Sinesmenak‎ > ‎

Animen Gaua

    Animen Gaua hildakoen omenez azaroaren hasieran ospatzen diren jaien barnean kokatu behar dugu. Santu Guztien Eguna edo Domu Santu eguna azaroaren bata izaten da eta Animen Gaua bezperan ospatzen da. Azaroaren bian Hilen Eguna ospatzen da.

    Santu Guztien Eguna fededunek santu baten jaieguna huts egin izana barkatzeko jaieguna da berez, eta egun horretan, Euskal Herri osoan, sendiko hilak oroitzeko hilerrietara joateko ohitura dago. Hilen Eguna edo Animen Eguna Purgatorioan dauden arimen aldeko ospakizuna da.

    Urriaren 31n Arimen Gaua ospatzeko ohitura Euskal Herriko txoko askotan oso zabaldua zegoen oraindik duela hamarkada batzuk. Iluntzean haur eta gazteak bide bazterretan arbi eta kalabaza hsutuetan kandelak ezkutatzeaz gain, etxez etxe eske errondak egiten ziren, neguan ospatzen diren beste jai ezagunetan bezala.


JATORRIA


    Hilen inguruko ospakizun hauek, gaur egun erlijio katolikoarekin batzen baditugu ere, bere jatorria zeltek ospatutako Samhain jaian du. Jai haren izena antzinako irlanderatik dator eta «udaren bukaera» esan nahi du. Uzta biltzeko sasoiaren amaiera ospatzeko jaia zen, bai eta iluntasunarekin hasten zen zelten urte berriaren ospakizuna ere. Trantsizio jaia da, beraz (urte batetik bestera igarotzeko jaia), bai eta beste mundurako irekiera ere. Hiru mila urtez Europa osoko zelta nazioek ospatu izan dute. Antzinako britoiek ere antzeko jai bat zuten, Calan Gaeaf deitua.

    Antzinako zeltek Samhainaren etorrerarekin mundu honetan eta beste munduaren arteko lotura estutzen zela uste zuten, eta beraz izpiritu on zein txarrek zeharkatzea errazago zuten. Familiaren arbasoak gonbidatzen zituzten eta omentzen zituzten, izpiritu txarrak aldentzen zituzten bitartean. Uste denez, jantzi eta mozorroen erabilera izpiritu txar hauek uxatzeko zen. Helburua izpiritu txar baten itxura hartzea zen eta horrela ez zen minik jasotzen. Eskozian izpirituen ordez zuriz jantzita eta aurpegi belztua zuten gazteak agertzen ziren.

    Antzinako Erromak zelten lurraldeak okupatu zituenean, beste askotan gertatzen zen bezala, jaia euren kulturara asimilatu zuten. Berez Erroman urriaren bukaeran eta azaroaren hasieran "uzta jaialdi"ak antolatzen ziren, Pomonaren omenean (fruitu arbolen jainkoa).

    Erlijio katolikoak jai paganoak bereganatzen saiatu zen, eta, San Joan egunarekin eta Gabonekin egin zuen bezala, jai pagano hau Santu Guztien Egunarekin lotu zuen. Gregorio III.nak (731-741) santu guztien omenezko eguna sortu zuen eta Gregorio IV.ak eleiza katoliko guztira zabaldu zuen. Santu Guztien Eguna lehen aldiz 699an ospatu zen, maiatzaren 13an. 835an azaroaren 1era igaro zen, Samhainaren data berdinean, Gregorio IV.aren aginduz.



HALLOWEEN


    Anglosaxoi  herrialdeetan, zelten eragina dela medio, Halloween jai ezaguna ospatzen da Santu Guztien Egunaren bezperan, eta egun horren biharamunean Hilen Eguna ospatzen da kristauen egutegi liturgikoan. Egun hauek ingeleraz Hallowmas bezala ezagutzen dira eta kristauentzat santuak eta hildakoak gurtzeko egunak dira, arimak Zerura iristeko errezatzeko egunak.

    Gaur egungo Halloweengo ohiturek aldaketa handiak izan dituzte, eta, batez ere, Ipar Amerikan erlijioarekin harremanekin ez duen mozorro jai garrantzitsu bat bihurtu da. Ospe hau komertzioaren publizitateak eta zineak eman dion bultzadarengatik izan da. Ipar Amerikara irlandar migratzaileek eraman zute ohitura XIX. mendean.

    Sorginen gaua ere deitzen dioten jai honen ikur bereizgarrienetako bat kuia edo kalabaza huts argiztatuak jartzearena da. Ohitura hau, irlandar herri sinesmenak dionez, Jack izeneko irlandarrari gertatutako elezahar batetik dator (Jack-o-lantern).

    Beste ohitua bat umeak mozorro beldurgarriekin auzoko etxeetatik eskean aritzearena da. Etxe batera eskean joaten direnean "trick or treat" (trikimailua edo tratua) esaten dute, eta etxekoek goxokiak ematen dizkiote umeei.



EUSKAL HERRIKO OHITURAKAnimen Gaua (=Halloween)


    Euskal Herrian egun hauek tradizio katolikoarekin batutako ospakizunak izan dira batipat. Santuak eta hildakoak gurtzeko egunak dira, arimak Zerura iristeko errezatzeko egunak. Domusantu Egunean eta Animen Egunean elizkizunak ospatzen dira hildako senitartekoen eta lagunen omenez otoitz egiteko. Hilerrian, hildakoaren omenez, lehen oliozko kandilak edo argizaria jartzen zen, eta gaur egun loresortak.  

 

    Baina, egun hauetan baziren bestelako ohitura batzuk, gaur egun sartzen ari zaigun Halloween antzekoak. Hain zuzen, kalabazak hustea, janari eskean ibiltzea edo baserriz baserri kantuan ibiltzea ohitura izan dira herri askotan XX. menderaino.

    Kalabazak, edo arbia, hustea eta modu beldurgarrian argiztatzea, gauean izua sortzeko, ohikoa zen Euskal Herriko toki askotan. Galizian ere badute tradizio hori.

    Gaztain garaia izaten denez, kalean gazteak gaztainak jatea ere ohitura omen zen.

    Neguko beste zenbait ospakizunetan (Gabonak, Iñauteriak, Santa Ageda) bezala eskean ateratzeko ohitura ere bazegoen. Eskean ari zirenean eske-formula batzuk ere erabiltzen ziren, Halloween jaian erabiltzen duten "trick or treat" modukoak. Itziar Diez de Ultzurrun Sagalàk Nafarroan erabiltzen ziren esaldi hauek aipatzen ditu:

  • Xanduli Manduli, Kikirriki… echeme usted nueces por aquí! (Ollaran)

  • Txinurrie, mandurrie, alakatan, txinurrie.(Baternain)

  • Tirriti-tarrata mandulon, domine domine sandulon, en esta casa no hay turrón (Etxauri)

  • Dominé-dominé castañé, y si no zikiñé. (Uterga)

  • Chinurrie, mandurrie, aratako castañere, ¡Si nos echas, pa tu tía! (Muru-Asterain) (Txinurri erraten zaio Iruñerriko herri batzuetan haurrek etxez etxe egiten duten intxaur eta gaztaina bilketari).

  • Txingila mingila kurruskario, abre las puertas del armario. (Zaragueta)


    Hona hemen egun hauetan zeuden ohituren inguruan jasotako testigantzak (gehienak Oier Araolaza antropologoaren ekimenez jasoak):


  • Toribio Etxebarria (Eibar, 1887): “Animen egunian, oittura zarra zan Eibar-en, jan da eran tabernan eittia moskortu arte. Baita kaleko neska mutillak, alkarregaz, baserrixetan gastaña erriak jatia.”

  • Berrizen, 20. mendearen lehen zatian: "Gabean edo iluntzean ipinten zan kalabazea, begiak eta ahoa egin, barruan kandelea sartu isiotuta, kanpatorrean. Kalabazea hustu egiten zan, zuloa egin azpitik, haziak-eta kendu, eta gero ipinten jakon kandelea barruan eta begiak eta ahoa aterata ipinten jakozan, zein da buru baten formea. (...) Eta ha ba, izentazinoa kalaberearena izango zan, nik pentsau."

  • Nati Etxaburu (Ondarroa 1932): "Gogoratzen naiz txikia nintzenean Santu Guztien Egunaren gauean, edo bezperan, kaleetako txoko ilunetan kalabaza hustuak kandelakin jartzen zituztela. Izugarrizko beldurra pasatzen nuen. Kanpusantuan oliozko lanparatxoak jartzen ziren hilobi gainean, baina lorerik ez zen jartzen. Animen Egunean, hilaren bian, egun guztian hil-kanpaiak jotzen zituzten." (Hizkera egokitua)

  • Juan Jose Araolaza (Zizurkil, 1943). Mutil koskorra zela Zizurkilen ezagutu zuen Arimen Egunaren inguruko festa. Kalabazak hustu, begi eta ahorako zuloak egin eta kandelak jartzen zizkioten barruan. Ilunpetan irudi ikaragarria eragiten omen zuen.

  • Joakina (Oiartzun). Joakina gogoratzen da kalabazu hustu, zuloak egin eta kandela barruan jartzen iotela, jendea beldurtzeko. Oiartzuarren baitan.

  • Herminia Lazpita (Berriz). "Gabean edo iluntzean ipinten zan kalabazea, begiak eta ahoa egin, barruan kandelea sartu isiotuta, kanpatorrean. Kalabazea hustu egiten zan, zuloa egin azpitik, haziak-eta kendu, eta gero ipinten jakon kandelea barruan eta begiak eta ahoa aterata ipinten jakozan, zein da buru baten formea. Eta sartzen jakon kandelea erdian, eta hareek begietatik eta surretik-eta, argia ikusi egiten zan. Ganera orduan ez egoan argirik kaleetan, dana ilunetan. Eta ha ba, izentazinoa kalaberearena izango zan, nik pentsau, gazteak gintzazan eta, baina hortxe ipinten zan kalaberearen..." ("Antxinako Berriz", Labayru-ren hustuketa).

  • Mutrikuko adinekoek. "Santu Guztien inguruko gauren batetan (...) herriko gaztetxoak alde batetik bestera ibiltzen omen ziren jendea beldurtzen. Egun batzuk lehenago inguruko baratzetan kalabazak lapurtzen zituzten, gero hustu eta barruan kandelak sartzeko. Kalabazak atarietan-eta jartzen zituzten. Kanta bat ere bazen horren inguruan: «Xesteron kontra, animen alde...» (Xestero Mutrikuko ehortzailearen izena zen). XX. mende hasierako urtetan egiten zela behintzat badakigu."(Argia aldizkarian jasoa).

  • Arabako Errioxan. "Nire amak txikitan kalabazak hartu, hustu eta kandela bat sartuta bihurrikeriak egiten zituzten herrian. Nnire herria arabako Errioxan dago, eta tradizioa belaunaldi horretan galdu zen (duela 55 bat urte)."

  • Jon Abril (Lesaka): "Nire amaren aitatxi-amatxien garaian ere, Lesakan eta Beran, bazegoen kalabazak hustutzeko ohitura hori, gure garaietaraino iritsi zena. Ederki oroitzen dut nik, ikastolan, 70. hamarkadaren bukaeran, oraindik, nola hustutzen genuen kalabaza haundi bat, eta barrenean kandela paratu. Gerora, hainbat urtetan, ohitura galduta zegoela uste izan nuen, Halloween ailegatu zen arte!"

  • Maider (Artea, Bizkaia): " Guk ere, ohitura bera genuen eskolan, Itziar Bernaolaren gidaritzapean. Kasu honetan, bizkaian, Artea herrian."

  • Begoña Martinez (Lizarra, Nafarroa): "Ni Estellakoa naiz eta nire gurasoak Arandigoiengoak (Deierri). 51 urte ditut eta duela hiru-lau urte arte ez dut jakin ohitura hori hemen egon zenik. Erran bezala, duela urte batzuk amak (orain 81 urte ditu) hustu zuen kalabaza bat, begiak eta ahoa egin eta kandela bat sartu zion. Galdetu nionean nondik ikasia zuen, nire harridurarako betitik zekiela eta txikitan egiten zutela erantzun zidan. Herriko larrain batean jartzen zituzten hustutako kalabazak, kandela barnean, eta jolasean aritzen ziren. Ez du oroitzen deus ez kantarik ez bertze deus berezirik.Geroago enteratu naiz Estellan ere duela 45 urte oraindik ere egiten zutela Karrika nagusiko haurrek. Korriketan ibiltzen ziren, elkar izutzen."

  • Martzelino Dorronsoro (Baliarrain): «bide bazterretan arbi eta kalabazak jartzen ziren barruan kandelak sartuta» eta gaur egungo argi eta farolen faltan, izugarrizko beldurra sortzen omen zuten. «Etxeetan kanposantura ez hurbiltzeko esaten zen, fantasmak egoten zirela eta. Behin maindireekin beldurra zabaldu zuten batzuek».
  • Maria Zabalaren (1914-2010) Elduaien: «Behin, Berastegitik bueltan, neska batzuk etorri zitzaizkigun garrasika eta beldurtuta, etsaiak zeudela esanez. Kalabazak ziren, beren begi ahoakin, kandela barruan zutela. Berastegiko mutilak izan ziren…».
  • Iñaki: "Gure amak, 1942, Igeldo eta Antigua aldean kalabaza hustu, begiak eta ahorako zuloak egin eta barruan kandela piztutzen zutela ere txikitan kontatzen zigun."

  • Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà: Iruñeko emakume adineko batek, Tere Chacon Goñik, okindegiko kalabaza tankerako pasta marmeladezkoei kopeta zimur begira zegoela, xalo-xalo erran zidan bera ere ibilia zela txikitan domusaindu egunean Arrotxapean kalabazak husten eta aurpegiko zuloak egiten, gero gauez haiekin irteteko, dibertigarria eta beldurgarria zela. Baina orduko festa hark ez zuela oraingoaren kutsu kontsumista.



ITURRIAK:
Sustatu: http://sustatu.eus/1288255187