Jentilak: askazia desagertua

Euskal Herrian jentilen elezahar ugari kontatzen bada ere, bada bat behin eta berriro agertzen dena. Hona hemen bi aldaera:

I) Seguran kontantzen denez, Jesu Kristo mundura jaio baino lehen, jentilak bizi omen ziren Balenkalekun. garai hartan ez omen zuen euririk egiten, eta ez omen ziren lainoak ikusten zeruan. Han urrunean aurreno lainoa agertu zenean, denak beldurtu omen ziren. Haien artean ba omen zen bere bordan erretiratuta bizi zen 400 urteko aitona zahar bat. handik atera omen zuten agerkundea ikus zezan, baina laferrik! , ezin baitzuen begiak zabaldu. Orduan, balenka batzuen laguntzaz zabaldu omen zizkioten betazalak. Aitona zaharrak lainoa ikusteandeiadar egin omen zuen: "Gure arraza galdu duk".

Izan ere, une beretik, kristaugoa barreiatuz hasi omen zen eta jentilak desagertu egin omen ziren.

Jentil zaharraren begiak zabaltzeko balenkak erabili zituztela eta, hortik omen dator Balenkaleku izena.

II) Ataunen kontatzen denez, behin jentilak Aralarko Argintxabaleta zelaian jolasten ari zirelarik, beraiengana zetorren laino argidun bat sumatu zuten Ekialdetik. Agerkundeak izuturik, zahar jakintsu bati hots egin eta haien artera ekarri zuten, laino harrigarria ikus zezan eta haren esanahia argi zezan. Zaharrak zera esan zuen: "Kixmi jaio duk eta gure arrazaren denbora joan duk! Amil nazazuemailo horretatik behera!".

Besteek amilarazi zuten eta lainoa atzetik zutela, mendebalderantz jo zuten lasterka, eta Arrastarango zelaitxora heldu zirenean, Jentilarri deitzen den harlauza handi baten azpian sartu ziren guztiak betirako. Jentilarri trikuarria da.

Bi elezahar hauek aztertuz, zenbai mezu nabai ageri zaizkigu:

  • Jentilak antzina Euskal Herrian bizi ziren arraza zela. Beste aro batean bizi zirena, hain zuzen ere, lainorik ezagutzen ez zen garai batean.
  • Kristautasunaren etorrerarekin (Jesu Kristo jaiotzean) desagertu egin zirela.
  • Berri txarra laino disdiratsu baten bidez iragarri zela.
  • Historiaurreko monumentu batean lurperatuta desagertu zirela.
  • Jentil jakintsuak amildegi batetik botatzea eskatu zuela bere akaberarako.
  • Jentil zaharrari betazalak balenka batez irekitzearen bitxikeria.
  • Jentil zaharrak gainontzeko jentilek ikusten ez zituzten gauzak ikusteko ahalmena zuela. Laino argitsua agertzearen esanahia interpetatu zuen.
  • Jentilak gizaki arrunten antzera jolasean ari dira; gizakiekiko hurbiltasunaren adierazgarri.

Mezu hauetatik ateratzen dugun ondorio nagusi bat, pertsonaia mitologiko honen antzinatasuna da. Antzinako garai eta arraza batetaz hitz egiten zaigu. Natura beste modu batekoa zen garai bat: lainorik ez zegoen garai bat. Arraza ezberdin bat. Elezahar ahuetan aipatzen ez bada ere, beste askotan esaten da jentilak erraldoiak, indartsuak eta baketsuak zirela.

Jentilak harri erraldoiekin eta historiaurreko monumentu megalitikoekin arreman estua dute elezaharrek kontatzen dutenez. Honelako harri edo monumentu ugari eraiki dute, eta, jentilarri edo jentilbaratza izena Euskal Hrriko leku askotan ageri zaigu. Monumentu megalitikoetan betirako lurperatuta desagertzeak ere, badu esanahi berezia. Agian, gizakiak monumentu hauetan sinestu eta erabiltzen zituen garaiaren bukaera eta jentilen amaiera une berberan gertatuko zen.

Jentil zaharrarengana aholku eske joateak, azti-jakintsuen garaietan kokatzen gaitu. Garai batean, gizataldeetan igarle, azti edota jakintsuak egon ohi ziren jende arrunta aholkatu erta laguntzeko, eta elezaharrean agertzen den agureak honen zantzuak ditu.

Antzinako arraza hau kristautasunaren etorrerarekin desagertu egin zen. Hau da, garai bateko euskaldunek zeukaten bizimoduak eta sinismenak aldatu egin ziren. Iraganeko aro batean zituzten jainko eta bestelako sinismenak baztertuak izan ziren garaia, gizartean izugarrizko aldaketa gertatu zen unean azaltzen zaigu.

Juan Ignazio Hartsuaga (EUSKAL MITOLOGIA KONPARATUA: JENTILEN AKABERA, 2004) dionez, Europako leku banaka batzutan ere agertzen zaizkigu goran aipatutako ezaugarri batzuk dituzten elezahar aurreindoeropear batzuk. Hala nola, Tallaght-en (Irlanda) eta Pestrup-en (Alemania) badiraz erraldoien akaberaz elezaharrak. Irlandako Mullaroe, eta Munster herrietan laino iragartzailea eta erasokorra agertzen dira beste elezahar batzutan. Eta Moytura-n (Irlanda) eta Skye-n (Eskozia) agureen betazal jasoeraz aipamenak agertzen dira beste kontakizun batzutan. Lehen aipatu dugun bezala, Euskal Herrian jentilen elezaharretan egoera berdintsuak agertzen zaizkigu, guztiak batera. Europako mapari begiratuta, mendebaldean, itsasertzeetan ditugu kokapen guztiak; ekialdetik zetozen indoeuropearrrak bazterturiko kulturen hondarrak bailira.

Kontuan izanda, indoeropear mitologian ez direla honelako aipamenak agertzen, aurreindoeropearrak direla jo dezakegu. Beraz, K.a. 2000 urtea baino lehenagokoak izan daitezke elezahar hauek.

Hartsuagaren ustez Europa atlantiarrean agertzen den mito hau megalitismoa garatu zen maparekin bat egiten du gutxi gorabehera, eta horregatik esan daiteke mitoa kultura megalitikoan sortutakoa dela. Zenbait lurraldeetan indoeuropearren eraginez galdua dago mitoa baina leku batzutan, Euskal Herrian kasu, irauten du.

Hipotesietan haratago joanez gero, mitoaren lotura antzinagokoa izan daiteke. Berriki aurrera eramandako ikerlan arkeogenetikoek, azken glaziazio haundiaren ondoren gertaturiko protoeuskaldunen zabalkuntza bateraino eramaten gaituzte. Ikerlan hauen arabera, K.a. 16.000.etik aurrera, klima epeltzen joan zen, jenderik gabeko Europan zehar protoeuskaldunen hedapena lagunduz. Zabalkuntza batek bere abiapuntua iberiar penintsulako iparraldean eta Frantziako hegoaldean izan zuena, euskal kulturaren arbasoa den zibilizazio franko-kantabriarra kokatuta zegoen tokian alegia.

Genetista ospetsu batek, Oxford Unibertsitateko Stephen Oppenheimer-ek, DNA azterketa sakon bat egin ondoren, irlandar eta britaniar biztanleriaren jatorria berdina dela frogatu du. Eta ez hori bakarrik, datuek erakutsi dute, orain arte pentsatzen zenaren kontra, erro hori ez dela ez keltiarra ez anglosajoniarra, baizik eta euskalduna. Glaziazioen ondoren irletan ez zen inor bizi eta orain dela 16.000 urte euskaldunek populatu zituzten. Gaur egun, biztanleriak dituen geneen %12 eta %30 bitarte horren jatorria euskaldunetatik dator.

Datu historiko guzti hauek zergatik ez lotu goran aipatutako mitologia ezaugarri berdin horiekin? Agian gehiegitxo esatea da, baina jentilen elezaharretan agertzen diren ezaugarriak Irlandan, Eskozian eta Alemanian ere agertzen zaizkigu. Glaziazioaren ondoren, kultura franko-kantabriarrak (erdigunea Bizkaiko golkoan) europan zehar izan zuen hedapenean bere hizkuntza eta kultura eramango zituen, eta bere sinismen mitologikoak ere. Zergatik ez?

Batek daki!!!