JENTILAK


Mairu, Mairi, Maide eta Intxixu jeinuak ere antzeko ezaugarriak dituzte.

Euskal Herri osoan da entzuna pertsonaia mitologiko ezagun hau. Gipuzkoan batez ere, baina Bizkaian, Nafarroan, Araban nahiz Lapurdin ere ageri zaizkigu jeinu honi buruzko aipamenak.

Jentilak kristautasunaren aurretik lurralde horietan bizi ziren pertsona fedegabeak omen ziren. Izena 'gentil' hitz latindarretik dator, eta horrela deritzoten pertsona fedegabeei. Kristautasuna etorri zenean, beraien bizimodua aldatu egin zen, eta mendian bizi ziren, bakarrik, etxe urrunetan, beste herritar kristau guztiengandik aldenduta. Besteengandik aldenduta bizi baziren ere, fededunekin bakean bizi ziren. Kristauek jentila deitzen zioten pertsona fedegabeari. Ezaugarri hauek Jentilen sorrera erromatar garaian kokatzen duten arren, gero aipatuko dugun legez, atzerago eramaten gaituen zantzuak badaude.


Gizaseme basatiak, erraldoiak eta indartsuak ziren, leku batzutan begibakarrak. Harkaitz puska ikaragarriak urrutira botatzen zituzten, eta, hori dela eta, leku askotan agertzen diren harritzarrei Jentilarri deitzen zaie. Hala, Bizkaian, Arrakundiagan; Gipuzkoan, Mutrikun eta Azkoitian; Nafarroa eta Gipuzkoa artean, Aralarren. Harrespil eta trikuharri ugari eraiki dituzte Euskal Herri osoan. Besteak beste: Jentilbaratza deritzote Aranon, Nafarroan, harrespilak dauden zelai bati eta Jentiletxe Ataunen dauden trikuharriei. Oro har, monumentu megalitikoen sortzaile bezala agertzen zaizkigu.

Lehen meatzariak, lehen gari landatzaileak, lehen errementariak, lehen errotariak … ere izan dira jeinu hauek. Lehenengo elizen eraikuntzan ere lagundu omen zuten haien indar itzelarekin. Hala izan omen zen Bizkaian, Ondarroan eta Markinan; Gipuzkoan, Zumarragan eta Oñatin; Araban, Opakuan; Nafarroan, Urdiainen…

Elezaharrak dionez, laino dizdiratsu moduan zetorren jainko zerutiarra iristean, jentil guztiak Jentilarri izeneko trikuharri baten azpian lurperatu ziren; jentilen askazia horrela desagertuz. Elezahar honek, Erromatarrak etorri haurretik, euskal kulturak jasan zuen eragin garrantzitsu bat iradoki digu: Euskal Herrian antzinatik zegoen sinesmen lurtarraren aurrean, herri indoeuroparrak (Zeltak e.a.) jangoiko zerutiarrak ekarri zituzteneko hura . Elezaharrak dioen bezala, jainko berria zerutik dator lainoa itxuran. Jentilak, jainko berrien erasoaaren aurrean lur barnera doaz, Ama Lurraren babesera.

Jentilek badute antzekotasunik Galiziar eta Asturiar mitologiako Mouro izakiarekin. Oso antzinako izakiak omen dira, fedegabeak hauek ere, oso indartsuak, eta antzinako harrizko eraikuntzen egile. Bestalde, Asturiasko Mouroak, ezaguna ez den arrazoi bategatik lurrazpian bizitzera derrigortuak izan omen ziren eta meatzari bihurtu ziren.

Ezaugarri honek, jentilen akaberan laino dizdiratsua zela medio gertatu zenekoa ekartzen digu gogora.

Aragoin ere badira Omes granizos deituriko alegiazko izakiak, Jentilen ezaugarri antzeko batzuk dituztenak: erraldoiak dira, bertako mendi eta haitzekin dute harremana eta Piriniotan antzina bizi izan ziren gizakiak omen ziren.

Behin batean, Jentilek, Aralarko muino batean jolasean ari zirela, laino argitsu bat ikusi omen zuten hurbiltzen ekialdetik. Izututa, jakintsu nagusi batengana jo omen zuten. Jakintsuak, laino distiratsua ikusi zuenean, honela esan zuen: “Kixmi jaio da, gure askaziak berea egin du, bota nazazue amildegitik behera”. Jentilek jaurti zuten agurea, eta, lainoa atzetik zutela, korrika abiatu ziren mendebalderantz. Arraztarango aranera iritsi zirenean, harri zabal handi baten azpian sartu omen ziren ezkutatzeko asmotan. Geroztik, harlauza handi horri Jentillarri deitzen zaio, eta herri sinesmenak dio azken Jentilak bertan hilobiratuak daudela. Jentillarri hori, benetan, historiaurreko monumentu bat da, trikuharri bat da, hain zuzen ere. Ondoko irudian agertzen zaigun trikuarria da Aralarko Jentilarria.

Jentilak Leizadiko koban batean bizi zirela, sekulako izar eder bat hodei artean agertu omen zen. Halako izarra ikustean, jentil hauek, erabat ikaratuta, munduan zer gertatu behar ote zen ezin asmaturik omen zebiltzan.

Halako batean, koba barnean erdi itsututa zegoen jentil zahar bat ataka aurrera atera zuten, eta pala edo endai baten laguntzaz begiak ireki omen zizkioten, hark izar hura zer zen antzemango ziolakoan. Baita ikusi orduko deiadar egin ere, “Ah, ene umeak: Kixmi jaio da, galduak gara oraintxe! Bota nazazue amildegian behera!” Eta hala hil omen zen jentil zaharra.

Gero, kristautasuna munduan zabaltzen hasi zenean, jentil denak sakabanatu eta berehala galdu omen ziren.