Antzinako gizakiarentzat denbora ez zen kontzeptu abstraktu bat. Naturarekin harreman zuzenean bizi zen eta izadiaren ziklikoen hurrenkerak neurtzen zuen denbora.
Ziklo nagusiak eguna eta urtea ziren. Urtearen bilakaeran neguaren akabera eta udaberriaren jaiotzak berebiziko garrantzia zuen gizakiarentzat, bizirauteko behar zuena une horretan hasiko baitzen sortzen. Inauteri jaiak naturaren berpizte garaia iragartzen digu, udaberriari ongietorria emateko ospakizun paganotik datorkigu. Bestalde, negua ekarri zuten izaki ilunak, naturaren heriotza eragin zuten gaizkiaren indarrak, uxatu nahi dira maskarekin, suarekin eta zaratekin, argitasunari eta naturaren berpizteari ateak irekitzeko. Aro berriak naturaren eta nekazaritzaren berpizkundea ekarriko zuen.
Ziklo berri bat sortzeko, garai berriari dehiadar egiteko, erritora jotzen zen. Ezerk ez zuen ziurtatzen etapa berritu bat iritsiko zenik eta beharrezkoa zen dagokion errituala betetzea, inauteri ospakizuna aurrera eramatea. Hainbat lekutan uste izan da inauteri tradizionalik egiten ez bazen zorigaitzezko urtea izango zela.
Jai honen lehen aztarnak Sumerian, Mesopotamian (gaurko Irakeko iparraldea), Kristo aurreko 3.000 urte baino gehiago atzera ospatzen zuten Akitu jaiak omen dira. Urtearen hasiera markatzen zuen udaberriko festa izan zen Mesopotamia Zaharrean. Martxoaren hasieran egiten zen eta 12 egun irauten zuen. Akitu ez zen inauteri bat izan zentzu modernoan, baina prozesioak, erritual erlijiosoak, dantzak, jainkoei egindako eskaintzak eta sorkuntzaren mitoa antzeztea egiten ziren. Erregeari umiliazio sinbolikoa ere egiten zitzaion, jainkoekiko mendekotasuna frogatzeko apaiz nagusiak zaplaztekoa ematean.
Antzinako Grezian Dionisio jainkoaren, ardoaren, emankortasunaren eta antzerkiaren omenez ospatzen ziren jai dionisiakoak ere inauteri modernoaren aurrekaritzat jotzen dira. Dionisiak izenaz ezagunak, alaitasun eta neurrigabekeria handiko festak ziren, non ardo ugari edaten zen, inhibizioen askapena bizi zen eta jainkoekin lotura sinbolizatzen zen. Ospakizunen artean prozesioak, dantzak, musika, antzerki-emanaldiak eta animalien sakrifizioak zeuden. Dionisia Handiak martxoan ospatzen ziren. Kronikak diotenez jai koloretsuak eta erritu frenetikoak zituzten. Adin guztietako eta klase sozial guztietako pertsonen arteko sexu harreman neurrigabeak praktikatzen omen ziren eta neurririk gabe edaten zen. Jatorrizko kultua emakumeentzat bakarrik zen, isilpean ospatzen ziren, eta Pan jainkoaren jatorrizko gurtzatik zetorren. Emakumeen parte-hartze hutsarekin, urtarrileko lehen ilargi betea eta martxoaren lehenaren artean ospatzen ziren. Ondoren, gizonezkoek ere parte hartzen zuten.
Erromatarrek Saturnalak nekazaritzaren jainkoa zen Saturnoren omenez ospatzen zituzten. Jainko hau Krono jainko prehelenikoarekin lotzen zuten. Abenduaren 17tik 23ra bitartean izaten ziren, urteko aldi ilunenaren amaieragatik eta abenduaren 25ean argialdi berriaren jaiotzagatik edo Eguzki Invictusaren jaiotzagatik. Saturnalak, seguruenik, neguko ereintza amaitu ondoren, nekazari-lanak amaitzeko jaiak izango ziren. Zazpi egunetan, dibertsio zalapartatsuak, orgiak, banketeak eta opari-trukeak egoten ziren. Esklaboak beren betebeharretatik libre gelditzen ziren eta, batzuetan, beren jabeen papera hartzen zuten.
Antzinako Erroman, luperial jaiak otsailaren 15ean ospatzen ziren. Urtero, Luperkoak "otsoaren lagunak", aukeratzen ziren hiriko kiderik ospetsuenen artean. Beste zenbait zeremonien ondoren, prozesio bat antolatzen zen luperko biluziekin. Hauek soinean ahuntz hil berriaren larruz egindako tira edo uhal batzuk bakarrik zeramatzaten, eta bidean zeremoniaren parte izateko prest zeuden emakumeen eskuak eta bizkarrak astintzen zituzten; ugalkortasunerako errituala zen. Gainera, garbiketa-ekintza bat bezela hartzen zen.
Antzinako jai guzti hauek gaur egungo inauterien aurrekari izan daitezke antzekotasun hauengatik:
Gehiegikeria eta askapen sinbolikoa: inibizioa hutsean murgilduta, gehiegikerizko jaiak dira, edariaren kontsumoa eta gozamen soziala da nagusi.
Naturaren zikloak eta berritzea: negutik udaberrirako trantsizioaren ideia horri eusten diote, ziklo berritu batena.
Ohiko arauen inbertsioa edo etetea: herritarrek ohiko itxura aldatzen dute eta gizarte-rolak irauli egiten dira (maskarak, mozorroak, momentuko berdintasuna, rolen aldaketa).
Goi Erdi Aroan, garizumaren aurreko ospakizunak bazire, baina ez erabat formalizatuta. Sevillako San Isidorok, VII. mendean, neguko jai hauen inguruan hainbat praktika aipatzen zituen, hala nola mozorroa, batez ere beste sexuko pertsonena, eta neurrigabeko jan-edanarena. Jatorrian jradizio paganoa zuten jai hauek kristau egutegira egokituak izan ziren. "inauteri" terminoa oraindik existitzen ez bazen ere, ospakizun horiek ihes-balbula sozial gisa balio zuten garizuma-barauaren aurretik.
Behe Erdi Aroan (XI-XV. mendeetan), inauteriak eliz egutegiaren barruan ezarritako jaiegun gisa finkatu ziren. Carnelevare terminoa X. mendean agertu zen Italian. Ospakizunak antolatuagoak eta herrikoiagoak bihurtu ziren, bereziki Kolonia, Venezia edo Basilea bezalako hirietan. Ezaugarri hauek zituzten:
Aldi baterako gizarte-inbertsioa: morroi eta zerbitzariek beren jaunei iseka egin zieten, eta nekazariek noblezia imitatzen zuten.
Bufoiaren askatasuna: pailazo eta komikoek Eliza eta boterea beldurrik gabe kritikatzeko baimena zuten.
Desfileak eta maskarak: animalien, deabruen edo irudi mitologikoen mozorroak erabiltzen ziren.
Jan-edanak eta neurrigabekeria: garizumaren aurreko azken haragi, arrautza eta esneki erreserbak kontsumitzen ziren alkoholarekin batera.
Kale antzerkia eta satira: kritika soziala duten antzezpen publikoak askatasunez egiten ziren.
Elizak garai askotan jai hauen kontra jo izan du (adibidez, IV-VI mendeetako sermoietan, jaietan mozorrotzen zirenen aurka) eta beste batzutan askatasun gehiago utziz, zenbait komentuk beren fraideei inauterietako giroaz gozatzeko aukera emanez (XVII). Adibidez, 1601ean, Arguedasko Pedro Escudero elizgizona, inauterietan kardinalez mozorrotuta atera zen Iruñean, bere irudia barregarri utziz. Salatua izan zen, hiritik erbesteratua, eta urtebeteko lanbidea eta onura kendu zizkioten. Botere zibilak ere, zegoen agintariaren arabera, ezberdin jokatu du ospakizun herritar honen aurrean: batzuetan errepresioa ezarriz eta beste batzutan onartuz. Arlo zibilean, badakigu 1513an Felipe Ederrak debekatu zituela eta, ondoren, Francok 1939an, Gerra Zibilaren ondoren.
Ospakizun hau Errautsetako asteazkenaren aurreko hiru egunetan zehar luzatzen zen, Garizumaren hasiera markatzen zuen egunean, fededunei Pazkorako prestatzen zien baraualdi eta abstinentzia luzean. Asaldamendu kolektiboan eta debekatutako gehiegikerietan murgiltzen jendea hiru egunez.
Garizuma Pazko eguneko prestaketa espiritualerako denbora da kristauentzat. Garizumak 40 egun irauten du guztira, Errautsezko Asteazkenean hasten da eta sei aste geroago amaitzen da gutxi gorabehera; Ostegun Santuaren arratsaldean edo Larunbat Santuaren ilunabarrean amaitzen da. Inauterien eta garizumaren hasieraren arteko lotura, neurri batean behintzat, 1091ko Beneventoko Sinodoaren ondoren instituzionalizatu zen. Sinodo horrek lagundu zuen Errauts Asteazkena garizumaren hasiera gisa ezartzen egutegi liturgikoan, eta horrek lagundu zuen aurretiko ospakizunak muga liturgiko horren inguruan "inauteri" gisa antola zitezen. Elementu pragmatikoak ere badaude gehiegikeria jai horren data finkatzerako orduan: jendeak garizumaren aurretik haragia, gurina, arrautzak... bezalako elikagaiak kontsumitu behar zituen, produktu horiek debekatuta edo mugatuta baitzeuden baraualdian.
Etimologikoki, "carnival" latinezko carnem levare edo carnelevare hitzetik dator, "kendu haragia/haragia joan egiten da" esan nahi duena, Garizuman haragiari uko egiteko erreferentzia sinbolikoa.
Denbora pasa ahala, barau aldiaren hasiera izatearen zentzua galdu zuten eta tokiko inauteriak instituzionalizatu egin ziren. Lehen kaos soziala zena jaiegun herrikoi bihurtu zen, eta konpartsa, desfile, karroza eta lehiaketak etorri ziren; baina, mozorroak, musikak eta gehiegikeriak jarraitu zuen.