EATE

BESTE IZEN BATZUK: EGATE, EREETA, OROTS


Gipuzkoan, Goiherriko eskualdean, eta Azpeitian kontatzen dira jeinu honi buruzko elezaharrak; eta Nafarroan, Arakilen.


Ekaitzaren, suaren, uholdeen eta haizeteen jeinua bezala agertzen da. Ekaitza, sutea eta bestelako fenomeno natural suntsitzaileak datozenean, bere deiadarra entzuten omen da, gizakiei hondamendiaz abisatu nahian. Eate, berez, ‘errete’tik datorrela dirudi. Hasera batean, Eate suaren jeinua izan zitekeen, beraz. Elezaharretan kontatzen denez, basoa edo baserri bat erretzen ari denean, gorantz doazen sugar biribilduak jeinuaren bizar luzeak omen dira.