EGUBERRI: NEGUKO SOLSTIZIOA

URTEAREN ZIKLOA


Antzina, euskaldunek urtea bitan banatzen zuten, alde batetik uda eta bestaldetik negua. Urtea, bere izenak esaten digun bezala, (ur + te) ur edo eurien kopura edota maiztasuna banatzeko denboraldia zen, hau da, eurien zikloa.


Uda eta neguaren arteko banatzaileak solstizioak eta ekinozioak ziren. Abenduaren 21-22an, neguko solstizioarekin batera, negua hasten da eta martxoaren 21ean, udaberriko ekinozioarekin, bukatzen da. Neguko solstiziotik udaberriko ekinoziora doan denboraldiari euskaldunok negua deitu diogu, garai horretan ama-lurra lotan baitago, baina udaberriko ekinozioa iristean, ama-lurra esnatuko da, indarrik gabe izan den Eki edo Eguzki berpiztuko da, uztak azalduko dira eta gizakiaren bizimodua lur azalean izango da. Negu hitzaren jatorria neu (elur) + egu (egun, garai) = elur egunak, izan daiteke; lehen zatia *sneighw aintzinako indoeroparretik etor daiteke, okzitanieraz horrela esaten da, eta bigarrenari euskal jatorria bakarrik ezagutzen zaio.

Udaberriko ekinozioa den martxoaren 21etik neguko solstizioa den abenduaren 21a arte uda izango da. Halaber, uda edo udara hiru zatitan banatzen da: udaberria, uda eta udazkena. Udaberriko ekinozioa den martxoaren 21etik udako solstizioa den ekaineko 21a arte udaberria daukagu, ekainaren 21etik udazkeneko ekinozioa den irailaren 22a arte uda, eta irailaren 22tik neguko solstizioa den abenduaren 21a arte udazkena, zenbait tokitan negulehena ere deitu izan dena.

San Joanetan udako solstizioan gaude bete-betean. Ekainaren 21-22an bada ere, europar tradizio zaharrak 23ko gauarekin, hau da, Donibane gauarekin, lotu du oso garai zaharretatik. Eguzkiak edo Ekik Ortzian zehar bere ibilbiderik luzeena egiten du eta altuenean kokatzen da, ortziaren edo Ortzi dibinitatearen gaina ukitzen du. Zenbait adituren ustez, ekaina hilabetearen izenak horren berri garbia emanen liguke: Ekaina = Eki + gaina, hau da, Ekik zeruko gaina ukitzen duen momentua.


Abenduaren 21ean uda bukatzen da gure arbasoen kosmogonia zaharrean eta berriro, negua hasten da; eta horrela betidanik eta betirako etengabeko ziklo natural batean sarturik.

Neguko soltizioari Eguberri deitzen diogu, Egun+berri.


EGUBERRIA


Eguzkia (aitzineuskaraz: *egu(n)-ki) edo ekia deitzen diogu eguzki-sistemaren erdian dagoen izarrari, guregandik hurbilen dagoen izarrari. Adituek diotenez, Egu-ren esanahi zaharra zerua edo ortzia da, eta ondoren egurats eta meteorologi ideia desberdinek adieraztera iragaten da. Baliteke, Ama Lurra, Eguzki Amandrea eta Ilargi Amandrearekin batera, Egu antzinako euskaldunen jainkoa izatea, Ortzi jainkoaren aurrekaria.


Adiera zahar horretatik, eguzkia Ama Lurretik irten, bere ibilbidea zeruan egin eta bere amarengana itzultzeko zikloari, urtearen oinarrizko denbora unitateari, eguna deitzen zaio. Beraz, Eguberri hitzaren esanahia egun berri da, eguna (argi orduak zehazki) pixkanaka laburtuz doan aldia amaitzearen eta geroztik luzatzen hastearen fenomenoari erreferentzia eginez, neguko solstizioari deitzen zaio. Antzinako gizakientzat ospatu beharreko gertakizuna behar zuen izan eguzkiaren jaitsieraren amaiera eta eguna luzatzearen hastea, naturarekin zuen bizimodu estua dela eta. Horrenbestez, esan daiteke, jatorrian argiaren edo eguzkiaren omenez egiten den ospakizuna dela Eguberria.


Horrelako ekitaldiak Europa osoan ospatzen dira antzinatik, historiaurretik ziur aski. Zeltiar, germaniar eta eskandinaviar herrien antzinako tradizioak (Europa iparraldekoak eta erdialdekoak), urteko ziklo naturalen eta naturaren indarren errespetuan eta jarraipenean oinarrituak, neguko solstizioan (Ipar Hemisferioan, abenduaren 24a inguruan), ume-eguzkiaren jaiotza ospatzen zuten, Ama Handiaren semea, lurrarekin eta ilargiarekin lotua. Eskandinaviako herrialdeetan, data hau Yule deitzen zen, eta eskandinaviar hitz batetik dator, "Gurpila" esan nahi duena (urtaroen zikloari erreferentzia eginez). Bitxia bada ere, tradizio hau antzinako beste herri batzuen artean eta mito greko-erromatarretan ere aurkitzen da.

Kristautasuna Europan sartu zenetik, lehenagoko gurtze zaharrak desagerrarazten ahalegindu ziren, baina geroxeago, ezinezkoa zelakoan, kristautasunarekin lotzen saiatu ziren. Hori dela eta, Julio II. aita santuak, Jesukristoren jaiotzaren data ezezaguna zenez, neguko solstizioan ospatzea erabaki zuen. Honela, 354. urtean, historiako lehen Eguberri kristaua ospatu zen. Kristautasunak sinesmen paganoa berera egokituz, Natibitate eguna ezarri zutenean bi kosmogonien arteko sinkretismoa bilatzen zuten, hori dela eta, Eguberri izen zaharra baliatu zuten euren sinbologia berrirako.


Zenbait ikerlarik digutenez, Eguberri hitza kristauen aurrekoa litzateke, eta hitz horren barruan Ortzi edo Egu euskal dibinitate handiaren izena legoke.



OLENTZERO: NEGUKO SOLSTIZOOAREN PERTSONIFIKAZIOA


Neguko solstizioaren pertsonifikazioa Olentzero dugu, eta neguko solstizioaren gurtzearekin loturik agertzen zaigu. Olentzero hitzak baditu zenbait aldaera: Olentzaro, Orentzaro, Orantzaro… Subilaro izena ere erabiltzen da.


Olentzero izenaren inguruan etimologiaren inguruan iritzi ezberdinak aurki ditzakegu:


  • XVII. mendeko Lopez Martinez de Isasti kronikariak aipatzen du, lehen aldiz, ‘onen aroa edo garaia’ esan nahi duela, eta garai batean Gabon egunari deitzen omen zitzaiola horrela. XX. mendean R.Mª Azkue euskaltzainburuak etimologia bera defendatu zuen.

  • Eusebio de Etxalar fraideak dio Erdi Aroan abenduaren 18tik 23ra egiten ziren otoitz batzuetan dutela jatorria, Antiphonae deiturikoetan. Otoitz haiek “O” letraz hasten ziren guztiak, eta hortik dator “O”-ren aroa edo garaia esanahia. Frantzian, Antiphona horiei “les O de Noël” deitzen zioten, eta, ondorioz, les oleries (Oren garaia) esapidetik, Iparraldean, Orentzaro sortu omen zen, eta gero hegoalderantz hedatu zen.

  • Seber Altube eta Manuel Lekuonaren iritziz, Olentzero izenaren olen hasiera frantseseko noel hitzaren metatesi edo letra ordenaren aldaketa batetik dator.

  • Jose Maria Satrustegik Olentzero oles edo agur egiteko garaia dela zioen. Oles hitza eske-kantuetan, Santa Agedaren kopletan adibidez, agertzen da.


Gipuzkoako leku askotan, eta baita Nafarroan ere, Olentzaro deitzen zaio mendian txabola batean bizi den ikazkin xelebre bati. Gabon egunean, etxekoak oheratutakoan, tximiniatik sartzen da Olentzaro Gabon suarekin epeltzera, eta, horregatik, egun horretan, garbi egon behar du tximiniak. Herri batzuetan, lastoz eta trapuz egindako panpina bat ateratzen zuten Gabon egunean, eta herriko plazan erretzen zuten. Beste batzuetan, gazte bat ikazkin mozorrotzen zen, eta Gabon gauen eskean ateratzen ziren gazte taldeak.


Olentzeroren inguruan hamaika istorio eta kontakizun daude. Leitzan ongi hartua izaten zen eta esker onez, Olentzero etxeetan ogirik falta ez zedin arduratzen zen. Hori dela eta, herri honetan, abenduaren 24ko gauean, etxeetako hormetan belarrez betetako panpina ezartzen dute. Baraibarren esaten dutenez, bertako mendietan, txondorrean, ikatza egiten, aritzen omen da 24ko gauean. Goizuetan, gau horretan, sardina bat jartzen dute talo gainean. Elduainen, umeek gaztainak erretzen dituzte, danbolinaren soinuaz Olentzero uxatzeko asmotan, bertan esaten dutenez, aipaturiko gauean, Olentzero etxeetako tximinietatik sartzen baita. Berueten, Olentzero iristean, aztiak eta sorginak bidera ateratzen zaizkio eta gaiztakeriak ahazten omen dituzte. Berrioplanon, urtea bukatzeko bi egun geratzen zirenean, esaten zuten: Ez zaitezte kalera irten, bihar, urteak egunak hainbat begi dituen gizon bat etorriko baita. Areson haurrak izutu egiten zituzten, Olentzerok igitai batez lepoa moztuko ziela esanaz, gau hartan ohera goiz erretira zitezen. Oiartzun eta Bidasoa bailaretan Olentzero ona bazen ere, kontuz ibiltzekoa zen, mozkorturik eta ikatzez zikindurik etortzen baitzen.


Olentzaro hitzaren esanahiaren inguruan, izenaren lehen zatiaren jatorria dena dela ere, ohar gaitezke, ”aro” azken partikula garai bat izendatzeko modua dela. Esan daiteke beraz, lehen neguko solstizioaren inguruko garaia adierazten zuela, eta gaur egun, berriz, pertsonaia bat.


Badira elezaharrak, Olentzero azken jentila, dela aipatzen dutenak. Jentilak kristautasuna heldu aurretiko euskaldunak ziren. Hau da, Kixmi (tximu edo tximino adierazi nahi du), Kristauen jainkoa, etorri zenean jentilak desagertu egin ziren, baina batek iraun zuen, eta honek eman zien herritarrei Jesusen jaiotzaren berri (abestiak dionez). Olentzero, azken jentila, Kristautasunak bereganatu zuen.



SUA ETA URA


Suaren inguruko sinesmena eguzkiaren ingurukoarekin parekatzen da, suak eguzkia sinbolizatzen du eta antzinako herri gehientan egon da gurtza hau. Hain zuzen ere, IX. mendeko arabiar kronikek diotenez, Gorbeialdean suaren adoratzaileak bizi omen ziren. Beraz, euskaldunek suaren inguruko gurtza zaletasuna aspalditik dute.

Bai udako solstizioan eta bai neguko solstizioan, eguzkia irudikatzen duen suari gurtza egiten zaio. Udan San Juan su ezaguna dugu, eta neguan, Eguberria suarekin batzen duen hainbat adierazle ikus genezake.


Ikus dezagun ba, Eguberrietan suari egiten zaion gurtza non agertzen den.

Olentzero pertsonaia mitologikoa ikazkina da, bere lana suaren inguruan aurrera eramaten da. Txondorrari, lurrez estalitako egur pilaketa handiari, su eman eta egun batzuen buruan, erre-egosi prozesua egin eta gero, egurra ikatz bihurtua da. Bestalde, Olentzero Gabon gauean tximiniatik jaisten da etxeko sua dagoen sukaldera, eta suaren ondoan uzten zaizkio eskaintzak. Elduainen berriz, Olentzerori beldur diote eta gau horretan sutzar handi bat egiten saiatzen dira; bestela, Olentzaro tximiniatik sar daiteke igitaia eskuan duela eta guztiak akabatu ditzake. Eta, zenbait herritan Olentzero panpina herriko plazan erretzen da gau horretan.

Leku askotan, Gabonetan erretzen den enbor bati izen berezi bat ematen zaio: Gabon-zuzia, gabon-subila edo gabon zuria. Europako kultura batzuetan bezlaxe Euskal Herriko zenbait tokitan Eguberrietan enbor bat erretzeko ohitura dago. Badirudi, Europa osoan zabalduta dagoen ohitura hau zelten tradiziotik datorrela. Solstizio gauean erretzen zen zuhaitz enbor bat zen, eguzkiaren berpizkundea ospatzeko eta oparotasuna erakartzeko. Ohitura hau, Antzinako Egipton, K. a. 5000ean (Horusen jaiotza ospatzen zuten, bere "eguzki erregea" zena) eta Antzinako Sumerian (Mitra Jainkoaren jaiotza ospatzen zuten) ere agertzen da, eta aldaketak jasan ditu, baina ordutik, kultura ugaritan egon da.


Euskal Herrian Olentzero-enborra, subilaro eta beste izen batzuekin ezagutzen da. Neguko solstizioa eta eguberria sinbolizatzen duen objektu bat da. Izen ezberdinak hartzen ditu, lekuaren arabera: Gabon (Trespuentes), Gabon-zuzi (Zegama), Gabon-subil (Abadiaño eta Antzuola), Gabon-mukur (Bedia), Olentzero-enbor (Oiartzun), Onontzoro-mokor (Larraun), Subilaro-egur (Aezkoa), Suklaro-egur (Salazar), Sukubela (Liginaga), Porrondoko (Agurain), e.a.


Gabon-gauean Trespuenten su bajuan jartzen zen enborra idi-pareak ekartzen zuen sukalderaino, eta han, urte osoan, sutegian egoten zen. Larraunen, herri gehienetan bezala, Gabon Gauean bakarrik, eta Laudion eta Agurainen urteko azken gaueraino irauten zuen. Eskirozen eta Elkanon hiru enbor jartzen dituzte: lehenengoa Jaungoikoarentzat, bigarrena Ama Birjinarentzat, hirugarrena familiarentzat. Eraso eta Araquilen, familiako kide bakoitzarentzat eta beste bat eskaleentzat erabiltzen dute. Olaetan, etxeko enborra pizten dute urteko azken gauean, eta aurreko urteko enborretik geratzen den guztia erretzen dute. Gabon-gauean edo urteko azken egunean sua egon delako, Gabon-zuzik bertute berezia du. Suarekin, Gabon Gaueko afaria prestatzen dute Oyarzunen. Abadiñon eta Antzuolan gauza bera egiten dute; gainera, afaldu ondoren, familia bertara gerturatzen da berotzeko. Elduaienen su garra indartsua sortzen dute, haurrei esaten dietenez, Olentzaro pertsonaiak tximiniatik sartu ez dadin; sartzen bada, etxean bizi diren guztiei bizitza kenduko bai die. Esquirozen enborra edo Gabontzuza jartzen dute etxeko ate nagusiaren atarian, urteko lehen egunean, edo San Anton egunean, eta etxeko animalia guztiak gainetik pasatzen dituzte. Uste dute animaliak ez direla istripuz hilko urtean zehar. Ohitura bera zegoen Oiarzun eta Arakilen ere. Agurainen, Gabontzuzi ekaitzak urruntzen ari dela uste dute eta ekaitza hurbiltzen den bakoitzean sua piztu egiten dute.

Zezenak dauden etxeetan honako hau praktikatzen dute: afarian, bi makila jartzen dituzte Gabon-gaueko afarian; biak ere mutur batetik erretzen dira; biek zerbait erretzen dute mutur batetik; gero luzeena alde erretik ebakitzen dute mutur batek zerbait erre egiten du, eta moztutako muturretik bigarren makila gurutzatzen dute, gurutz forma sortuz; gurutze hau zezena dagoen lekura eramaten da eta bertan zintziliokatzen da. Horrekin uste dute zezenak ez duela urtean zehar maminpartidu izenarekin ezagutzen den gaizkia izango.


Aezkoan, Gabon-zuziren errekuntzak sortutako ikatza eta errautsa jasotzen dira. Behi batek errapea gogortuta duenean, enbor ondarra sutan jartzen dute eta ke hori errape gaixoari aplikatzen diote. Zornotzan, berriz, Gabon-zuzik erbinudeak etxean bizi direnei edo animaliei kalte egitea eragozten duela esaten dute. Gabon gauean etxeko sua itzali gabe mantentzen dute, urtean zehar familiakoren bat hil ez dadin.

Bedian enborra edo bere ikatzak kontserbatzen dituzte, eta etxeak bedeinkatzen jarraitzen duela uste dute. Etxean enborra erretzean uzten duen errautsa San Esteban egunera arte mantentzen da, Ibárrurin. Egun horretan, sorora eramaten dute, eta gurutze forman botatzen dute lurrera. Horrela pentsatzen dute animalia kaltegarriak hil egingo direla. Liginagan diotenez, horrela artaldean jaiotzen diren arkumeak emeak izaten ditu .

Erason pertsona bat hiltzen denean, Gabon-zuzia jartzen diote ondoan. Olaetan enbor hori, urteko azken gauean jartzen dute sutan, eta afal ostean, kortan jartzen dute abereak gaixotasunik hartu ez dezaten.


Arabako zenbait herritan (Agurain aldean eta Barrundian) Gabon Zahar egunez sutzarrak pizten dituzte eta amaitzera doan urtea irudikatzen duen zahagia erretzen dute eta kalez kale eramaten dute piztuta abesten duten bitartean: Erre pui erre, ipurdia erretzera.


Enbor horrek dohain babesleak izaten ditu etxekoentzat, pertsona nahiz animali, eta leku askotan urte guztirako erabiltzen dute, gaixotasunen kontra edo ekaitzetatik babesteko.