dutenak.

Galizia Santa Compaña (Konpaini Saindua) parrokia baten bideak eta zidorrak iragaten dituen hildako eta arimen prozesioa da eta norbait hil behar duenean, arima hauek bisita egiten diote. Sinesmen hau, izen ezberdinekin bada ere, oso ezaguna da Asturias eta Gaztelan ere.

ZEZENGORRI


Zezengorrik, izenak dioen bezala, zezen gorri baten itxura hartzen du, eta Behigorri edota Txahalgorri aldaerak ere baditu. Batzuetan sudur zulotik eta ahotik sugarrak botatzen ditu, eta horrela kiskaltzen ditu bere arerioak; beste batzuetan, aldiz, haitzuloko iluntasunean distiratsu agertzen da Zezengorri, bere adarrak eta buztana suzkoak baitira.

Zezenaren gurtza ohikoa zen antzinako kulturetan. Egipton Apis emankortasunaren jainkoa zen, eta, ondoren, Mesopotamiara eta Greziara zabaldu zen. Europako mendebaldera erromatarrek ekarri zuten. Euskal Herrian, hainbat erromatar estelatan agertzen zaigu, garai haietan jainko lez hartzen zen seinale. Dirudienez, euskal mitologiak garai horietatik gorde du Zezengorriren edo Behigorrirenganako sinesmena.
Zelten artean ere zezenarenganako gurtza ohikoa zen; emankortasun eta gizontasunaren iruditzat zeukaten. Hurbileko mitologietan ez dugu aurkitzen zezen itxurako jeinu mitologikorik.

Polifemoren legenda eta euskal mitoak

Juan Manuel Etxebarriak emandako ideiari tiraka

Odisea Homerok k.a. VIII. mendean idatzi zuen poema epikoa da, eta bertan kontatzen zaigun pasarte batek badu antzekotasunik euskal mitologian agertzen diren zenbait mitoekin.

Odisearen IX. atalean hau kontatzen du:

Odiseo, Troiako gudaren heroia, ziklopeen irlara, Siziliara, iritsi zen itsasontzian bere soldaduekin, eta haitzulo handi batean babestu ziren. Ez zekiten haitzuloa Polifemo ziklopearen bizilekua zenik. Polifemo artzain basati erraldoi eta begibakarra zen. Bere ardiekin haitzulora itzuli zenean eta arrotzak aurkitu zituenean, sei gizon hil eta, zirt-zart, bi jan egin zituen, hezur eta guzti. Gainontzeko greziar guztiak haitzuloan giltzapetu zituen bere ardiekin.

Orduan, Odiseok ihes egiteko plan bat pentsatu zuen.

Polifemori kupel bat ardo eskaini zion edateko, eta ziklopeak galdetu zionean nola izena zuen, ‘Inor ez’ deitzen zela erantzun zion. Erraldoiak kupel ardoa hustu eta mozkortuta lo sakonean erori zenean, Odiseok sutan goritutako lantza bat sartu zion begi bakarrean. Polifemo, itsututa, garrasika hasi zen, gainontzeko ziklopeei deika. Etorri zirenean, halako triskantzaren egilea nor izan zen galdetu zioten, eta berak 'Inor ez' erantzun zuen. Hori entzutean, mozkorti zorotzat hartu zuten, eta joan egin ziren.

Biharamunean, bere ardiak haitzulotik ateratzen hasi zen banan bana. Ezin zuenez ezer ikusi, ardiak kanporatzerakoan bizkarra ukitzen zien. Baina, Odiseok bere gizonei esan zien ardien sabelean zintzilika zitezela, eta horrela ihes egitea lortu zuten.

Elezahar hau gure Tartalo begibakarraren elezaharraren oso antzekoa da. Gogora dezagun legenda ezagun hau:

Elezaharrak dioenez, joan ziren bi anaia mendira ehizan egitera, eta izugarrizko ekaitza etorri omen zitzaien gainera. Babesteko asmotan, inguru haietan zegoen etxola handi batean gorde ziren. Berehala, atzetik artalde bat sartu zen, eta haiekin artzaina, begi bakarreko gizon handi bat. Sartu ahala, harri handi batekin itxi zuen sarrera, eta berehalaxe konturatu zen bi anaiak barruan zeudela.

Orduan, Tartalok esan zien anaietan nagusiena jango zuela afaltzeko, eta gaztea hurrengo egunerako utziko zuela. Horrela, bada, sartu zion burruntzia anaia zaharrenari, erre zuen sutan, eta jan egin zuen. Betekadaren ondoren, lurrean etzanda, zerraldo gelditu omen zen lotan.

Hura ikusirik, Antimuñok, anaia gazteak, burruntzia sutan goritu eta begi bakarrean sartu zion. Tartalo marruka altxatu zen, eta, burruntzia begian iltzatua zuela, gaztearen bila hasi zen, baina itsu zegoen eta ardi tartean ezin izan zuen aurkitu anaia gaztea.
Goizean, ateko harritzarra kendu, eta irteeran kokatu zen hanka zabalik. Ardiei banan-banan haien izenez deitu, eta hanka tartetik ardiak kanporatzen hasi zen, anaia gaztea harrapatzeko asmotan. Gazteak, ardi larru bat bizkarrean zuela, lau hankatan, beste ardiekin batera, kanpora ihes egin zuen artzainaren hanka tartetik. Tartalok igarri egin zuen, eta, gaztearen hanka hotsa jarraituz, haren atzetik abiatu zen lasterka. Gazteak, osin batera jauzi egin, eta alde egin zion igerian. Tartalok igerian jakin ez, eta putzu sakonean ito omen zen.




Bi kontaketak erkatzen baditugu, lehenik ikusten duguna pertsonaia nagusien, Polifemoren eta Tartaloren, antzekotasuna da: ziklopeak eta erraldoiak dira, artzainak, gizajaleak eta haitzuloan bizi dira.

Kontatzen zaigun istorioa ere berdintsua da. Ziklopeak haitzuloan bahitzen ditu gizakiak, gizakiak jaten ditu, lo zerraldo gelditzen denean begi bakarra hondatzen diote burdin goriaz, eta ihesaldia ardien babesean egiten dute.

Aldatzen diren gauza bakarrak gizakien izaera (soldaduak batzuk, herritarrak besteak) eta ihes egiterakoan batzuk ardien azpian doaz eta besteak ardi-larruz babestuak. Gizakiei dagokionez, greziar elezaharrean erraldoiari gerra heroi batek irabazten dio; greziar zibilizazioaren izaera gerlariaren adierazle da hau. Baina, euskal kontaketan herritar gazte arruntak dira; euskal zibilizazio xumearen adierazle.

Ziklopearen izena ere ezberdina da, baina Tartalo izenak greziar mitologian du jatorria. Tartaro azpimunduaren sakonean dagoen infernua da greziar mitologian, eta Tantaro bere bidegabekeriengatik Tartaron amaitu zuen pertsonaia mitologikoa da. Beraz, badirudi euskal erraldoiaren deitura leku edo pertsonaia izugarri baten izenaren aldaera batetik datorrela.

Badago beste ezaugarri bat Polifemoren legendan euskal mitoetan agertzen dena. Odiseok dio “Inor ez” izena duela eta Polifemok beste ziklopeei kontatzen dienean “Inor ez” izan dela begia hondatu diona, zorotzat hartzen dute. Larrun mendiaren oinetan Lamia bati gertatutakoa eta Gatzagako sorgin bati gertatutakoa antzekoak dira.

Gatzagako sorginak begi bakarra zuen eta baserri batera lapurtzera joan zenean nagusiak burruntzia sartu zion begian. Baserritarrari izena galdetu zionean Ni Neu naiz erantzun zion. Orduan, sorgin kideengana joan zenean eta esan zienean Neuk egin ziola, zorotzat hartu zuten.

Larrungo kontaketan Lamia da protagonista eta baserritarrak Nihaur deitzen zela esan zion. Lamia lapurretara joan zenean, gurin beroa aurpegira bota zion. Lamia kideengana joan zenean eta Nihaur-ek egin ziola esatean, bera konpon zedila erantzun zioten.

Polifemoren kasuan Inor ez eta euskal aldaeretan Neu dira, baina trikimailua bera da. Dena den, ez dakigu jeinu gaiztoei ziria sartzeko trikimailu hori Euskal Herrian sortua den edo greziar tradiziotik datorren.

Euskal ziklopearen mitoa ziurrenik greziar mitologiatik dator, eta erromatarrengandik jasoa omen dugu euskaldunok. Harrigarria da zein aldaketa gutxi izan dituen hainbeste menderen ostean, kontuan hartzen badugu euskal tradizioak ahoz ahoz transmitituak izan direla belaunaldiz belaunaldi.

Azken ondorio legez, esan behar da euskal mitologia beste zenbait mitologiaren mitoez elikatzen eta aberasten joan dela eta berezko ezaugarriekin batera izaera propio duen mitologia bat dugula.
.