Sinesmenak‎ > ‎

Heriotza

 Heriotza ohiturak Euskal Herrian


Euskal Herrian, heriotza eta hildako inguruan, ohitura eta erritu zahar asko izan dira.

Heriotza ohitura guztiak ideia batean oinarritzen dira: hil ostean, hildakoak bizirik jarraitzen dutelako sinismenean.

Lehen, heriotza beste bizitzara igarotzeko ate bat balitz bezala ulertzen zen. Gaur, ordea, amaiera bat bezala ikusten da. Heriotza osteko beste bizitza horretan ez sinistean, erritoek euren zentzua galtzen dute.

Euskal gizartean, hileta errituetan, emakumeek gizonezkoek baino garrantzi gehiago izan dute. Emakumeak izan dira neurri handi batean erritu horien bitartekariak.





Hainbat epealdi bereiz daitezke heriotza ohituren historian.


HISTORIAURREA

Bizitzaren berrikuntza etengabea eguneroko ezaugarria zen, artzaintzan eta nekazaritzan zebiltzanentzat, eta heriotza, berriz, erritual egokien bitartez gainditu beharreko gaitza zen; gorpuen ehorztearen helburua, bestalde, aleak lurrean uztea bezalakoa zen, hori ezinbestekoa baitzen berpizkunderako. Halaber, gor puek ekialdera begira jartzea argiak heriotzaren ilunpeen gainean izandako garaipenaren ikurra zen; era berean, hautsa okre kolorekoa zen, odol kolorekoa eta bizitzaren ikurra, eta batzue tan horrekin estaltzen ziren gorpuak eta hezurrak; horrek beste bizitza baten itxaropena adierazten du, etorkizuneko bizitzaren itxaropena.

Bizkaian, Euskal Herriko gainerako lurraldeetan bezala, megalitoen ezaugarri nagusia bakuntasuna da. Sarritan mendiko megalitoak dira, mendietan bizi izandako nekazarien edota artzainen talde txikiek harturikoa, horiek ez baitziren lan oso handiak egiteko gauza.

Hildakoekin batera utzitako gauzei dagokionez, hori gehienetan oso pobrea zen: zeramika zatiak, hezurrezko botoi batzuk, silexeko karrakagailu txikiak, eta kobrezko edo brontzezko gauza txikiak eta arraroak.

Burdinaren metalurgia agertzearekin batera, hileta-erritual be- rria apurka-apurka nagusitzen joan zen, azken milurtekoan: errausketa. Dirudienez, erritual horren bitartez garrantzi txikia-goa ematen zaio heriotzaren itxura materialari; gorpua erre eta hilobiak dagoeneko ez ditu trikuharriaren monumentu- ezaugarriak. Den-dena sinbolo bihurtzen da. Sua, zalantzarik gabe, espiritualtasunaren eragilea da, espiritua askatu eta mundura itzultzeko aukera ematen baitio.

Errausteko monumentu berriak garai horretan ere artzainen ibilbide nagusietan eraiki ziren; baina altuera handiagoetan, eta hori, duda barik, inguru naturalaren apurka-apurkako okupazioaren eraginezkoa izan zen.

Monumentu horiek hiru itxura desberdin hartu zituzten: trikuharria, tumulu-trikuharria edo tumulu bakuna, eta horiek errausketaren bidezko hiletaerritual beraren aldagaiak izan ziren.

Harrizko hesia edo trikuharria lurzoruan sarturiko harrizko lau zek osatzen dute, edo harlanduzko horma txiki batek. Erdian, ia beti errautsen edo zurezko ikatzen biltegia dago, eta nekez ego ten dira erretako gizakien hezurren aztarnak.

Harrizko hesi bat egon daiteke lurrezko edo harrizko tumulu baten inguruan; halakoak, berriz, tumulu-trikuharriak dira. Azkenik, harrizko hesirik gabeko harrizko edo lurrezko tumuluak daude, eta horiek tumulu bakunak dira.

Hilobia egiteko aukeraturiko lekua, bestalde, gorpuaren errausketa egiteko sutetik hurbil egoten zen. Hileta-monumentu horiek, batez ere, mendixketan kokaturik daude, baita galdor-lerroetan ere, eta, neurri txikiagoan, mendien alboen eremu lauetan ere bai.

Monumentuok gehienetan pilatuta egoten dira, benetako nekropoliak osatuz, leku pribilegiatuetan, eta nolabaiteko elkarta- suna erakusten dute, bai heriotzan eta bai bizitzan.


ARO BERRIETAN

Hasiera batean, hildakoak santuen erlikietatik hurbil lurperatzeko joera zegoen. Horregatik gorpuak elizaren inguruetan lurperatzen ziren. XIV. mende inguruan gertatuko da lehenengo aldaketa: Nobleziako familiak hasten dira euren hildakoak elizaren barnealdean lurperatzen. Santuetatik oraindik hurbilago. Diru gehien zutenek harrizko hilobietan egiten zuten, eta familia apalenek elizako habeartean lurperatzen zituzten. Harlauzak altxatu, eta azpian lurperatzen ziren gorpuak. Harlauza bakoitzean etxearen izena jartzen zen. Horiek ziren familien sepulturak. Orduan, hildakoari ohore egin nahi zitzaion bakoitzean elizara joaten ziren, hori baitzen hileta errituak egiteko lekua. Erritual horietan, gainera, eskaintzak egiten ziren: Argia, ogia eta diru eskaintza egiten zen. Argiak esanahi bat baino gehiago izan zezakeen: arima haraindira eramango zuen bideari argi egiteko edo heriotza ondoan hildakoaren arimak bizirik irauten zuelako gogorapena. Ogia eta dirua, bestalde, eliz otoitzen truke eskaintzen zen. Denborarekin, diruak ogi eskaintza ordezkatu zuen.

XIX. mendean, baina, Estatuaren herri-aginduek debekatu egin zuten hildakoak eliza barruan sartzea, bai hileta-elizkizuna egiteko bai gorpuak lurperatzeko ere. Higiene arrazoiengatik egin zen debekua. Orduan sortu zen hildakoak lurperatu ahal izateko beste leku bat aurkitzeko premia. Eta hor dago gaur egungo hilerrien jatorria. Ala ere, etxeko hilobi sinbolikoak gorde egin ziren eliza barruetan eta, nahiz eta lurperatzeak hilerrietan egin, sepultura sinboliko hauek izan ziren Euskal Herrian hildakoen alde otoitz egiteko errezo-leku bereziak. Horregatik, hilerrietan egiten ziren lurperatzeek garrantzi txikia izan zuten antzina.

Batikanoko II. Batzarrera arte (1962-1965) iraun zuen ohitura horrek. Hortik aurrera errituak kanposantuetara lekualdatu ziren. Kontzilioak ekarri zituen berrikuntzen ondorioz, hileta-elizkizunetan gorpua eliz barnean sartzeko baimena ezarri zen berriro. Hildakoen oroitzapenak kanposantuetara eraman baziren ere, hasieran argia eta diru eskaintzei eutsi egin zitzaien. Loreak eramateko ohitura nahiko berria da. Hirietan bizi ziren herritarrek Domu Santu egunean lora sortak bidaltzen hasi ziren 60ko hamarkadaren inguruan. Hortik aurrera, ohitura hori hedatuz joan zen eta gaur nagusitasunez ezarri da Euskal Herri osoan. Lehen, etxean gertatzen zen heriotza; gaur egun, berriz, jende gehiena etxetik kanpo hiltzen da. Aldaketa horrek ekarri du heriotza ohitura gehienak desagertzea. Antzina jendea etxean hiltzen zen. Orain, aldiz, ospitalean hiltzen da gehien bat. Eta urte batzuetatik hona eraikin eta espazio berri bat agertu da: beilatokia. Honek prozesu guztia aldatu du.

Norbait hil eta gero, auzokoek zeregin garrantzitsua zuten, defuntuaren senitartekoak dolualdian sartzen baitziren. Aldi horretako ezaugarri nagusia zen eguneroko zereginak alde batera utzi behar zirela. Bitartean, auzoko hurbilenak edo hildakoaren etxetik hurbil bizi ziren senideak izaten ziren etxeko lanen ardura hartzen zutenak.

Hauek eginbehar asko izaten zituzten. Lehenengoa, heriotzaren abisua ematea. Hil kanpaien bitartez egiten zen hori. Kanpai-hotsen arabera jakin ahal izaten zuten herrikoek hildakoa emakumea, gizona ala umea zen. Hildakoa etxekoandrea edo etxeko nagusia bazen, etxeko abereei ere aditzera ematen zitzaien heriotza. Erleei ere bai, era berezian gainera, elizako sepulturan argia pizteko argizari gehiago egin zezaten eska- tzen baitzitzaien.

Auzokoek hartzen zuten hildakoa garbitu eta janzteko ardura ere. Horren ostean, gaubeila prestatzen zen hildakoa zegoen gelan, aldare txiki bat atonduz. Gauean, txandaka zaintzen zuten hildakoa auzoek, bere ondoan zegoen lanpiona amatatu ez zedin kontu handia hartuz. Herriko ohiturak aurretiaz erabakita zuen auzokoen artean nor- tzuk izango ziren hilketariak, hilkutxa elizaraino eramatearen arduradunak, alegia. Etxekoek eta senideek ezin zuten ardura hori hartu. Andari hauek bide jakin eta aldaezina egin behar zuten, honek lotzen baitzuen etxea eta eliza era sinboliko batez. Hilbidean, bazegoen hileta jarraigo zehatz bat. Bertan, hildakoarekin zituzten loturen arabera, bakoitzak leku jakin bat zuen. Antzina, ohitura nabarmenena zen etxetik elizara egiten zen prozesio hori, orain guztiz galdu dela esan daiteke. Gaur egun bidea askoz laburragoa da. Hilkutxa autoan datorrenetik, eliz atarian uzten da zerraldoa eta hortik elizara sartzen da.

Hileta meza ospatu eta gero, eta gorpua lurperatu ostean, hildakoaren etxean bazkari bat ematen zen. Vatikano II. Batzarraren ostean hileta elizkizunak arratsaldez egiteko aukera agertu zen. Lan munduan gertatutako ordutegi aldaketak zirela eta, arin zabaldu zen ohitura berria, eta meza osteko bazkariaren ohitura hori zeharo galdu zen. Bestalde, heriotza zerbitzuenmerkaturatzeak hileta-ohituretan eragin nabarmena izan zuen, lehen auzoko eta senitartekoenak ziren funtzioen ardura hartzean. Gaur egun, hileta errituak elizakoetara mugatu dira gehienbat.