San Juan gaua

San Joan gaueko ospakizunak udako solstizioarekin, Ipar hemisferioan, erlazionatutako ospakizun paganoan du jatorria. Udako solstizioa urteko egunik luzeena eta gau laburrena dugun garaia da. Egun hori ekainaren 21a edo 22a izaten da; gaur egun, erlijio katolikoa dela eta, ekainaren 24an ospatzen da San Juan Bautistaren omenez.

ANTZINAKO OHITURA

Solstizioaren ospakizuna antzina-antzinakoa da munduan. Gizakia aspaldian hasi zen eguzkia miresten nahiz bere nondik norakoak behatzen eta aztertzen. Historiaurretik, munduko herrialde askotako jendea ohartu zen udako solstizioan izaten zela egunik luzeena eta hortik aurrera eguzkiaren indarra gainbeheran joaten zela. Gizakia eguzkia, natura eta bizitzaren zikloaz ohartu zen. Eguzki miresgarriaren gainbehera garai horrek edozein gizakiri kezka sortzen zion; eguzkia baitzen naturan bizitza ematen zuen indarra. Guzti honegatik hasi ziren erritual ospakizun horiek ospatzen munduan zehar, herrialde bakoitzak ospakizunari xede ezberdina emanez.

Solstizioaren inguruko ezagutza eta ospakizuna antzinako Ejipton oso garrantzisua zen, eta Amerikako Inka eta Azteka kulturetan ere. Baina europar tradizioan ere aspalditik datorkigu.

Antzinako greziarrek une horri Gizakiaren Atea deitzen zioten. Eguzkia urteko bere garai argitsuenera iritsia zen eta hortik aurrera gainberan hasiko zen. Gizakiaren kanpo aldeko garai argitsuenak gizakiaren barne aldeko garai argitsuari bide emango zion, eta solstizioa bi mundu horien arteko ate imaginarioa zen. Tradizio hinduak ere egun hau arbasoengana iristeko ate legez ikusten du. Bestalde, greziarrek egun horretan egiten zituzten Apoloren omenezko ospakizunak su purifikatzaileak piztuz.

Herri zeltetan garrantzi handiko eta hedadura zabaleko ospakizuna zen. Sua piztearen ohitura eguzkiari indarra emateko egiten zen. Hau da, egun horretatik aurrera eguzkia bere indarra eta argitasuna galtzen joaten zen eta su-garren bidez lagundu egin nahi zitzaion eguna-gauaren arteko lehian.


OSPAKIZUNA MUNDUAN ZEHAR

Europako herrialde ugaritan ospatzen da suarekin udako solstizoaren gaua; hala nola: Espainia, Portugal, Finlandia, Estonia, Dinamarka, Gales, Eskozia, Irlanda, Inglaterra e.a. Hedadura hau ikusita, erritual honen jatorria Europan antzinako kultura indoeuroparretik datorrela esan daiteke.

Marruekos eta Algeria iparraldean herri Berebereek Ansara eguna ospatzen dute ekainaren 24an. Herriko plazetan suak pizten dituzte garbikuntza helburarekin. Suaren keak uztak babestu eta espiritu kaltegarriak uxatzen dituela uste dute. Arrazoi horregatik, erabiltzen dituzten ohiko gailu eta lanabesak keztatzen dituzte. Amaieran errautsen gainetik zazpi aldiz salto egiten dute. Ohitura hauek islamiar kulturaren aurrekoak direla dirudi.

Beraz, antzinatik, kultura anitzetan ospatzen da solstizio-erritua, eta eguzkiarenganako gurtzaz gain bertute babestzaile eta birsortzaileak ere baditu. Eguzkiaren urteko zikloan une garrantzitsua da eta birsorkuntza une bat da hein handian.


OSPAKIZUNA EUSKAL HERRIAN

Suaren inguruko sinesmena eguzkiaren ingurukoarekin parekatzen da, suak eguzkia sinbolizatzen du eta antzinako herri gehientan egon da gurtza hau. Hain zuzen ere, IX. mendeko arabiar kronikek diotenez, Gorbeialdean suaren adoratzaileak bizi omen ziren. Beraz, euskaldunek suaren inguruko gurtza zaletasuna aspalditik dute.

Euskal Herrira, ziurrenik, zeltek ekarriko zuten erritual hau orain dela 3000 urte inguru. Geroztik gure ohituretan barneratua iraun du, baina kristautasunak bereganatu eta egokitu egin zuen, beste zenbait ospakizun pagano lez, eta gaur egun San Joan Bautista saindu katolikoaren egunarekin batuta ospatzen da.

Jaiaren ekitaldi ezagunena San Joan gaueko sua da, bezperako gauean piztu ohi dena, baina bestelako erritu eta ohiturak ere biltzen ditu. Euskal Herrian, esaterako, egun horretan iturri, putzu eta erreka batzuetako urez garbitzea, horietako ura edatea nahiz San Joan eguneko goizeko ihintzaz bustitzea osasungarria zela sinetsi izan da. Ohikoa da, halaber, etxeko atarian lizarraren, erramuaren edota elorri zuriaren adarrak jartzea, tximistetatik babesteko.

Ohitura ezagunena, esan bezala, baserri atarian eta herriko plazetan sua piztea da. Bertan erretzen dira zuhaitz adar eta traste zaharrak, garbikuntza-berrikuntza sinesmenekin, jai giroan ospatzen den gau magikoan. Tradizioak dionez, su horrek fenomeno naturalen aurkako doain babeslea du eta su-garretatik ateratzen den keak zenbait gaixotasun sendatzen ditu.

Saran, beste herrixka batzuetan bezala, sutzarrak pizten dituzte San Juan bezperako gauean, sasi eta era askotako zuhaitz adarrekin eta Erramu igandez elizan bedeinkatutako erramu adarrekin. Etxeko pertsonek suaren inguruan ibilita errezatzen dute errosarioa, sua eskuin aldetik dutela. Gero, gazteak suaren gainetik saltoka ibiltzen dira "ona barnera, gaiztoa kanpora" esanez. Jarraian ikatz batzuk botatzen dituzte arto soroetara eta etxeko teilatura, egur horiek bedeinkatuak direla pentsatzen baita, erre diren erramu adarrak bedeinkatuak ziren bezala. Azkenik, harri zabal bat jartzen dute errautsen gainean eta haurrei esaten diete: "Bihar goizean, eguzkia irten baino lehen, aurrena jaikitzen denak, harriaren azpian San Juanen bizarra aurkituko du".

Zerainen (Gipuzkoa) San Juan egunean, goizean, etxe aurrean sua egiten zen eta bere inguruan buelta bat ematen zen, esanez: “San Juan dala, sugea ta zapoa kanpora, artoa ta garie barrura”.

Berastegin (Gipuzkoa) urtean zehar soroetan egon diren txorimaloak erretzen dira.

Gau horretan, hainbat lekutan ospatzen ziren akelarreak bereziak izaten omen ziren. Hori dela eta, ‘sorgin gaua’ ere deitzen zaio. Gaur egun, oso ezaguna da Zugarramurdin ospatzen dena.

Oso zabaldua zegoen, goiz horretan bildutako lore sortak (belar onak) eta elorri zuriaren adarrak bedeinkatu eta etxeko atean jartzea zentzu babesle batekin.

Ohikoa da ere, aurreko urtean San Juanetan bedeinkatutako belar eta adarrak (elorri zuria edo ereinotzarenak), urte osoan etxeak babesten edukitakoak, San Juan suan erretzea.

Zuian, San Juan goizeko ihintzarekin gorputza igurztea larruazaleko gaixotasunak eta buruko minak sendatzeko onuragarria zela pentsatzen zuten.

Artzainak Egiriñao eta Arrabako artaldeak mendi gailurrean uzten zituzten gau honetan ihintz babeslea jaso zezaten.

Egun berezi horretan zenbait iturrik ur sendagarri eta babeslea ixurtzen dute tradizioak dionez. Egun horretan iturriak emandako ura bedeinkatu egiten zen eta miresmenez jasotzen zen gaixotasunentzako sendagai bezala.

Gaur egun ere herrietako enparantzetan San Juan zuhaitz ospetsuak landatzen dira. Donostian berreskuratu dute ohitura hau: Konstitutuzio plazan zuhaitza jartzen dute eta dantza egiten da bere inguruan.

Zuhaitz bat hautatzearen ohitura (Ama Lurraren ekoizpena), toki batzuetan maiatzaren hiruan ospatzen dena, Santa Kurtze eguna, eta horregatik "Maiatzeko zuhaitza" edo "Maiatza" beste barik deitua, Europa guztian hedatuta dago. Zuhaitz saindua gurtzea unibertsala da, eta egiptiarren eta germaniarren artean ere aurki dezakegu. Euskal Herrian Gernikako Zuhaitz mitikoaz gain Luyandoko (egungo Araba) Malatoa, Bizkaiko Jaurerriko muga ezartzen zuena, izan zen. Erdi Aro guztian elizgizonek zuhaitzaren gurtzaile zirenek jazarri bazituzten ere, berriz ere Elizak gogortasunez borrokatu zuen paganotasunaren ikurra zena donetsi eta onartuz bukatu zuen.

Behin, Aranako San Vicente (Araba) (oraindino "maiatza" eraikitzen den tokia dugu) herriko biztanle batzuei ohitura horren iraupenaren arrazoiaz galde egin nien, eta ipini ez zuten urte baten uzta osoa hondatu zuen harritea erori zela erantzun zidatela gogoratzen naiz. Hortik honako hau ondoriozta genezake: elementuetatik, harritetik edo... "bada ez bada" babesteko ipintzen dela.

Gure Euskal Herriko herri askotan beste udako solstizioari dagokion errituala aurreko urteko San Juan adarrak edo bedeinkatutako ereinotzaren adarrak erretzean zetzan, eta oraindik piztuta zeuden ikatzekin, uztak surik har ez zezan kontu handiz arituz, norbere jabegopeko lurretan zehar ibili, horretara uztaren garapena babestu eta bere alde eginez.

Amaitzeko, esan behar da, udako solstizioaren eguna data mitikoa dela. Gizakiak, antzina antzinatik, eguzki jainkoaren zikloaren inguruan hainbat sinesmen eta erritual sortzen joan da, eta ospakizun horietarako naturan aurkitzen zituen oinarrizko elementuak erabili izan ditu: eguzkiaren errepresentazioa den sua, ura eta landareak lurra ordezkatuz. Eta erlijio katolikoak antzinako sinesmen horien, beste askotan bezala, aldatzen, egokitzen eta bereganatzen joan da jendeak fede katolikoa onar zezan.