MARI DOMINGI
Mari Domingi euskal mitologiako pertsonaia bat da eta, Olentzerorekin batera, neguko solstizioko jaien baitan kokatu behar dugu. Gure arbasoak eguzkiari, ilargiari eta izarrei adi-adi erreparatzen zieten eta euren esanetara bizi ziren. Lurra eta natura maite zituzten bertan zen guztia uneoro gertu sentituz, elkarrenganako beharra errespetatuz, amalurrarekin bat eginik. Antzinatik Euskal Herrian neguko solstizioaren inguruko hainbat ohitu zahar egon izan dira. Eguzki zaharrak bere azken izpiak ematen ditu eta eguzki berria jaiotzen da. Eguberri hitzak hori esan nahi du ‘egun berri, garai berri’.
Emakumezkotasuna ordezkatzen duen pertsonaia magiko hau, neguko solstizio garaian neguari nahiz urte berriari oles egiteko ospakizunetan protagonista izateko jaio zen.
Mari Domingi mendian txabola batean bizi da. Lanbidez artzaina da eta gazta bikainak egiten ditu. Txabola ondoan sagastia du eta sagar erreak jatea asko gustatzen zaio. Basoko landare eta izakiak ongi ezagutzen ditu, eta badaki sendabelar desberdinak nola erabili jendea sendatzeko. Batzutan, kostaldeko herrietara ere joaten da saregilei laguntzera, gustukoa baitu arrantzaleen sareak konpontzea. Emakume zintzoa eta maitagarria da, eta umeak asko maite ditu!
Olentzero eta biak elkarren ondoan bizi dira mendian, euren txabolak oso hurbil daude eta lagun minak dira. Elkarri laguntzen diote, auzolanean, bakoitzak dakienarekin eta duenarekin. Lehen, eguberri bezperan, elkarrekin jaisten ziren herrira sua egiteko ikatza banatzera. Gaur egun, Euskal Herriko umeentzat opariak ekartzen dituzte. Jostailu asko beraiek egiten dituzte, zura lantzen trebeak dira eta. Zakua jostailuz betetzen dute eta herrira jaisten dira Gabon gauean, etxez etxe, poza eta zoriontasuna banatzera.
Euskal Herriko umeentzat berdin da eskutitza Mari Domingiri edo Olentzerori idaztea, biak dira pertsonaia mitologiko magikoak eta bien artean egingo dute dagokien lana.
Noiz eta nondik sortu da gure Mari Domingi? Mari Domingi 1994an sortu zuten Donostian. Eguberriko kanta herrikoi batean aipatzen zen emakume izen bat pertsonaia bihurtu zuten, gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna aldarrikatu nahian. Beraz ez da tradizio luzeko pertsonaia bat.
Baina, azken hamarkadan tradizio eta ohitura batzuk sortu dira, eta Mari Domingiren inguruko errelato bat egin da. Euskal Herriko ume askok sinesten dute Olentzerorekin batera opariak ekartzen dizkien pertsonaia horretan, eta kutsu magiko bat hartu du. Beraz, gaur egungo euskal mitologian txertatua dago.
Mitologia gizakiak sortzen eta aldatzen du, eta sortu eta aldatu izan du, garaiaren premia eta gizarte motaren arabera. Mari Domingirekin horrelaxe gertatu da.
Mari Domingiren jatorrizko aipamen bakarra Resurreccion Maria Azkuek XX. mendearen hasieran jasotako abesti honetan aurkitzen da:
Horra Mari Domingi
begira horri
gurekin nahi duela
Belena etorri.
Gurekin nahi badezu
Belena etorri
atera beharko dezu
gona zahar hori.
Hatoz, hatoz, zure bila nenbilen ni!
Hatoz, hatoz, zure bila nenbilen ni!
Hatoz goazen ta gurtu dezagun
Belenen jaio den Haurtxo eder hori,
Haurtxo eder hori.
Irrintzi eta poza,
algararekin
hori behar dinagu
guk elkarrekin.
Pozez adora (de)zagun
Jesus haur ona
berak ekar d(i)ezagun
gaur zoriona.
Hatoz, hatoz, zure bila nenbilen ni!
Hatoz, hatoz, zure bila nenbilen ni!
Hatoz goazen ta gurtu dezagun
Belenen jaio den Haurtxo eder hori
Haurtxo eder hori.