ERROLAN

Batez ere Nafarroan ageri dira elezaharrak, baina Iparraldean eta Gipuzkoan ere bada haren aipamenik.

Pertsonaia mitologiko hau Karlomagnoren Roldan ilobaren mitotik sortua da. Gogora dezagun Karlomagnoren tropek Iruña erre zutela Frantziarako bidean, Zaragozan mairuen aurka gailenduak izan ondoren, eta borrokalari euskaldunek, Eneko Aritza buru zutela, mendekua hartu zutela, Karlomagnoren armada suntsituz, Orreagatik igarotzean. 778. urteko abuztuaren 15ean izandako segada hartan, euskaldunek (Vaskoiek) Roldan hil zuten, Karlomagnoren gudalozteen komandante eta iloba, eta geroztik hainbat sinesmen eta mito sortu dira pertsonaia honen inguruan. Oroitu dezagun, bestalde, pertsonaia honetatik datorrela euskarazko erraldoi hitza.

Errolan erraldoia mendi batetik bestera edo aran batetik bestera harritzarrak botatzen ageri zaigu elezaharretan. Euskal Herriko leku askotan topatzen ditugu Errolanen harriak, asko eta asko trikuharri itxurakoak. Askotan baselizak, elizak edo herriak suntsitu nahian ibiltzen dela kontuan izanda, pertsonaia kaltegarri modura azaltzen zaigu. Jeinu honen antzeko ezaugarriak, Sugaar-ek, Sanson-ek edo Jentilek dituzte Euskal Herriko beste hainbat lekutan.

Nafarroan, Zalba herrian kontatzen dute Errolan haitzulo batean bizi izan zela, hemezortzi urte arte. Urte haietan guztietan berarekin zuen ahuntz baten esnearekin elikatu zen soilik, eta esne hari esker omen du hainbesteko indarra.

Nafarroako beste kontakizun batek dio Erroldan Karlomagnoren tropekin etorri zela Nafarroa menderatzera, eta, bertan zela, jendez beterik zegoen herri bateko eliza txikitu egin nahi izan omen zuela. Horretarako, Iga de Monrreal mendira igo, eta, handik, izugarrizko harritzarra botatzen hasi zen elizara. Baina, hara non, gorotz batean irristatu eta bost bat kilometrora zegoen Urrotz herrira jausi omen zen harri izugarri hura. Oraindik herri horretan da bi metro luze eta metro bat zabal dituen harritzarra.