Antzinako beste jainkotasun batzuk
Egoi jainkoa
Egoi, euskal mitologiako hego haizearen jainkoa da.
Hego haizeak zurrunbiloetan jotzen du askotan mendi, baso eta herrietan, eta batzuetan bere indarragatik txikizioak eginez. Hau dela eta, Egoi eta hego haizea beste zenbait ireluekin lotua izan dira: Ehiztari beltza, Eate, Izugarri...
Errenteria aldean, zera sinesten dute, Eguak (Egoi) ez duela euririk ekartzen, eta Ernio-Haizea (Hego-mendebalekoa) bere aurka borrokatzera datorrela. Hala ere Ernio-Haizeak kalteak egiten ditu uzta eta zuhaiztietan, bere bortizkeria dela eta. HAize honek eurite handiak ekartzen ditu bidera Mendebal-haizea irteten baldin bazion. Behe Nafarroan kontatzen dute ipuintxo hau: Printzesa bat Espainiako erregearekin ezkondu zen, eta Behe Nafarroa ezkon saritzat eman zion. Hala ere Frantziak indarrez berreskuratu zuen herrialdea, eta handik aurrera Printzesa hego haize bilakatuta mendi eta ibarren gainetik itzultzen da berea dena exijitzeko.
Baztanen uste dute hego haizea jotzen duenean, Infernuko ateak ireki direla bertan bekatari bat sartzeko. Baztanen ere, Elizondon hain justu, ipuintxo hau kontatzen dute Egoi eta pertsonifikatutako gainontzeko haizeei buruz:
"Zehar-haizearen alabak dira Ipar-haize eta Haize-Egoaren andreak. Ipar-haizearen andrea oso arretatsua da, eta bere senarrari baratxuri-salda egiten dio. Eta gero gizona haserretu gabe egoten da beti. Haize-hegoak andre lazoa du, ez dio egiten baratxuri-salda, eta gero gizona haserretzen da. Haserretzen da senarra eta aita-arrebengana joaten da eta andrearen dotea eskatzen dio, Lehen agindu ziolako eta ez ziola eman, gero emango ziola aginduz. Aita-arrebak, negar iturriekin esaten dio orain ez duela, gero emango diola. Orduan baketzen da Haize egoa".
Ipuin honek aldaerak dauzka Garazin eta Zugarramurdin.
Eguen jainkoa
Eguen edo Egu zeru eta argiaren jainkoa, nahiz eta hau, Jose Migel Barandiaranen arabera erabat baieztatu gabe egon.
Antza egu sustraiak argia esan nahi du, baina baita zeru edo ortzi urdina, ortz eta ost bezalaxe. Hauekin lotuta azltzen da baita ere. Horrela eguen ortziko argiari edota argi berari eskainitako eguna litzateke.
Dirudienez, eguen indoeuropar hizkuntzetan erabiltzen den osteguneko izenaren itzulpen fidela da. Hizkuntz hauetan osteguna zeruko eguna edota ortziko argitasunaren eguna da, jainkotuta.
Horregatik Barandiaranek berak esaten du balitekela Egu ortzi urdin edota disdiratsuaren Jainkoa izatea.
Bizkaieraz, Egu jainkoari eskainitako egunek hartzen duten izena: eguen (ostegun), eguazten (asteazkena).
Halaber, egu izenarekin loturik euskararen lexiko ugaria dago: eguantza (egunsentia), eguerdi (goiza eta arratsaldearen artea), eguargi (egun argi), eguarte (egun-argia dagoen bitartea, bereziki arratsaldea), egubakoizt (ostiral), eguberri (negu solstizioa), egunabar (egunsentia), egunaldi (eguraldi), egunari (egutegia) etab.
Ekaitza hitza sortzeko, Egu eta gaitz hitzak lotzen dira.(aitzineuskaraz: *egu-gaitz).
Abelion jainkoa
Euskal mitologiako jainkoa; Akitania erromatarraren garaian Pirineo aldean oso zabalduta egon zen harenganako gurtza, antza bertako dibinitate garrantzitsua izan zen. Berari buruzko inskripzio ugari azaltzen dira. Abelioni eskainitako aldare asko mendi tontorretan agertu izan dira.
Zenbait inskripizio
ABELIONNI SEXIVLPRO PINQVVS ROMVLIANVS VSLM
ABELIONNI SEX(tus) IUL(ius) PROPINQUUS ROMULIANUS V(otum) S(olvit) L(ibens) M(érito)
"ABELLIONI DEO / TAVRINVS BONE- / CONIS F(ilius) V(otum) S(oluit) L(ibens) M(erito)"
"ABELLIONI / CISONTEN / CISSONBON- / IS FIL(ius) / V(otum) S(oluit) L(ibens) M(erito)"
Itzulpena: "Abellio-ri Cissonbonn-en (?) seme Cisonten-ek, gogo onez eta arrazoi guztiaren arabera bete du bere botoa".
Antza, Abelion Apolo jainko erromatarrarekin eta eguzkiari egindako gurtzarekin lotuta dago. Aldaretako zein dibinitatei eskinitako esker oneko inskripzioetan agertutako lotura hau (Bertako jainko bat eta jainko erromatar baten artekoa) ez da arraroa Akitania zaharreko aldaretan, eta lagundu dezake bertako jainko-jainkosa indigenen ezaugarriak zehazten.
Marvelien folkloristarentzat, Abelion zeltarren Belenos Jainkoaren antzekoa litzateke, beraz sagarrondoen Jainkoa izango genuke aldi berean. Sagarrak esanahi eguzkitarra baitu zeltar mitologian. Pirinioetako eki aldea, erromatar, euskaldun eta zeltarren (galiar) arteko elkargunea izan zen garai haietan.
Bernardo Estornes Lasaren arabera, Abelionek harremana izan dezake Foruako Ivilia on atributua gehitua duenik. Ivilia Erromatarren garaiko Bizkaiko Foruko jainko bat zen. Vahan Sarkisianek, filologo armeniarra eta aitzineuskararen ikerlea zera dio; Abelioni Arbelex-en aldaera fonetiko bat baino ez dela. Etimologia orduan "Arbeltza" litzateke. Bere ustez Arbeltza izen honek, gurtza lekuetan egon zitekeen mendi tontor beltz, edota haitz edo harri beltzekin zer ikusirik izan dezake. Edo harrizko aldareen kolore beltzarekin.
Aberri jainkoa
Aberri, Raymond Lizop ikerlariaren lanen arabera, Akitania erromatarrraren garaian Pirineo aldean gurtzen zuten Jainko baten izena da. Bertan, zenbait inskripzio azaltzen dira bere izenarekin.
Esate baterako, Garona Garaiko Saint-Bertrand de Commingesen aurkitutako inskripzioak, honako testoa dauka latinez; Aberri deo, eta itzulpena "Aberri jainkoari" da.
Jose Migel Barandiaranen arabera, Erromatarren garaiko eta Jainko honi buruzko zenbait hilarri eta iskripzio agertzen dira eskualde piriniarrean, garai batean euskaraz egiten zen eremuan. Izena euskal kutsukoa izan arren, ez daukagu jainko honen ezaugarrien inguruko datu gehiagorik. eta horregatik ezin dugu handik datu baligarririk atera Euskal Mitologiaren ikerketan sakontzeko.
Acerio jainkoa
Aceio Euskal mitologiako jainkoa; Akitania erromatarrraren garaian Pirineo aldean. Jainkotutako mendi gailurraren izena da Asque, Baudéan, Esparros, Hèches, Montégut eta Saint-Bertrand de Commingesen. Herri guzti hauetan azaldu dira erromatar garaiko inskripzioak dibinitate honi zuzendurik.
Ez dugu ezagutzen Jainko edo Jainkosa honen inguruko beste ezaugarririk, bakarrik gailur jainkotu bat dela, Pirinioetan beste zenbait kasuan bezala. Zenbait adituek, dena den, Aceio hau Abelion jainkoaren beste adiera bat dela diote
Aereda jainkoa
Aereda edo Erda. Euskal mitologiako jainkoa; erromatarren garaian Pirinio aldean zabaldu zen harenganako gurtza. Berari buruzko inskripzioak azaltzen dira Ger eskualdean, Garona Garaian, Siradan herrian.
Ez ditugu bere ezaugarriak ezagutzen.
Ageion jainkoa
Ageio, Ageion, Egeion, dirudienez Jainko berberaren aldaerak dira. Ageio, Baronniesko (Pirinio Garaiak), "pagus"aren (erromatarren eskualde administratiboak ziren "pagus" hauek) eta errementarien Jainkoa da. Ageio errementariekin lotzen duen ezaugarria da akitania zaharreko jainko honi buruz daukagun informazio bakarrenetarikoa.
Zenbait adituek Ageion, Egeion eta Abelion Jainko berberaren aldaerak direla diote, baina beste batzuek bereizten dituzte, eta ematen du horretarako, nahiz eta gutxi izan, elementuak badaudela.
Akitaniar inskripzioak:
"EGEIONI DEO LABVSIVS V.S.L. M."
"AGEIO DEO PAGANI FERRARIENSES EX VOTO."
MONTI- / BUS, AG- / EIONI / METELI-(...) / EX V(OTO) / S(OLVIT) L(IBENS) M(Erito).
Ageio jainkoari eta numen menditarrei botoz egindako inskripzioa. Baudéan-en aurkitutako inskripzioa, Pirinio Garaiak. Itzulpena: "Mendiei, Ageio (jainkoa)ri, Meteli(...k?-en alabak), gogo onean eta arrazoiaren arabera konplitu du bere botoa." Inskripzio honetan beraz Ageio mendiei egiten zitzaien gurtzarekin ere lotuta azaltzen zaigu. Ageio jainkoari eta numen menditarrei botoz egindako inskripzioa.
Ageio hitza baliteke "Ageri"rekin zer ikusirik izatea. Hau horrela ager, agirre, agerre eta antzeko toponimiarekin zer ikusirik izango luke. Kontutan hartu behar da lehen aipatutako harremana Ageioren aldareen eta mendi tontorren artean.
Aherbelste jainkoa
Aherbelste Akitania zaharreko erromatarren garaiko jainkoa da. Luchon aldean azaltzen dira berari buruzko inskripzioak. Baita Commingesko Larbousten ere: AHERBELSTE DEO.
Garaona Garaian, Sain-Gaudens-tik gertu Aherbelste jainkoari eskainitako inskripzioa:
AHERBEL- / STE DEO / SENIUS E(T) / HANNA / PROCUL(I FILIA).
Itzulpena: Aherbelste jainkoari Senius eta Hanna-k, Proculus(-en alabak).
M. Luchaireren arabera Aherbelste Arbeltz esan nahi du, Bernardo Estornesentzat ordea, Aker beltza da. Euskal mitologian ezaguna den pertsonaia. Aker beltza jainkotuta litzateke berez.
Aher-(aker) eta belste-(beltz).
Koldo Mitxelenak eta Gorrotxategik beraien zalantzak adierazten dituzte akerbeltz etimologiaren aurrean, baina erabat baztertu gabe.
Alar jainkoa
Alar Euskal Herriko mitologiaren jainko baten izena da. Bere gurtza Akitania erromatarraren garaian Pirineo aldean zabalduta egon omen zen.
Alar izeneko jainkoa azaltzen da esate baterako Commingesko Pirinioetako Layrisse haraneko erromatar garaiko aldare baten inskripzioan:
"ALAR A FVRIVS FESTVS VSLM."
Alardost eta Alardossi buruzko inskripzioak azaldu dira ere, Auch-en Cierp-Gaud-en, Luchon-en Alardostus izenarekin. Antza kasu guztietan jainko berberea da lekuz lekuko izen aldaerekin.
Bernardo Estornes Lasak Alar Jainko hau artzaintzarekin lotzen du.
Markina aldeko Alarabi pertsonai mitologikoak, artzantzarekin bera ere oso lotuta, antzinako jainko honekin harremanetan egon daiteke, edo bere aldaera bat izan.
Axo jainkoa
Axo, Euskal mitologiako jainkoa izan zen Akitania erromatarraren garaian eta Pirineo aldean.
Berari buruzko inskripzioa Castelnau-Barbarens-en azaldu zen.
Ez dugu berari buruzko ezaugarrien berri, baina Jose Migel Barandiaran eta Bernardo Estornes Lasaren arabera, baliteke dibinitate honek eskualde hartan ugari den ur termalekin zer ikusirik izatea.
Toponimoak
Badago Axola izenenko leize bat Kortezubin.
Axotarreta izeneko auzoa dugu Ziburun, labar baten gainean.
Aixola-Aitzola Lasturreko baserri baten izena da.
Aipagarria baita ere garai batean euskararen zabaltze eremuaren barnean egon zen Kantabriako Ajo (Axo) herria.
Toponimiko hauek Axo Aitzarekin lotzen dute. Baliteke orduan Axo dibinitatea aitzarekin lotuta egotea, beste zenbait Jainko-jainkosa bezala. Kantabrian ere Ajo/Axo izeneko paraje eta lurmuturra dago.
Baikorrix jainkoa
Baikorrix edo Baigorrix erromatar garaian Pirineotako jainkoa zen, bere beste zenbait izen Baigorisko eta Baigorix dira.
Badaude Baikorrixi eskainitako aldaerak Labarthe Riviér, Huos, Balesta eta Cier de Luchonen.
Antza, behigorrirekin lotuta egon daiteke. Hainbat ikerleek ordea "Ibai-gorri" etimologiarekin erlazionatzen dute izena, baina ez daukagu inolako zehaztapenik Jainko edo Jainkosa honen ezaugarrien inguruan.
Gar jainkoa
Gar, Akitania erromatarraren garaian Piriniotako euskal mitologiaren jainkoa, nagusiki Gar mendian kokatua. Zenbait mendi gailurrei lotutako jainkoa dela uste da. Jose Migel Barandiaranek Jainkoari eskainitako bi inskripzio aipatzen ditu.
Bernardo Estornesek "Car" bezala aipatzen du Commingesko inskripzio batean, eta bere etimologia "harria"rekin lotzen du.
Beste aldetik, Gar toponimoa oso zabalduta dago euskal leku izenak gordetako Pirinioetako eskualdetan zein Euskal Herrian: Gar, Garos, Garona, Garralda, Garibai, Garmendia, Garate, Garmo, Garoña, Karria haitza... toponimo hauek zer ikusirik izan dezakete "Gar" edo "Kar" hitz zaharrarekin, baita, esate baterako, Karbe hitza.
Gar izeneko jainkoari buruzko inskripzioak azaltzen dira Commingesko zein Layrisseko (Garona Garaia) haranetako erromatar garaiko bi aldareetan. Beste batek Garri Deo bat aipatzen du: Geminus jopuak Gar jainkoari eskainitako inskripzioa, Gar mendiaren ondoan aurkitua, Garona Garaian.
D(eo) / Garri / Gemin- / us ser(vus) / vot(um) s(olvit) l(ibens) m(erito) et pro s(uis) conser(vis).
Itzulpena.: Gar jainkoari, Geminus esklabuak gogo onez bete dio bere botoa, eta bere esklabu-lagunengatik[3].
Antza Gar edo "Kar" harri edo haitza esan nahi du akitaniera zaharraz.
Inskripzietako Jainkoa berbera da, eta Garr, Garri edo Gar bere izenaren aldaerak dira.
Antzeko izena daukaten dibinitateak azaltzen dira Akitania erromatarran barrena. Car eta Kagiris, esate baterako.
Arango Araneko mitologian aipatutako erraldoia zen, arandarrekin beti liskarretan zebilena. Pertsonaiaren izenak GarJainkoarena gogora ekartzen du, eta baliteke askotan eman den bertako kondairetan dibinitate baten bilakaeraren adinbide bat izatea. Azkenean bertako herritar guztiak batu eta borroka batean, erraldoia menperatzea lortu zuten Garos izeneko herritik gertu.
Horrelako laidoa jasan ezinik, Garosek bere lagunei iltze bat kokotean sartuta bertan hiltzea eskatu zien, eta halaxe egin zuten.
Urte askotan, erraldoiaren ustezko buruhezurra Garoseko elizan bertan egon zen ikusgai horma-hilobitxo batean. Buru hezurrak iltzearen marka zeukan garondoan.
Jendearen ustez, erkikiak haurrak sendatu eta indartzeko ahalmena omen zuen.
Litekeena Garos erraldoi hau Gar Jainkoarekin zerikusirik izatea, geroztik, beste hainbat kasuetan bezala, mitologiak eraldatuta. Kondairak, mitologiazko erraldoi baten garaipena kristauen eskutik eta bere hilketa errituala, antzinako erligioaren gaineko kristautasunaren garaitzea adierazten du.
Toponimoak
- Gar mendia, Okzitaniako Pirinioetan. Garona Garaian.
- Garona ibaia.
- Garrüze herria Behe Nafarroan.
- Garraitz uhartea, Lekeitio.
- Gauna edo Gaona herria Araban.
- Karria mendia Gaubean.
- Garos herria, Arango haranan.
- Garoña herria, Burgosko iparrean.
- Garralda herria, Nafarroan.
- Garate mendate eta baserria, Getarian. Garate toponimoa oso zabalduta dago Euskal Herrian barrena
Ilun jainkoa
Ilun, Comminges aldeko Jainko baten izena erromatarren garraian. Akitania zaharreko Pirinioetako beste zenbait lekuetan azaltzen da ere aldaretako inskripzioetan.
Luchonen dagoen inskripzio batek, zera esaten du:
"ILUNNI / DEO / ---- / V(otum) S(oluit) L(ibens) M(erito)"
Beste inskripzio batean; "ILUNO DEO".
Ematen duenez ilun eta iluntasunarekin zer ikusirik badu.
Ilunni, Ilun
Narbona aldean Andos-Ilun Jainkoa azaltzen da. Sacazen arabera, Jainko hau Herkulesen parean jartzen dute, beraz baliteke antzeko ezaugarriak izatea.
Ilunbetako harpea Arakilen Mariren egoitzetako bat da.
Ivilia jainkoa
Ivilia Erromatarren garaian Bizkaiko Foruko jainkoa izan zen.
Bertako jainko bat zela uste da eta Foruako elizan kontserbatzen da aldare bat inskripzio honekin:
"lviliae sacmm. Miarais) Caecilius Montanus pro sahile Fusci filiif) sui posnit. Raí (iis) Quintio fecit."
Bernardo Estornes Lasak Abelion erromatar garaiko Garona Garaiko Jainkoarekiko balizko harremana aipatzen du, kontutan hartuz Foruan ere ur termalak badaudela. Bertako auzo bat Urberuaga deitzen da.
Zenbait hizkuntzalariek ordea, "ibili"rekin lotzen dute, eta are gehiago mendebaleko euskararen "ibiliarazi" edo "mugituarazi" kutsua ematen diote.
Leheren jainkoa
Leheren Erromatar garaian Piriniotako jainkoa, Marte planetari lotua.
Lurgor jainkoa
Lurgor edo Lurgorr Akitania zaharreko erromatarren garaiko jainkoa da. Ausci aldean agertu dira berari buruzko inskripzioak. Ez dugu bere ezaugarrien berri.
Lizopen arabera, Lur-gorria esan nahi du, behigorri kasuan bezala. Gogoratu Baigorrixo dibinitatea Bernardo Estornesen eritzi berberekoa da.
Jose Migel Barandiaranek bere aldetik zera azpimarratzen du; Saran eta Arrasaten dauden "Lurgorri" toponimoak, leku hauetan burdin-erdoliak kolore gorria ematen dio lurrari[2]. Barandiaranek ere Aralarreko Lugorrita parajea aipatzen du Lurgorr honekin balizko loturarekin. Bertan trikuharri bat dago eta paraje honen azpian Agauntza ibaia sortzen da.
Dena den, baliteke izenaren bigarren zatia, "gor" aitzineuskara zaharraren "gor" (gogor) hitzarekin zer ikusirik izatea. Orduan Lurgorr Lur-gogor litzateke.
Xuban jainkoa
Xuban Commingesko Arbas aldeko erromatarren garaiko eta Akitania zaharreko jainkoetako bat da. Ematen duenez bertako mendi bati lotutako jainkoa da.
Aldare bat topatu zen berari eskainita honako inskripzioarekin: "Xuban Jainkoari. Acan-ek bere botoa bete du bidezkoa den esker onarekin".
Ez dugu bere ezaugarririk ezagutzen.
http://eu.wikipedia.org/wiki/Euskal_izaki_mitologikoen_zerrenda