Euskaldunen ilargi-egutegia

Josu Naberanen hipotesia

http://www.erabili.eus/zer_berri/muinetik/1079460595/inprimatzeko


Ez pentsa zazpi eguneko astea eta hamabi hilabeteko urtea beti izan direnik. Hauek oraintsuko kontuak dira.


Jakina da euskaldunok hogeiko zenbaketa darabilgula, sumertarrek eta beste hainbat herri aurre-indoeuroparrek bezala. Aldiaren neurketan, 20, 40 eta 60 dira zenbaki ardatzak.

Horrela, jendearen adina 20ka kontatzen dugu euskaraz; gaur egungo egutegian ere 40ko zenbaketaren aztarnek iraun dute nekazaritzarako garrantzitsuak diren datak munarritzat hartuz (Kandelario, San Jose, Asentzio, atab., berrogei egunetik berrogei egunera eta lau-hurren gisara ospatuz); gainera, paleolito garaiko zenbait ilargi-egutegik 60 eguneko denboraldia –bi ilargialdi- hartzen du ardaztzat, antza. Horietariko bi ilargi-egutegi aurkezten ditut, hemen, erabili.com-en, bat Lamiñak koban (Berriatua. Bizkaia) aurkitua, eta bestea Blanchard koban (Les Ayzies. Dordoina). Baita zenbait kobatako “puntu jarraikien multzoak” deituak, eta puntuok, zenbatzeko eran marraztuta daudenean, ilargi-egutegiak izan daitezkeela planteatzen dut artikulu honetan.

Hogeiko zenbaketa hori kontuan hartuta eta antzinateko egutegien azterketa egin eta gero, euskaldunen ilargi-egutegiari buruzko hipotesia plazaratzen dut artikulu honetan, eta betiere orain arteko ikerlariek esandakoa gogoan izanez (P.P.Astarloa, Julien Vinson, J. Gorostiaga, J.C. Baroja, besteak beste), nire hipotesia oinarritzen dut: 15 eguneko astea.

ASTEA izenak “gauen zikloa” esan nahi duela eta egunen izenek (astelehena, asteartea, asteazkena.., eta euskal herrietan kontserbatu diren sinonimoek oro) zer izendatzen duten azaltzen du erabili.com-en aurkezten dudan hipotesi honek. Horrela, 3 eguneko astea barik, 14-15 eguneko lau aldi eratuko lirateke (bi ilargialdi), eta ilbete bakoitzaren buruan larunbata legoke.

2004-03-26 / Josu Naberan

ASTIAREN NEURKETA

Urtea

Urtea, antzinako euskaldunentzat, izotz-elurren urtze aldia edo uren zikloa izango zen seguruenik, baina, gaur egun, "urtea" honako honi deritzo: Lur planetak eguzkiaren inguruan jirabira bat emateko behar duen aldiari. Azken hau erabat neurgarria da, eta horrexetarako egin zituzten Stonehenge eta beste hainbat megalito, baina, urtaroekin bat datorren eguzki-egutegi bat egiteko, tropikoko urtea neurtzea komeni da, hau da, eguzkia ekuatorea gurutzatzen ikusten den unetik -martxoaren azkenetan- bertara itzultzen den hurrengo unera arte. Hots, udaberriko ekinozio batetik bestera arteko aldia, 365,24 egun (ekinozioa = eguna eta gaua berdinak direnean Lur osoan, eguzkia ekuatoretik pasatzen delako).

Hilabetea, ostera, ilargiak Lurrari bira bat emateko behar duen aldia da (hilabete orbitala, 27 egun). Baina hori neurtzeko astronomiaren ezagutzak behar direnez, antzinako herriek ilargialdi sinodala neurtzen zuten; ilargi berria (ilberria) iluntzean ikusten denetik hurrengo ilberrira arte: 29,53 eguneko hilabetea; beraz, 354,36 eguneko urtea.

Ikusi baterako, ez da alde handia eguzki-urtearekiko, ia 11 egun laburrago besterik ez baita. Baina, epe luzera, erromatarrei gertatu zitzaiena gertatzen zen: haiek martxoko idusak ospatzen zeudenean (eguzkiari jarraiki), uda erdian aurkitzen zirela. Orduan, Julio Zesarrek astronomo egiptoarrei deitu zien, ea zer egin zitekeen ilargi-zenbaketaren eta urtaroen arteko jauzi deseroso hura konpontzeko. "Gauza erabat konpondu gura baduzu -esan zioten haiek- bata ala beste aukeratu behar duzu: ilargi-egutegia edo eguzki-egutegia". Orduan Zesarrek eguzki-egutegia hautatu zuen, eta, hilen 12-ko banaketa egitean, haren izena eta oinordekoarena ezarri zituen lasai asko. Halere, ez pentsa nekazariek kasu askorik egin ziotenik. Hauek ilargiaren zikloekin jarraitu zuten luzaroan.

Hila edo hilabetea: ilargialdia

ILARGIALDIA. Lur planetatik ikusita

Irudian ilargialdia lur planetatik (erdian) ikusita: 1. Ilberria; 2. Goraldia; 3. Ilgora; 4. Goraldia; 5. Ilbetea; 6. Beheraldia; 7. Ilbehera; 8. Beheraldia.

Hila edo hilabetea, izenak berak aditzera ematen duenez, ilargiaren ziklo osoarekin dago lotuta; hobeto esanda, ilargiak bere (lau) faseak osatzen dituen aldia da ilargialdia. Geroago etorriko ziren ilargiaren egiazko orbita neurtu ahal izateko eta gure sateliteak konstelazioekin dituen erlazioak zehatz-mehatz hautemateko asmakuntza sofistikatuak. Baina hori guztia baino lehenago, historiaurrean (Madeleine aldian eta lehenago), ilberritik ilberrira neurtzen zuten ilargialdia, begi biluziz, ortzemugan iluntzean begiztatzen zuten unetik hasi eta hurrengo ilargi "ilenaren" unera arte. Bataz beste 29 gau-egun eta erdi.

Izan ere, horixe da neurketa zuzen eta errazena, zenbaki handietara jotzeko premiarik ez dagoenean. Gainera, aldi hori oso hurbil dago emakumearen hilekoarekin. Hortik ilargiak halako garrantzia izatea ospakizunak eta jaiak finkatzeko, itsas nahiz lehorreko bidaia luzeetan egunen kontaduria egiteko, zenbait animaliaren ohiturak kontrolatzeko, eguraldia aurreikusteko... (oraindik batzuek jarraitzen dugu "gartadenboren" aurreikuspenak aintzakotzat hartzen).

Euskaldunen astea

EGU edo ASTE hitza daramaten egun izenek ilargi-egutegi bati egiten diote erreferentzia. Zelakoa ote zen egutegi hori? Zelan multzokatzen eta izendatzen ote zituzten egunak? Paulo Astarloa durangarrak heldu zion lehenbizikoz gaiari, 1803an, astelehen-astearte-asteazkena hirukotea ardatz hartuz. Aste-a edo asti-a hitzari buruz, “hasi” (ekin) aditzetik zetorrela eta ilargialdia hasten zen unea adierazten zuela esan zuen, eta hortxe oinarritu ere batik bat bere tesia. Asteko egunen artean, igandia (igan-andi-a) zen jai garrantzitsuena, ilargiaren iganaldi edo igoera haundia adieraziz. Larunbata, berriz, astero errepikatzen zen lauren-bata ei zen, hilabete osoaren laurdena nonbait.

Hiru eguneko euskal astea

Joan Bautista Erro politikari eta idazle gipuzkoarrak (“Mundo primitivo ó examen filosófico de la antigüedad y cultura de la nación vascongada”, 1815) ez du uste inola ere “astea” assi aditzetik datorrenik. Horrela, astelehen-astearte-asteazkena izenek, egunak barik, ilargi-zikloak adieraziko lituzkete. Arturo Kanpion ere (1854-1937) horrelako zerbaiten alde zegoen, izen horiek denbora-epeak, eta ez egunak, adierazten zituztela esanez.

Azkenez, Julien Vinson (1843-1916), Joan Gorostiaga (1940) eta Julio Caro Baroja (1989) etorri ziren, bakoitza bere ekarpenarekin. Paristar euskalariak, egun-izen gehienei buruz ezer berririk asmatu ez zuen arren, zenbait izeni buruz bete-betean asmatu zuelakoan nago. “Egubakoitz –dio-, gaur egun ostirala eta larunbata izendatzen dituena aldi berean, 30 eguneko hilean sartzen zuten egun osagarria izendatzeko egun-izena da seguraski, eta ilberri bezperan tartekatuko zuten (...) Ebiakoitz, egubakoitz izenek “egun isolatua” (jour isolé) esan nahi dute zehazki; iakoitz, irakoitz izenari dagokienez, aurrekoen aldagaiak dirudite, *ira hori errotzat izateak “egun isolatuaren biharamuna” esan nahi baitu.

Gorostiaga abade deustuarrak ondo dioenez, erromatarren aurretik egunak ez ziren asteka zenbatzen, baizik eta ilargialdiaren lehen, bigarren, hurrengo, etab., deituz. Urtea bitan zatitzen zen, UDA eta NEGUA: eguberriko solstiziotik ekhainera, negua; ekhaineko solstiziotik eguberrira, uda. Ez zegoen hilen izenik ere. Badu meritua Gorostiagak: astea hitza “hasi” aditzaren lakiotik askatu eta ilargi-faseen gorabeherekin erlazionatu zuen, baita ilargiaren kontaduria ilberri biharamuneko arratsean hasten zela argitu ere. Ez zen izan alferrik asiriologoa.

Caro Barojari dagokionez, gustura hartzen du astelehen-astearte-asteazkena hirukotea; hirua indo-germaniarren numero sakratua da eta hura hartu ei zuten euskaldunek eredutzat: “Astia –dio- aspaldiko hirunakako zatiketa da, erlijio eta ekonomi jatorriduna, zelten artean dagoenaren paraleloa. Hau honela izaki, eta igandearen izenak ere erlijiotasunarekin erlazionatzen direla kontutan hartuz, zera ondorioztatzen da, alegia, germaniarrek beren astea behe-latindarretik kalkatu zuten bezala (beren sinesmenei zihoazkien egokipenak eginik), euskaldunek horrelako zerbait egin zutela edo berandu edo goizago egin arazi zietela, nahiz bertako hasierako izendegia gorderik.” (J.C. Baroja. Euskal jainko eta jainkosak...”. GAIAK, 1989).

Hortik-handik-hemendik, kontua da ezen 3 eguneko astea izan omen dugula euskaldunok. Hori ia dogma ukiezin bihurtu da. Geuk zabaldu eta bestek abonatu, umeetarainoko guztiek jakin behar dutena da aste hirukoitzaren kontua. Horrela, hizkuntza indoeuroparretatik ikertzen gaituzten autore guztiek hiru eguneko astea (a three-day week) hartzen dute oinarri finkotzat, Marylandeko A. Basauni jaunak, Europako Medea Glonti andereak, Errusiako Yu Zytsar jaunak, eta uste dut gainerako guztiek.

Horra hor hiru eguneko “euskal astearen” garaipena.

Hamabost eguneko astea

Aipatu bezala, ASTE eta EGU dira berba gakoak.

Bigarren honek argia adierazten du, gauekoa nahiz egunekoa. Aldiz, zer esan nahi du aste hitzak? Medea Glontirekin bat, as-aldia litzateke. Zer da, baina, as misteriotsu hori? Nik uste dut gaua dela, hots, arrastea. Beraz, gauen zikloa edo kontaduria, horixe litzateke ilargi egutegia: Ilargiri begira osaturiko gaueko argialdien kontaketa.

Hasteko, aski argi dago honako kontrakzio prozesu hau: arrats; arts (aezkoa); ats (AN-b, L-hend); as- (astiri BN, arrastiri adierazteko; aste, etab). Baina zein izan ote da arrats hotsaren aurreko bilakaera, erabiliaren erabiliaz gertatu den higadura prozesua? Zein izan ote da arrats hotsaren abiapuntua? Ziur ez dakigunez, hipotesiak egin daitezke.

Hizkuntzalariek egiten duten sailkapenaren arabera, arrats hotsak, forma aldetik, euskaraz aski arrunta den erro bisilabikoa du, oinarrizko bi silabetan bokal bera duena, adats, azkar, zezen eta beste hainbatek bezala (1). “Adats” *dadats hotsetik eta “odol” *do-dol primitibotik datozkeen bezala, “arrats” ere *arre-arrats aitzin bikoizketatik etor daiteke. Beraz, ASTE hitzak etimologia hau izan dezake: *arre-arrats arrats, zeinetan ARRE (gris, brun) kolorea eta ATS (iluntasun, gau) elkartzen diren, iluntzea maisuki deskribatzeko.

Bestalde, Antonio Arnaizek eta Jorge Alonsok diotenez (eta honetan zuzen daudela uste dut), AS hitza ibero-tartessiar, libiar-bereber, etrusko, minoiko eta aitzin egiptoar hizkuntza hileta-erlijiosoan ageri da idatziz, euskarazko ATS/ARRATS hitzaren esangura berarekin –gaua eta iluntasuna adierazten. Hori kasualitatea baino zerbait gehiago da (2).

Etimologia dena delakoa izan, esangurari dagokionez, aste gauen zikloa litzateke, urte uren zikloa den bezalaxe (3). Izan ere, ilberria arratseko ortzian begiztatzerakoan hasten ziren kontatzen hilabetea, kiowa amerindiarrak eta halako banaka batzuk izan ezik.

Zenbat gau-egun sartu behar dira aste horretan? Ilberritik ilbetera artekoak bai behintzat: 14 edo 15 gau, tartean ilgora dagoelarik; eta gero ilbetetik ilberrira, tartean ilbehera dela, beste 14 edo 15 gau. Eta orain izenen arazoa dator. Zelan multzokatzen eta izendatzen zituzten egunok? Euskaraz hamazortzi sinonimo desberdin dugu, gehi izen bakoitzaren aldaerak (adibidez ostirala izendatzeko hiru sinonimo gehi bakoitzaren aldaera hauek: ostiral, orziral, ortziral, orzirale, egubakoitz, bariku, bariaku, barieku). Oraindik inork ez du planteatu sinonimo guztiak kokatzea lortu duen hipotesirik.

Nire hipotesia

Izen batzuek banako egunak eta beste batzuek egun multzoak izendatzen dituzte, nire aburuz. Horrela, eta betiere ilargi berriaren biharamunetik kontatzen hasita, 15 eguneko multzo naturalaren zatiak izendatu behar dira lehenik eta behin. Honako egun zerrenda hau litzateke, 2004ko urte-hasierako (martxoaren 21etik maiatzaren 19ra) adibidetzat hartuta:

EUSKALDUNEN ILARGI-EGUTEGIA

Beraz, hirurogei eguneko zikloa, lau astetan banatua, tartean kokaturiko “ilgora” edo “ilbeherako” lau ilargi-erdirekin. Azken hauei, tartea adierazten dutelako hain zuzen, astearte izena eta izana dagozkie (4).

Ez da ohizkoa 30na eguneko bi ilargialdi jarraikiak gertatzea, zeren, jakina denez, ilargi-hilen batezbestekoa 29,5 egunekoa baita. Horregatik, bi ilargiko zikloa erabiltzeak 29 eta 30 eguneko hilabeteak orekatzearen abantaila du.

Hortxe ageri da lau aldiz egubakoitz ere, oraindik Bizkaian erabiltzen den izena ostirala izendatzeko. Beraren errua izan da, adibidez, lehenengo astea 16 gautara luzatzea. Nola daiteke hori? Jakina da gure sateliteak 27 egun behar dituela, ez gehiago ez gutxiago, Lurrari bira orbitala ematen; baina guk ez dugu ikusten espaziotik, baizik hemendik; eta zein puntutik begiratzen diogun, fase bakoitzaren denbora aldatu egiten da pixka bat gure ikusirako.

Hortaz, ilenetik edo ilbetetik asteartera zazpi gau gertatzen direnean (normalean 6 dira), zazpigarren horri egubakoitz deitzen zioten, Nafarroa Beherean ebiakoitz, (eta zortzigarren gau bat gertatuz gero, 2004ko agorrilean eta abenduan gertatuko den bezala, horri irakoitz).

Gero, larunbata da euskaldunen sabbat (babiloniarren shabatu). Larunbat alai hori lau egun jarraikiko ilbete jaialdia litzateke –eguastena, eguena, barikua eta igandea barne hartzen dituena-, larunbata izena bera larunbate edo “lau-hurren betea” litzateke agian. Eguastenean hasten da jaialdia, noski; eguena, berriz, EGUren eguna, lauretarik egun printzipala da; hor dago barikua ere -(a)bariekua aldaera hobesten dut-; eta igandea, “igan-andi-a” (Astarloa) edo agian hurrengo fasera “iragandea”.

Kanpoan utzi ditut erlatiboki modernotzat jotzen diren domeka, martitzen, sapatu, eta neskanegun (azken bi hauek larunbataren sinonimoak). Baita ostegun eta ostiral ere, antzinako EGUren ordez ORTZI -indoeuroparra omen dena- aipatzen dutelako (ortzegun, ortziral), Caro Barojaren eta ondorengo aditu guztien esanera.

ILARGI-EGUTEGIAREN AZTARNA ARKEOLOGIKOAK

Irudian Paleolito garaiko gizakia ilargi-egutegi bat egiten

Gero eta datu arkeologiko gehiago dago (kobako hormetan nahiz animalien hezur-xafletan sigi-sagan pintatu edota grabatutako “puntu jarraikien” irudiak lekuko) mendebal Europako paleolito garaian behintzat ilargi egutegi bat erabiltzen zutela frogatzeko, eta hirurogei eguneko zikloa ardatz hartzen zutela dirudi. Hots, bi hilabete osatzen duten lau “aste” (15 x 4 = 60), euskaldunon hogeiko zenbaketa sistemarekin guztiz bat datorrena. Aipatzekoa da sumertarrek ere 60 zenbakia erabiltzen zutela ardatz gisara.

Aipatutako ilargi egutegi paleolitiko bat, zaldiaren lepauztaitik atera eta bikain leundutako xafla-egutegitxo zintzilikario bat, Berriatuko Lamiñak-II koban aurkitu dute eta Bilboko Arkeologi Museoan dago orain.

Has gaitezen grabatutako puntutxoekin.

Dordoinako hezur-xafla puntu grabatuekin

Paleolito garaiko koba eta harpeetako irudietan, baita neolitoko hainbat irudi nahiz estatuatxotan, ilargi-egunen kontaduriatzat jo diren hainbat puntu eta marra-ilara aurkitu dira. Baina benetan hunkitu nau k.a. 34000-32000 bitarteko hezur-xafla bat ikusteak bi ilargialdi osoren zenbaketa jarraikiarekin. Bi ilargialdi oso (60 egun) eta hurrengo ilargialdiko hasiera, Alexander Marshack, The Roots of Civilizations ospetsuaren egileak dioenez. Aurignac aldiko gizakiak, Europara etorri zen lehen Sapiens-sapiensak, Dordoinako Blanchard harpean erabili zuen ilargi-egutegi bat, duela hogeita hamar mila urte baino lehenago!

Hezur-xafla landua dela ikusten da, eta bertan burilez zizelaturiko puntuek ilargi-faseak adierazten dituzte Marshacken iritziz. Honek mikroskopioz aztertu ditu, baita bere irakurketaren krokisa egin ere. Bere azken argitalpenetan luze azaltzen ditu hezurrean edo harrian zizelatuta dauden “egutegi” hauek (bat baino gehiago dira eta). Dordoina ibarretako egutegi hau, Marshack antropologo eta arkeologoaren irakurketaren arabera, ilberriaren hurrengo egunetik abiatzen da eta biragune bakoitzean ilbeteak (eurotan hurrenez hurreneko lau egun nabarmenduz) eta ilberriak ageri dira. Eskuma-ezkerreranzko joera duen sigi-saga norabidean darrai azken ilberriraino (berau barne hartuz) eta eskuinaldeko azken zazpi puntuak hurrengo ilargialdiko egunak lirateke.

Beraz, 60ko kopuru biribila 2 ilargialditan banatuta. Gure zenbaketa sistemarekin oso bat datorrena.

Berriatuko egutegi zintzilikarioa

Aurreko hezur-xaflari buruan bueltak ematen nenbilela, nonbaiten irakurri nuen Bolinkoba (Abadiño) harpean aurkitutako azagaia antzeko batek ere ilargi-egutegia zatekeenaren marrak zituela. Joan nintzen, bada, Bilboko Arkeologia Museora eta, berton Bilbo! Laminak-II Berriatuko koban aurkitutako hezur-xafla bat zegoen zintzilikarioen sailean, -15000 -8000 bitartekoa.

Izan ere, paparrean zintzilik eroatekoa izan daiteke, edo beste nonbaiten esekita edo lotuta edukitzekoa. Honek ere, Blanchardekoak bezala, 60 puntutan bi ilargialdi izan ditzake, gehi gainerako hogei puntu (hurrengo ilargialdiko egunak). Eskuin-ezkerreranzko sigi-sagan lerrokatuta, Kretako lehen idazkeraren “golde-idazkera” deitua (5) marratu zuten ilargi-egutegi hauen egileek, duela 30.000 eta 10.000 urte, hurrenez hurren! Dena den, sigi-saga antzeko zenbaketa diseinuak ilargiaren fase-aldaketak eta gorabeherak islatzen dituela dirudi.

Hona hemen zelan deskribatzen duten J.L. Arribas eta E. Berganzak: “Laminak-II kobako objekturik deigarriena, zaldi eskapulatik (sorbalda-hezurra) ateratako hezur-xaflan dekorazioa duen zintzilikario polita dugu. Azalera osoa dauka ondo leunduta eta ertzak oso ongi biribilduak, goiko ertza izan ezik. Trapezio antzeko forma du,... hiru zulo berdinekin (...) Arte franko-kantauriarrean ez dago horrelako forma duen beste pareko ale garbirik zintzilikarioen sailean (...) Bere gehienezko neurriak 48 mm luze, 45,5 zabal eta 3 mm lodiera dira. Dekorazioa, geometriko hutsa, xafla alde bietariko batean dago. Lau ildo azpi-zirkularretan zulaturiko puntu zerrenda luzea da, 83 puntu guztitara. Barrutik kanporantz zenbatuz gero, 15, 20, 27 eta 21 puntutako lau serie azpi-zentrokidetan banatuta dago” (6).

Merezi du Berriatuko honek ere behin betiko diseinu zehatza egitea. Nik behin-behineko irakurketa bat egin diot, argazkiaren alboan ikus dezakezuena, hain zuzen. Arribas eta Beganzak zenbatu duten puntu kopuru bera zenbatu dut nik ere (83) eta haien diseinu bera aukeratu dut, baina puntu multzoketa ilargi-faseen arabera eginda.

Nik ere, Marschacken ereduari jarraituz, ilberriaren (zuloaren eskuinaldeko puntutxoaren) hurrengo egunetik hasi dut ilargialdi-kontaduria. Zulo horren ezkerretara, bi puntutxo daude, hezur xaflak ertza haustuta duen gunearen eskuinean: bada, puntu horiexetatik abiatu naiz, aurreko ilargiaren egunak direlakoan. Lehen ilbetea burutu eta hurrengo eskuin-ezkerreranzkoa osatzear dagoela, bidegurutze antzeko bat dago. Bi aukera: gorantz jarraitu ala berehalaxe eskuinerantz jo eta eskuinaldeko biragunean bigarren ilbetea kokatu. Azkenean, Arribas eta Berganzaren aukera egin dut neuk ere. Dena den, aukera bata edo bestea egin, egunen emaitza berdin-berdina da. Jarraian, eskuin-ezker-eskuineranzko sigi-sagan, 60 eguneko bi ilargialdi osatzen diren puntura iritsi gara. Hortik aurrera 20 puntuko hondarra zenbatu dut nik, hurrengo ilargialdiari dagokion zenbaki biribila, alegia.

Beraz, guztiz 83 puntu sigi-sagan: horietariko 3, hasierakotzat kontatu ditudanak dira: aurreko ilargialdiko bi puntutxo gehi zuloaren eskuinetara dagoen beste bat (ilberriari legokiona); gero 60 puntu zenbatu dut, bi ilargialdi osatzen, faseak nahierara eratuz (funtsezko arauak errespetatuta betiere) eta 30nako bi ilargialdi bereiziz; gainerako 20 puntuak, berriz, hurrengo ilargialdikotzat hartu ditut. Beraz, 3 + 60 + 20.

Kobetako “puntu jarraiki” pintatuak

Aurkeztu ditugu, bada, 60 gau-eguneko bi ilargialdi jasotzen duten bi ilargi-egutegi -Blanchardekoa eta Berriatukoa- gure antzinako garai eta lurraldeetan.

Baina bada beste kontu bat. Hainbat kobatan aurkitu diren eta gero eta garrantzi handiagoa ematen zaien marra eta puntuen misterioa. Arize-ko Trois Frères koban behor baten irudia dago, zeinen gainean “iltze-formako” irudiak marraztuta ageri diren. Nahiz eta halako irudiak antropologo frankok ulergaiztzat jo edota xamanismoaren edo magiaren bidez irakurri nahi, behorraren umaldia kalkulatzeko ilargialdien zenbaketa izan daiteke besterik gabe; behorraren kasuan, hamabi hilabete normalean. Bada, 12 “iltze-formako” irudi dira, ilgorako ilargi-zerra formadunak. Hamairugarrenean, ilbeherako ilargi-zerratxo batek aldatzen du zikloa. Halaber, bi orein irudi ere badira Madeleine koban, bakoitzak 11 puntutxo gainean dituela.

Are, hainbat kobatan ikus daitezkeen puntu jarraikiak, gure hezur xafletan aztertu ditugun oso antzekoak direnak, ilargi egutegiak ematen dute. Gehienak labar gainean sigi-sagan pintaturiko puntutxo gorriak dira.

Asturiasko Pindal koban 60 puntutxo dituen bat dago, -18000-13000 bitartean pintatua; geroago, -11000 inguruan, puntu-multzo horren ezkerretara, marratxoen sorburu izan daitekeen kokaeraz, bisonte bat pintatu zuten. Pindalen ez omen zen bizi jendea, baizik eta errito eta jaietarako joaten ziren hara. Itsas bazterrera jotzen duen zelaitxoan distiratsu ikusiko zuten ilargi betea.

Beste koba garrantzitsu batean ere bada ilargi egutegia izan daitekeena: Pirinio barreneko Gargas koba garrantzitsuan; ataritik hurbil, 63 puntutxo ageri dira sigi-sagan, eta ilargia bera irudika dezakeen puntu handiago bat goiko aldean. Kantabriako Chufín koban ere bi ilargi egutegi dira. Horietariko batek lau 29-ko osatzen ditu. Horiez gainera, bada Asturiasen Llonín izeneko koba bat, itxita dagoena, koba oso bitxia; pantera baten, kobetako hartzaren eta akerraren burezurrak dira han, harkoskorrez inguratuta. Baita sugearen irudia, gehi ilargi-egutegiak direlako horietariko batzuk, oraindik inork interpretatu ez dituenak. Liburuetan ere ez direnez agertzen, ezin eman horien irudirik.

Azkenez, Puente Viesgon (Torrelavega), Castillo multi-koba famatua daukagu. Tontor inguru osoa dago kobazuloz inguratuta, ekialdera, hegoaldera eta mendebaldera kokatuta hurrenez hurren eta denak arte ederrez hornituta. Urte osoa igaroko zuten koba horietan. Pasiegan –kobazulo horietariko bat-, sarreratik hurbil halako puntu segida itzel handia dago, zaldi-buruaren irudi baten gainean: 60 puntu doi-doiak, lau ilargialdi izan daitezkeenak. Castilloko koba nagusian bertan 160 puntu inguruko puntu zerrenda ikusgarri bat dago (sigi-sagan ez dagoen bakarra; honek Mendi forma du, tontorrean ilbeteak koka daitezkeelarik). Altamiran ere badira puntu-zerrendak, orain arte jaramonik egin ez, baina orain aintzakotzat hartzen hasiak, nahiz eta oraindik inork ez duen planteatu, nik dakidala behintzat, ilargi-egutegiak izan daitezkeenik.

EUSKARAZKO EGUN IZENEN ESANAHIA

Jarraian, egunen eta egun multzo izenen azterketa zehatzagoa egingo dut, izen ezagunak eta ez hain ezagunak azalduz.

Egun izenen esangura

Astelehen/Astearte/Asteazkenak

Hauek sobera ezagunak dira eta esanahia ere erraz asko hauteman daiteke. Halere, ohartxo bat euskaraz pentsatzen ohituta ez daudenei: ez da gauza bera “tarte(ko) astea” eta “aste(en) tartea” (edo asteartea); ez denez gauza bera “semana intermedia”, “moyen” (Gorostiaga, Hervás, M. Glonti, Vinson...) eta intervalo, ínterin entre semanas.

Knörr euskaltzainak dionez, “harrigarria da hiru izen hauen izaera nabariegi eta higatu gabea; agian modernoak dira” (7). Beharbada halaxe da eta antzinako denboretan ez zituzten izendatu ere egiten ilberri eta larunbatera arteko egunak. Orduan ilen egunetik has zatekeen kontaduria. Dena dela asteartek tradizio luzea duela uste dut, azkenean ikusiko dugunez, eta arraro samarra deritzot neolito garaiko jendeak ilgora eta ilbeherako une zehatzak kontutan ez hartzeari.


Ilen/Eguen

Mendebaldeko euskalkian, 7 egundun asteko lehen egunari (astelehenari) ilen deitzen zitzaion oraintsu arte. Eguzki-egutegiko asteak ilargi-faseak eta euron izenak ez dituenez kontenplatzen, seguraski lehenago ilberriari zegokion izen hori -ilen- astearen lehen egunari esleitu zioten, eta hortik astelehenaren sinonimo bilakatzea. Bestela, hitzaren etimologiari buruz K. Mitxelenak esandakoa izan daiteke: il-egun. Latinezko “Lunae dies” (frantsesez lundi) izenaren paraleloa. Baina esangura bera edukitzeak ez du esan nahi euskarazko izena handik hartua denik eta, beraz, ilen hori ere modernoa denik. Koldo Mitxelenaren arabera, ilen, eguen eta martitzenek duten –en atzizki hori ziurren, erlatiboa barik, “egun” edo antzeko hitzen baten arrastoa litzateke.

Mendebaldeko euskalkiak damaigu baita ere eguen hitza. Arabako Zigoitia aldean eta Nafarraten eguaun dena, zaharragoa berau. Mitxelenaren arabera, eguena Egu-ren eguna (egu-egun edo horrelakoren bat) litzateke, ilargi beteari erreferentzia eginez. Nire iritziz batik bat EGUren egunak larunbata barruko jaiegun jakin bati egiten dio erreferentzia, ilenak ilargi berriaren egunari egiten dion bezala. Halaxe kokatu dut “eguena”, jaialdiaren erdi-erdian, izan ere, eguen gaueko gaupasa magikoa eta printzipala baitzen, larunbataren bigarren eta hirugarren egunen arteko gaupasa magikoa eta printzipala.


Eguastena

Berba oso erabilia mendebaldarron artean eta asteazkenaren sinonimotzat jotzen dute ia denek besterik gabe. Halere, gauza bat da aste eta beste bat egu. Lehenengoak egun multzoa adierazten du eta bigarrenak egun banakoa. Horregatik kokatu ditut aparte: asteazkena, egun multzoa adierazten dutenen goiko aldean; eguastena, berriz, asteazken horren buruan.

Esan beharrik ez dago, okertzat jotzen dudala eguazten hitza eguazken bihurtzea. Beste biak ez daude kontraesanean nire hipotesiarekin. Mitxelenak dio, “eguazten –z-rekin, Añibarrok ere dakarren moduan”. Autoritate argumentua dago hemen, baina batez ere aguazten-asteazken lotzeko asmoa. Baina, autoritate argumentuekin hasiz gero, zergatik ez oraingoan Azkuek bere landa-lan zabalean jaso zuen moduan, eguasten (Bc)? Horixe baita izan ere nire ustetan: EGU jaialdiari hasiera ematen dion eguna (*egu-hatse-egun egu-hasten eguasten).


Ostegun-ostiralak

Paulo Pedro Astarloak hiru egunek osatzen duten astearen osteko eguna dela dio osteguna.

Halere, J.Caro Barojak, agian arrazoi osoz, osteguna/ortzeguna ortzirekin lotzen du: “nahiago nuke –dio berak- ortzirala eta aurrekoa, ostegun-a edo ortzegun-a egun horrek Europan dituen izen arruntenekin erlazionatzea”. Beraz, ondorioztatzen du, hala ORTZ nola EGU Thor jainko germaniarraren eguna dela (“zeruko argitasun”, “egun argi” eta “orz”ekin lotua) eta euskaldunak hura jaso dugula edo ezarri digutela. Baliteke, bai, haien kontzeptua jasota euskal hitz zaharrari erabilera modernoa ematea. Halere, lehen esan bezala, “ortze” erro euskalduna (gero ost- eratorri ugari eman duena, ostegun-ostirala barne) indoeuroparren aurretiko hitza da, bestelakorik demostratzen ez didaten bitartean.

Esan bezala, eguena ere hor dugu, ostegunaren sinonimoa. Nire hipotesian ilbete jaialdiaren erdigunea litzateke Eguren eguna, larunbat alaitsuaren barnean. Leku horretan, eguen egu-guren izan daiteke agian, hizkuntzalariek kontrako argumenturik jartzen ez badute, Ortzegunaren sinonimo (8). Ortzea inoiz baino distiratsuago eta lurtarrek inoiz baino pozago jai-hurrenari ekiten zioten egun magikoa, sagaratua, gurena...

Ostiralak *irala du barne. Zer esan nahi ote?

Barojak “irago” edo “igaro” aditzaz eta “-la” atzizki agenteaz osatuta dagoela dio, “ortzera iragaten den eguna” litzatekeelarik (9). Vinson jaunak hitz argigarrien zerrendatxo bat dakarkigu irailaz mintzatzean (iragan, irabazi...), gorago ikusi dugunez, eta T. Aranzadik pare bat gehiago eransten dizkio (irakatsi, iragarri), “impulsar a” esangura emanez. Nik uste *(i)ra horrek “eratorri(a)” adierazten duela, izarretatik eratorria den irargiaren argia bera bezalaxe. Hots, kasu honetan, Ortze-egunetik edo Egu-egunetik datorren eguna, horien hurrengoa, alegia.


Barikua, afari eguna

Bari(a)ku hitza *(a)bari-ba(ga)ko egun, hots, “dies sine cena” izatea proposatzen digu Mitxelenak, kristauen “abari-bako” barau eguna, alegia. Lehen hitza, abari, baxenafarreratik jaso zuen Azkuek, eta hortxe daukagu bizkaitarrok lehenagokoa izan daitekeen apari; hasierako a hori erortzearen arrazoia Mitxelenak berak eman du. Honaino ondo, beraz. Jarraian dago koska: nondik ateratzen da, abari osteko ba(ga)ko hori, oraingo bariaku hitza sekulariora luzatzen duena? Nik uste Bizkaia aldean, kostalde guztiz kristautu bakoan behintzat, “apariku(a)” entzunez gero, alderantzizkoa ulertuko luketela: apari-kontua, nonbait; eta ez inondik ere barau konturik.

Gakoa -ku hizkian dago, *egu enborraren arrastoa izan daitekeena.

“Laburpen gogorrak (agian gogorregiak) eskatzen baditut ere, hauxe da nik proposatzen dudana”, diosku Mitxelenak berak. Eta honelako bilakaera planteatzen du: (a)baribakoeun bari(b)akoun *bariakun bariaku, bariku.

Zenbat eta buruan buelta gehiago eman Mitxelenaren irakurketari, hainbat surrealistago deritzot. “Mundu guztiak ez bada, (autore) gehienek gogoan izan dute bariaku barau-eguna zela”, diosku. Baina hortik ezin da ondorioztatu, besterik gabe, bariaku izenak barau hitza barne hartzen duela egiatan. Eta beste argumenturik gabe, gure barikua kristau ohituraren menpe jarri da epe motz sinesgaitzean. Hitzaren beraren halako higadura handiak mende bat eta bi baino askoz denbora luzeagoa behar zukeen. Badago gainera beste kontu bat: mendebaldeko euskalkiak ez duela bestelako izen alternatiborik egun horretarako. Bada egubakoitz, baina hori beste kontu bat da, oraintxe ikusiko dugunez.

Nik beste proposamen hau dakart, barieku ere hor daukagula kontutan hartuz: *apari-egu barieku bariaku, bariku.

Arazo bakarra g hori k bihurtu izana litzateke, baina ez dut uste fonetika aldetik eragozpenik dagoenik. Izatez, hor daukagu egutera (Bc, Gc., sitio soleado, oriente) ekera bihurtuta G-ezkiogan (10).

Proposamen berri hau zuzena balitz, izen berri-berria barik, zahar-zaharra genuke bariku. Eta honela, ilargi-zikloaren eremutik eta Egu-ren lau-hurrenetik irten beharrik gabe, larunbata barneko hirugarren jai egunean, bakoitza bere etxera itzuli aurretik, afari eder bat egiten zutela ondoriozta genezake. Euskal gastronomia sailak bederen eskertuko al du barikuari bere ohore galdua berreman nahia.


Egubakoitz (B), ebiakoitz (BN), irakoitz (BN, S)

Orain arte berba hauek ez dute aurkitu azalpen eta kokapen garbirik egutegian. Barojak “egun bakoitza” edo “bakoitzaren eguna” aipatzen du lar konbentzimendu barik. H. Knörrek, berriz, egubakoitz “unique day” izan daitekeela esan zuen OXFORD VI & SEAC 1999ko Kongresuan, baina esplikazio hori ez dela guztiz asebetegarria.

Nik uste asebetegarria dela, baldin izen horrek adierazten duena ulertzen bada.

Jakina da ilargi-fasetik faserako tarteak ez direla homogeneoak. Normalean 6 gau dira, baina sarritan 7, eta zenbaitetan 8 edota 5 bakarrik, ilberririk ilgorara, ilgoratik ilbetera, ilbetetik ilbeherara eta ilbeheratik berriro ilberrira doan zikloan. Horregatik soberan zegoen egunari (zazpigarrenari) egubakoitz edo ebiakoitz izena jartzea. Bada toponimian Pagobakoitz (Urbian) eta deituretan Etxabakoitz, adibidez, gauza bera esan nahi dutenak: -bakoitz osagaia duten hitzok “bakarra, bakana, berezia, apartekoa” den gauza seinalatzen dute; horrela egubakoitz nahiz ebiakoitzek “egun bakana” edo “egun soltea” adieraziko lukete. Nik zikloaren 7. egun soberakin horri egubakoitzezarri diot; eta horren ondorengo beste soberakin bat (zortzigarrena) suertatuz gero, 2004ko agorrilaren 15ean eta abenduaren 4an gertatuko den bezala, irakoitz. Hortxe dugu ira(ba)koitzen *ira enborra berriro. Egubakoitz-etik eratorria esan gura du seguruenik, irastu (B., oinasturen sinonimoa) asturutik eratorria den moduan. Beraz, Vinson jaunaren susmoekin bat, egubakoitzen hurrengo eguna litzateke irakoitz.

Izen bat geratzen da azaldu gabe: ebiakoitz. Baliteke jatorrizkoa “egubakoitz” izatea edota seguruenik “ekhibakoitz/egibakoitz” izatea eta gero g hori b bilakatzea, eguerditik eberdira igaro garen moduan (11). Orduan, ekhi edo eki baxenafar eta zuberotarrak eguneko argia adierazten du (eguzkia), gauekoa barik. Baina horrek ere badu zentzua, noski, goizaldetik arratsera arteko eguna ere barne hartuz gero bakoiztzat. Azkuek ibiakoitz jaso zuen (BN-gar) eta horrek ibi izatearen atea ere irekitzen du: egun batetik besterako igarobidea.

Oztopo bat bidean: egubakoitz ostirala da mendebaldean, baina ebiakoitz larunbata ekialdean. Hitz sinonimoak egun desberdinak adierazten? Pirinio ikuspegi bikoitzean ote dago gakoa? Nire hipotesian biek daukate zentzua. Egun soberakin hori larunbataren barnean gertatzen da, orain ikusiko dugunez: hortik larunbata adieraztea ekialdean; baina ostiralaren eranskin gisara gertatzen da zehazki: eta hortik ostirala adieraztea mendebaldean.

Ikusi dugu egutegien historian egunak, hilabeteak eta urteak tartekatzea eragiketa arrunta izan dela desfaseak konpontzeko. Adibidez, hindu egutegian 360 eguneko urtea da, 27 edo 28 eguneko hamabi ilargialditan banatua, baina 60 urtero hilabete bat tartekatzen dute (“hilebakoitz”, kasu honetan). Antzinako euskal egutegian, berriz, epe luzeegirik tartekatu beharrik ez zegoenez, ilargiaren argiak berak ematen zuen begietara egubakoitzak noiz tartekatu.


Larunbata, euskaldunen sabbat (sapatua)

“Eguzqui bako lauren batik ez”

Ikusi ditugu larunbata izenari buruzko iritzi ezberdinak. Ia guztiak datoz bat aldi jakin baten “lauren-bat” delakoaz, eta ia guztiak baita ere hilaren laurdenak adierazten dituela (Caro Barojaren arabera egun finkoekin gainera, nahiz eta lerro batzuk geroago esan ez dagoela gai horretaz batere ziur).

Mitxelenak zerbait arraroa somatu zuen hitz eta esangura horren gainean: “laurena edo laugarrena izan dedin, asteazkenak behar luke lehen eguna izan; beste aldera kontatuaz, berriz, astearteak. Gainera eta bestalde, Leizarragak arrazoi balu beste guztien kontra eta gainetik, -bate litzake, ez –bat, azken zatia. (...) Orduan, beharbada, eta beste zenbait denbora-neurri izenetan gertatzen denaren arabera, -te atzizkia geneukake hemen ere: cf. aste, urt(h)e, mende (errong. zub. mente) eta igande (errong. zub. igante).” (12)

Nabari denez, larunbataren arazoak ez dauka konponbide erosorik zazpi eguneko astea oinarritzat hartuz. Gainera, hain jai handia bazen, talde askok parte hartuko zuen; orduan, jai hori zazpi egunero eginez, bizitza osoa pasatu behar zuten erromeria horretara joan-etorrian. Esaterako, Karrantza eta Ason haranetako familiak biltzeko, Laperratik Kobaganara (Covalanas) hogei kilometro inguru izango da, nahiz eta mendiz hamar-hamabost inguru, eta astero larunbatera joatea larregitxo zatekeen.

Hiru hipotesiren artean hautatu beharra dago, beraz, larunbataz:

  • a) Astarloak, Vinsonek, eta Barojak (eta horien jarraitzaileek) proposatzen duten ilargialdi bateko laurden matematikoa.
  • b) Bi ilargialdiko hipotesiaren arabera, hamabosteroko larunbata. Hortaz, ilbeteak eta ilenak binako ilargialdiaren “lauren batak” lirateke; binako ilargialdia, horrela, 8 hilabeteko urtearen larunbata; eta bost urteko aldiak 40 ilargialdiko zenbaki biribila. Perfektuegia, biribilegia, egia izateko. Lehen oztopoa: Estrabonek ez du aipatzen ilberriko jairik, ilbeteko jai handia baizik. (13)
  • c) Larunbata “laurren betea” izatea, ilbeteko lau eguneko jaiegun hurrenkera. Azken honen aldekoa naiz ni.

Mitxelenak larun- hizkiaren aldagaiak biltzen ditu testu zaharretatik: lauren-, laren-, laran-. “Iturburu komuna nekez izan daiteke lauren + bat(e)”, dio berak-. “Zein ote da, bada: laur(en)-egun edo?”

Nire hipotesiak “r” bat gehiago du: laurren.

Ohituak gara bederatziurren, zortziurren, hirurren eta horrelako egun-hurrenetara. Orduan zergatik ez laurren alaitsu bat? Bigarren hizkiari buruz, Leizarragarekin eta Mitxelenarekin ados -bate aldakia hautatuta, hipotesi hau dakart: hasieran “bete” zatekeenak azken e galdu zuela (e hori erortzea oso arrunta dela dio Mitxelenak berak (14)) eta, bet hitz arrotza geratzean, “bet” hori “bat” bilakatu zela berehala, kakofonia ekiditearren. Horrela, laurren+betea zatekeen jatorrizko hotsa. Eta jatorrizko esangura “lau egun jarraikiko ilbetea”. Horixe da ilargi-egutegian markatu dudana: asteazkenaren buruan dagoen eguastena, eguena, bari(a)kua eta igandea barne hartzen dituen lau-hurren ederra. Edota, egubakoitz suertatzen denean, eguena (osteguna), barikua (ostirala), egubakoitz eta igandea barne hartzen dituen larunbata. Bat nator horrela A.Marschackek ilargi-egutegiaren ilgora-gunean seinalatzen dituen lau puntutxo jarraikiekin.

Dena dela, lauren bata edo laurren betea hipotesi bata zein bestea hobetsi, biak dira bateragarri praktikan, ilargialdi bakoitzaren ilbetean kokatzen direnez.

Zein bilakaera izan du larunbatak, orduan?: la(h)urren betea laurren bate larunbata larunbat-a; edo horren antzeko bilakaeraren bat, betiere e hotsak erortzeko edo a bihurtzeko duen joerarekin, betea izenlagunaren azken a galtzeraino.

Andere andre bilakaeraren antzekoa nonbait, azken honek bere “e” galdu ezin badu ere.

Larunbataren aldakien artean larembata eta laurembata, Mitxelenak aipaturiko testu batean Otxoa Arin gipuzkoarrak idatziak biak “Iruñeco Obispadu”az mintzatzean. Laurembata oso hurbil dago laurrenbetetik. Gainera beste hitz batzuen bilakaera iradoki dezakegu: Larraul eta Etxarren, esaterako. Lehenengoaren bilakaera Larra(h)urren Larraul (gip.) Larreun (jaka) Larun (naf., Larun-be konposatuan). Beraz, Larre-hurrenetik Larun*era higatu da agian, gure auziko hitzak laurren-betetik larunbatera bezalaxe. Are argiagoa litzateke Etxarren hitzaren kasua.

Egungo egutegiaren barruan, euskaldunek zenbait santu-egun eta data hartu dute erreferentziatzat, hasieran esan bezala, eta gainera lau eguneko egun-hurrenak ospatzen dira, edo ospatzen zen oraintsu arte: Asentzio lehenengoa, Asentzio bigarrena, Asentzio bezpera eta Asentzio. Bada beste “laurren” ospetsu bat Gernikealdekoon artean: Andra Mari, San Roke, San Roketxu eta San Roke Txiki. Orain autoak eta daude, baina lehen, behin Sollube barreneko Paresitik Gernikara joan ezkero, zelan etxeratu hurrengo egunean?

Gauza bera gertatuko zen ilbete ospakizunean, eta larunbataren barruan, eguena litzateke jaiegun nagusia: EGUren eguna.


Igandea

Autore gehienak “igan handia” adierazten duela diote. Hots, ilbetearen puntu gorena. Nik ere horrelakotzat kokatu dut egutegian.

Mitxelenak dio kristau hitza ez ote den izango. Halere, infernuetara jaisteak eta handik igaiteak kristau aurreko tradizio luzea du, Astarteren mito anatoliar-mesopotamiarrean ageri denez. Aldiz, domeka hitzak bai duela kristau jatorria (dies dominica). Erromatar munduak “Jaunaren Eguna” deitu arren, eliza grekoan genero femeninoa omen zeukan (Rohlfs), eta halaxe bereganatu zuela dirudi euskal jendeak ere. Horren lekuko Arabako domequea (Landuccik aipatua) eta mendebaldeko eta are Gipuzkoa eta Nafarroako zenbait eskualdetako domeeka izena.

Beste zertxobait igandeari buruz: igandi, iande, igante aldakiek ez ote lezakete “iragan-de” edo “iragan handia” adierazi? Iltzarretik ilberriranzko jeurta edo norantz aldaketa? Izan ere, ilbeteari ilzar (AN-b-est, B,G) edo ilzaar (B-m) deitzen baitiote, Azkuek jasotzen duenez. Baina utz dezadan kontu hau hizkuntzalari trebeagoen esku eta noan atal hau amaitzera.

Hona hemen igandearen sinonimo bitxia: neskenegun. Nire hipotesian bere lekua daukake: (a)bariku biharamunean, igandean, neskek beren jaia ospatuko zuten merezimendu osoz, zeren bezperako afari hura beraiek prestatuko baitzuten seguruenik. Txantxaz aparte, ikertzea merezi duen datu etnografiko interesgarria da neskenegunhori. Askok aipatu du oraintsu arte Euskal Herriko hainbat lekutan zegoen neska-laguntze ohitura: mutilek neskak berauen etxeetara laguntzen ematen zuten arratsaldea eta neskalagunak prestaturiko afaria izaten zuen gero bikoteak neskaren sendiarekin.

Halaxe heldu gara puzzlearen amaierara. Besteren batek puzzle piezaren bati zirri egin eta larakoa jota uzten duen arte nire gurdia. Baina zer axola, gero eta dotoreagoa izango bada euskaldunon gurdia.


(JOSU NABERAN NABERAN idazlea da)

  • Gai honi buruzko informazio zabalagoa eta sakonagoa Josu Naberanen Antzinako Euskaldunen Ilargi-egutegia liburuan aurki dezakezu, Basandere argitaletxea, 2003.

***

Oin-oharrak:

(1) Uhlenbeck hizkuntzalariak -tz / -ts bukaera hori duten bisilabikoen euskarazko ehunetik gora adibide dakartza. Bere iritziz, eredu bisilabikoa euskal hiztegiaren “estrato” edo geruza oso zaharra genuke, errazki banatzen diren atzizki bizi eta emankorrez eraturiko izen-eratorri aditzetikoak ez bezala (Lakarra, J.A. Uztaro, 1998). Lakarrak artikulu berean dio: “Badirudi konposaketa zela hitz berriak sortzeko modu ia bakarra, aurrizkirik esateko moduan agertzen ez delarik, eta atzizkiak gardenegi direlarik zaharregi izateko”. Hitzak sortzeko beste modu bat ere aipatzen du Lakarrak, noski: bikoizketa. “Aitzineuskararik zaharrenean hitzak hasteko moduetarik bat erreduplikazioa (ezkerrerantz eta zatika) izan dela pentsa liteke: go-gor, da-dats (>adats), de-der (>eder), do-dol (>odol), ze-zen, eta.)”. Nire uste apalez, horrelakoa litzateke, konposatua edo bikoiztua, arrats ere, A(T)S erro nagusitzat duena. Beharbada *arre-arratse arrats arraste bilakaerarekin.

(2) Jorge Alonso eta Antonio Arnaizen lanari hainbat aitzakia eta ahulezia aurki dakizkioke hizkuntzalaritza aldetik, baina %5 asmatuta ere (eta uste dut hori baino gehiago asmatzen duela), balio handiko ekarpenak dira, metodologia egokitik abiatuta asmatuak direlako. Ostera, Jorge Alonsori kritika egiten diotenek arrazoia izan dezakete euren kritiketan, baina ez dute ekarpenik egiten. Eta, txarrena, nire ustez, metodologia erdipurdiko batean oinarrituriko hizkuntzalaritzan oinarritzen direla. Hots, hizkuntza aurre-indoeuroparrak hizkuntza indoeuroparren ikuspunturik irakurri nahi izatea, batez ere latinaren ikuspegitik. Horrela, diote, euskarak %40 edo %60ko mailegua du aipatu hizkuntzotatik.

Nire ustez ez da horrela, inondik ere. Lehenengo, latinak eta grekoak hainbat hitz hartu zituzten beren aurreko hizkuntzetatik (euskararen ahaide ziren hizkuntza nahiz kultura aurre-indoeuroparretatik), eta horretaz harri bitxiak aurki daitezke Antonio Arnaiz eta Jorge Alonsok aurkeztu duten dokumentazio zabal bezain aberatsean. Bigarrenez, Erromako Inperioa erori zenean, denboragarrenera “latin vulgar” deritzotena sortu zen, zeinek berriro ere inguruko hizkuntza bizietatik, euskaratik eta libiar bereberretik adibidez, hainbat berba hartu zuen. Ez zen izan, beraz, kasu gehienetan, latin erdi-fosilduak euskarari mailegatzea, baizik eta alderantziz, horren azterketa zehatza egiteke dagoen arren. Latinak eta grekoak, hizkuntza biziak zirenean, utzi zuten, bai, mailegurik munduan zehar, baina nik ez dut nabaritzen horrenbeste utzi zutenik euskaran (harreman denbora gutxitxo izan baitzuten halako eragin sakonak gizarte zabalera hedatu ahal izateko). Eta latin vulgar delakoari dagokionez, Espiniar Entziklopediak eta hizkuntzalari gehienek lasai asko esango dizute boca, cara, casa, palo, cuchara, eta abar, latinaren maileguak direla (batik bat latin berantiarrarenak), baina oso oker dabiltzala uste dut. Gehienak euskal erroa duten hitzak direlako, nire aburuz. Orain luze joko luke berbon erro euskaldunak argudiatzeak, baina nik ondorio horixe ateratzen dut mendebal Europako toponimia alderatzean. Bakarrik esango dut, betiere hasi berri baten iritzia, hitz horietariko batzuk (palacio, río, voz, hacha, arar, habere, etab., latinak bere aurreko hizkuntzatik hartu zituela –euskararen batetik alegia-, eta beste gehienak, berriz, Erdi Aroko tokian tokiko herri-hizkuntzatik, kasu honetan gehien-gehienak euskaratik. Antzinako euskal erroak (latin-greko eta germanikoak baino milaka urte lehenagokoak) ez ezagutzeak eraman du hizkuntzalaritza, nire ustez, eraman duen ondorioetara. Nire aldetik, beste artikulu batean gai honi buruzko azalpen luze-zabala emango dut erabili.com-en berandu baino lehen.

(3) (H)ATS hitzari dagokionez, “arnas”, “atsegin” (AN, BN, S) eta “gau” (AN-b, L-hend) adierak ditu Azkueren arabera. ARRE eta (H)ATS lotzeak antzinako euskaldunen mundu-ikuskera edo gau-ikuskera irudikatzen du, koloreari erreferentzia egiten diona. Iluntzea gau arrea zen, beraz. Printzipioz, aste hitzaren etimologia *hatse ere izan daiteke –“haste” aditzaren forma primitiboa-, baina ez dut uste hala denik, esangura aldetik kontraesan handia baiteritzot hainbat eguni edo egun multzori, ilbeheran nahiz ilgoran, “haste” eta “haste” deitzeari.

(4) Baliteke, lagun batek ohartarazi didanez, ilgora eta ilbera izenak goranzko eta beheranzko ilargiari (ascendente/descendente) deitzea, hurrenez hurren, antzina. Zelan izendatuko zituzten, orduan, ilargi horren ilberri-ilbeterako eta ilbete-ilberrirako zikloak? “Aste argi” eta “Aste ilun”? Hipotesi honen alde legoke Akitaniako hilarrietan ageri den ASTO ILUNNO DEO horren aipamena, nik ASTE ILUN gisara irakurtzen dudana zalantzarik gabe. Aste Ilunaren aurrekoak Aste Argia beharko zukeen izan. Fisikoki edo matematikoki argi kopuru bera emango du seguruenik, baina psikologikoki oso bestelakoak dira gero eta argiagora ala gero eta ilunagora bidean diren ilargi-erdiak. Fisikoki ere eragin desberdina du bonbila beraren argiak foko indartsu baten ostean edo iluntasun osoaren ostean ikusi.

(5) “Golde-idazkera” eskerrerantz eta eskuinerantz hurrenez hurren idazten den antzinako idazkera da, nekazariak soroa goldatzean egiten duen mugimendua, alegia. Orain beti ezkerretik eskuinerantz soilik, edo alderantziz, edota goitik behera, idatzi ohi da.

(6) KOBIE 17 zkia. (Paleoantropologia saila). Bilbao, 1998; KOBIE 21 zkia. (Paleoantropologia), 1994.

(7) Henrike Knörr-en hitzaldia Oxford VI and Seac 99. “Astronomy and cultural diversity”. 1999.

(8) Nire aldetik badut argumentu bat egu-guren etimologiaren alde. Orain ere “eguen guren”, “bariaku guren”, “sapatu guren” eta Pazko deitzen zaio gure parajeetan Aste Santuko lau-hurrenari.

(9) J.C.Baroja. Euskal Jainko eta jainkosak.... GAIAK, 1989.

(10) Azkue. Diccionario vasco-español-francés (1969).

(11) Leizarragaren testu batean agertzen dira bai egiakoitz bai larunbata izenak: “Eta hura cen asteco çazpigarren eta azquen eguna, orain batéc larambate, bercec eguiacoitz eta bercéc nesquen egun deitzen duguna”.

(12) Koldo Mitxelena. Palabras y textos. Egunak eta egun izenak.

(13) Estrabon. Geographica. “Badute halako izengabeko dibinitate bat, eta ilbeteetan gurtu egiten dute dantzan eginaz, etxeko atarietan, egunsentira arte...”.

(14) K.Mitxelenak liburu berean, 273. orrialdean: “gogoan eduki dezagun maiz aski galdu dela –e hitz elkartuen gibel-aldean (ikus FHV, 411 h.)”

BIBLIOGRAFIA

Barandiaran J.M.: Mitologia Vasca. Txertoa, 1996

Lakarra Joseba A.: Hizkuntzalaritza konparatua eta aintzineuskararen erroa. Uztaro-25, 1998

Mujika Luis Maria: “Egipcios, bereberes, guanches y vascos” intuizioa filologikoaren bidea?. EGAN 1 eta 2 zkia., 2002

Núñez Astrain, Luis: El euskera arcaico. Txalaparta, 2003

Frank Roselyn:

  • Hunting the european sky bears. 1996. V. Koleva and D. Colev argit.
  • Astronomical traditions in past cultures.

Bähr, G.: M.M. Ramos. De astronomástica vasca. RIEV-20, 1929

Bausani, A.: The prehistoric Basque week of three days: archaeoastronomical notes. Maryland, 1982

Oxford VI and SEAC 99. Astronomy and cultural diversity, 1999.

  • Hunting the European sky bears: Hercules meets Harzkume. Roslyn M. Frank
  • New arguments for the Minoan origin of the stellar positions in Aratos´Phainomena. Göran Henriksson; Mary Blomberg.
  • An astronomical interpretation of finds from Minoan Crete. Peter E. Blomberg.
  • Astronomy and basque language. Henrike Knörr.

Caro Baroja J.: Euskal jainko eta jainkosak. GAIAK, 1989

Astarloa Pablo Pedro: 1803. Apología de la lengua bascongada. (Madril)

Hervás y Panduro, Lorenzo: 1808. División primitiva del tiempo entre los bascongados usada aún por ellos. BRSVAP (Donostia, 1947)

Vinson Julien: 1910. Le Calendrier Basque. RIEV, 1910

Gomez Tejedor J.: 1979. El Calendario vasco. Temas Vizcaínos-49

Azkue, R.M.:

  • Euskalerriaren yakintza. Euskaltzaindia-Espasa Calpe. Bilbao, 1989
  • Diccionario Vasco-Español-Francés. Ed. La Gran Enc. Vasca. Bilbao, 1969.

Mitxelena, L.:

  • 1990. Fonética Histórica Vasca. Gipuzkoako Foru Diputazioa.
  • 1964. Textos arcaicos vascos. Minotauro. Madril.
  • 1987. Palabras y Textos. Egunak eta egun izenak. EHU.

Kanpion, Arturo: 1931. Euskariana. Orígenes del pueblo euskaldun. Testimonios de la lingüística. (Iruñea)

Aranzadi, T.: Del calendario vasco y del cuento de los dos jibosos.

Gorostiaga, Joan: 1940. La semana vasca y la medición del tiempo. Euzko Deya. Buenos Aires

Glonti, Medea: 1988. Sobre la formación de algunos antiguos sistemas de semana (Fontes Linguae Vasconum). Donostia

Barry Cunlille Edit.: 1994. The Oxford Illustrated Prehistory of Europe.

Arnaiz Villena J.A. eta Alonso Garcia J.:

  • El orígen de los vascos y otros pueblos mediterráneos (Complutense ed., 1998)
  • Minoicos, cretenses y vascos (2000); Egipcios, bereberes, guanches y vascos (2001)

KOBIE aldizkaria, 17 eta 21 zkiak

Irigoyen, Alfonso: 1986. En torno a la toponimia vasca y circumpireneica. Deustuko Unib., Hizkuntza Saila.