Nestor Basterretxea: 'Euskal Serie Kosmogonikoa'
1. AKELARRE
Akerraren larrea da. Bertan, azti-taldeak elkartzen ziren astelehen, asteazken eta ostiral gauetan, Aker Beltza gurtzeko. Jeinu horrek ganadua babesten omen zuen, eta tradizio paganoan zegoen oinarrituta. Eskultura hau egiteko, Basterretxeak haritz-enbor bat hustu zuen, eta, modu horretan, multzo osoan arkaismo-itxurarik handienetakoa duen konposizioa egin zuen.
2. AKER BELTZ
Etxeko abereak babesten zituen jeinua, gurtza ematen zitzaion lekuarekin (Akelarrea) erlazionatutakoa. Garapen bidimentsionala dauka, eta serie osoko piezarik figuratiboenetakoa da
3. EIZTARIA (Ehiztaria)
Kondairaren arabera, ehiztari bat atsedenik gabe zebilen mendietatik atzera eta aurrera, bere txakurrekin batera, ehizarekiko gehiegizko zaletasunak nekatuta. Ezaugarri geometriko handiko pieza da.
4. GAUEKO
Gaueko jeinua da; behi edo munstro forma hartzen du, eta haize-ufaden bidez agertzen da. Konposizioak lerro estilizatuak ditu, eta giza formak hartzen ditu.
5. IDITTU (Gaueko jeinua)
Animalia itxurako gaueko jeinua da, eta, gauaren iluntasunean, sugar batekin agertzen da. Hustuketaren bitartez, Basterretxeak hutsuneak eta erliebeak ireki zituen, eta, mentalki, espazio horiek itxura organiko handiko molde baten formak gogorarazten dituzte.
6. ILLARGI AMANDRE (Ilargi Amandrea)
Ilargia da. Jainkosa gisa hartzen da eta emankortasunarekin dago erlazionatuta. Figura femeninoa da, konposizio harmoniatsukoa eta totem itxurakoa.
7. INTXIXU (Basoko deabrua)
Leize eta eremu hutsetan bizi den kondairazko jeinua. Aurrez aurreko irudi antropomorfiko honek kultura tradizionalarekin lotzen du eskultura garaikidearen espiritua.
8. AMALAU ZANKO (Hamalau trikimakodun mamua)
Espiritu izugarriko izaki bitxia. Goiko aldeko hamalau oholek profil fazetatuak dituzte, eta labirinto-itxurako erliebeak eratuz elkartzen dira. Bertan, Basterretxeak agerian utzi zuen irrazionaltasunarekiko daukan joera.
9. ARGIZAIOLA (Defuntuen argia, bertsio horizontala)
Defuntuak oroitzeko oholtxoak; argizarizko biribilkiak sutondoko sua sinbolizatzen du (tenpluan ere jarraitzen du suak). Basterretxeak forma bolumetriko beltz eta konpaktuz egindako konposizioaren bertsio horizontala da, eta, bertatik, zurezko barrualdea agertzen da. Artistak esan zuenez, hau da serieko lanik arkitektonikoena.
10. ARGIZAIOLA ZUTA (Defuntuen argia, bertsio bertikala)
Bertsio honen bertikaltasunak irudi antropomorfoa eskaintzen du, eta erreferentzia argia egiten dio Barandiaranek iradokitako sinbologiari: batetik, kandela eta giza gorputza irudikatzen ditu, eta, bestetik, argia eta espiritua. Formari dagokionez, pieza estilizatua eta aurretik begiratzekoa da. Izaera artisaua dauka, eta horrek zuzenean garamatza berau inspiratu zuen objektura.
11. BOST HAIZEAK
Hemen, Basterrexeak oso geometrizatutako forma-zeinua erabili zuen, fenomeno naturalari erreferentzia egiteko. Lauburua edo esbastika lerromakurra agertzen da. Jatorriz, kristautasuna baino lehenagoko sinboloa da, eta XVI eta XVII. mendeetatik erabiltzen da hilarrietan, etxeetako frontispizioetan, kutun gisa, edo, oraingo garaietan, euskal kulturaren sinbolo gisa.
12. EATE (Uztak suntsitzen zituena)
Ekaitzen, suaren, uholdeen, tximisten eta urakanen jeinua. Horizontaltasun argiko eskultura da eta oreka asimetrikoan esekitako arkitektura gogorarazten du. Aldi berean, trinkoa eta arina da, artistak egindako brankako maskaroien eta masten antzera.
13. MAIRUAK (Cromlechak eraikitzen zituztenak)
Antzina, dolmenak eta cromlechak eraikitzen zituzten paganoak. Hau ere aurretik ikusi beharreko pieza da; marko formako egitura dauka, eta, bertan, ildoz eta sakonunez zulatutako sei bolumen agertzen dira. Hutsunearen funtsezko presentziak Oteizaren lanera garamatza.
14. OSTADAR
Ostadarra. Basterretxeak, arku bikoitza erabiliz, antzinako munduan magikotzat hartzen zen fenomeno naturala irudikatu zuen. Pieza hau serie osoko brontzezko lan bakarra da, eta zeinu-iruditik hurbil dagoen lanketa-prozesua izan zuen.
15. TRIKU HARRI (Trikuharria. Omenaldia dolmenari)
Dolmen baten izena. Euskal Herrian historiaurreko monumentu hauetako asko daude. Eskultura hau, serie osoko txikiena, eskalan egindako eraikuntza arkitektonikoa da, eta, barruan, zentauro txiki bat dauka.
16. MAJUE (Lurpeko jeinua)
Lurpeko jeinu kaltegarria; lurpetik irtetean, Mari emaztearekin elkartzen da, eta txingor-ekaitzak sortzen ditu. Hemen, Basterretxeak hustuketaren kontrako prozedura erabili zuen, pieza arin eta bertikalak sartuz asmo formaleko konposizio batean. Adarren leunketa-prozesua euskal makilaren lan tradizionalaren antzekoa da.
17. MARI (Euskal Mitologiako jainkosa nagusia)
Leizeetan bizi den emakumezko jeinua. Kondaira herrikoiaren arabera, Mariren kobazuloa Anboto mendiaren aldeetako batean dago, Durangaldean. Aipatutako mendi horretan kobazulo eta haitzarte ugari daude. Leizeek ere eragin handia izan dute euskal artearen imajinarioan, Oteizaren artetik hasita. Serieko piezarik finenetakoa da honako hau.
18. TORTO (Begi bakarreko jeinu gaiztoa)
Begi bakarreko jeinu kaltegarri eta antropofagoa. Zenbait teknikarekin (zizelkatzea eta kolatzea) egindako eskultura antropomorfo eta sexuatu honek argi erakusten du Basterretxeak mito barbaro batzuekiko interesa duela.
ILARGI AMANDREAREN MOZORROAK
Bost mozorroz osatutako Ilargi Amandrearen mozorroak multzoa 1977an egindakoa da, serieko azken eskultura egin eta bi urtera, eta 1972ko Illargi Amandre (Ilargi Amandrea) egin eta bostera. Marrazkietatik abiatuta, egurrezko masa konpaktu batera heldu zen, eta masa hori alboetako batetik landu zuen, erretratu femenino bat lortu arte. Bost piezak ideia beraren aldaerak dira, eta ideia hori konposizio abstraktu eta eskematizatuetan gorpuztu zen, mozorro erritualen antza hartuz.