Sinesmenak‎ > ‎

Amezketako argizaiolak

Bere gerri biran argizaria biltzen zaion oholtxo antropomorfiko landuari argizaiola esaten zaio alde gehienetan. Euskal Herrian XX. mendearen bigarren erdira arte herri askotako elizetan ikus zitezkeen. Gaur egun elementu hori bizirik dagoen herri bakanetakoa Amezketa da.

Bere forma eta eiteari begiratuz gero, nagusiki bi mota bereizi behar ditugu argizaiolen artean. Batetik, argizaria biltzeko erabiltzen den oholtxoa. Hauetako asko eta asko antropomorfikoak dira, adituen ustez. Bestetik, helburu berberarekin, hau da, argizaria biltzeko, egurrezko lau oinekoa dena aipatu behar da. Gehienetan lauki forma dute.

Argizaiolaren materialtasuna alde batera utzirik, adituei sinestera, elementu honen sakoneko adiera asaben kultuan legoke. Amezketako eliztarren artean, igande eta jai egunetan argizaria pizten da familia bakoitzean hildakoen oroitzapenaren sua itzali ez dadin.

Ez dakigu erabat zuzena den, baina alde gehietan argizaiola esaten zaion elementu horri Amezketan, adinekoen artean batik bat, argiola (argi+ohola) izena hartzen du. Gaur egun oraindik ere erabiltzen den deitura da hori. Lastima litzateke orain baztertzen hastea, eta azkenean, erabat galtzea.


120 argizaiola

2012ko irailaren 29an egindako kontaketaren arabera (banan-banan), 116 ziren oholtxoaren formakoak eta gainerako 4ak, lau oinekoak. Jakin ahal izan genuenez, 20tik gora izango lirateke azken urteotan jabeek jaso eta etxera eraman dituzten argiolak.

Amezketako herrian, oraintsu arte, familia bakoitzak bazuen eliza nagusian bere jarleku jakina, eta horrekin batera, sepultura gainean, bere argiola uzteko espazioa ere. Lehentxeago aipatutako egunean, sepulturen zenbaketak kopuru hau eman zuen: 150. Hori horrela, XX. mendearen lehenengo erdian 150 argiola izango ziren guztira.

Amezketako elizara mezatara doanak jende-banaketari erreparatzen badio, zera ikusi ahal izango du: gizonezkoak koruan edota aldare inguruan jartzen direla, eta emakumezkoak, aldiz, garai batean sepulturaren zeuden esparruan.

Bai, emakumearen zeregina izan da orain arte argizaiolaren ardura. Bere etxeari dagokion argizaiola elizkizunetan piztea eta, argizaria ahitzen denean, berriaz hornitzea.

1961etik 1964ra, herriz herri ibili zen Luis-Pedro Peña Santiago. Amezketako elizan ikusitako argiola kopuruaz ez du datu zehatzik ematen: "Llegué a contar más de cincuenta, todas ellas puestas sobre sus respectivas sepulturas".

Orain arte Antxon Aguirre Sorondo izan da Amezketako argizaiolen inguruan ikerketa aberatsena egin duena. 1985ean, ikerketa egiten ari zelarik, bere eskuetatik 139 pasatu ziren.

Agirre Sorondoren ustez, zaharrenak XVI. mendekoak lirateke; gehientsuenak, ordea, XX. mendekoak. Berari sinestera, 70 bat gutxienez joan den mendean landutakoak izango lirateke. Asko ez, baina bakan batzuk badaude XXI. mendean egindakoak ere.

Batzuk lanbidez eta besteak zaletasunez, Silberio Artola, Eladio Balerdi, Jose Alonso Rivero, Jesus Vallejo, Lourdes Ormazabal, Dionisio Otermin eta abar aipatu beharko lirateke argizaiola egileen artean.


Argiolaren etorkizuna

Gaur gaurkoz nekez esan daiteke argizaiolaren osasuna egoera kezkagarrian dagoenik. Bistan da, hala ere, bere kopuruaren joera beranzkoa dela. Edadeko jendea da neurri handi batean argiolaren zuziari pizturik eusten diona. Eliztar horiek urritzen doazen heinean, argiolaren osasuna ere maxkaltzen joango da.

Ez litzateke elementu bakarra izango elizatik baztertzen. Garai batean baziren Amezketako elizan ezko-argi deitzen zitzaien elementuak; gaztelaniaz, hachón esaten zitzaien. Plazido Mujikaren hiztegiak honela argitzen du bere esanahia: "BN cerilla de las sepulturas. 2. BN tablilla en que se enrosca la cerilla. 3. S hacha, hachón, vela de cera, candela".

Duela 40 urte hamalau-hamabost ikus zitezkeen Amezketako elizan. Gaur bakarra dago.

Elementu hau beste hitz interesgarri bati loturik dago. 2013ko irailaren 29an, Amezketako elizan Eustasia Sagastume Lizarribarrek argitu zuenez, ezko-argi horretan progu dirua uzteko erabiltzen da gaur egun. Progu hitza galtzeko zorian dago.

Ibon Sarasolak 2007an argitaratutako Euskal Hiztegian xehetasun hauek ematen ditu progu hitzaz: "iz. (*17475, 1847). Dolua, norbaiten heriotzak sortzen duen atsekabearen ageriko adierazpena"