ETSAI
BESTE IZEN BATZUK: DEABRU, GAIZKIÑ, TXERREN, TASURI, KINKILIMARRO, ADDAR, IRUADARREKO …
Izen ezberdin anitz hartzen dituen jeinu hau Euskal Herriko leku ugaritan agertzen da.
Infernuko etsaia dugu Etsai, jeinu gaiztoa eta erlijioaren arerio. Gizakiei kalte egitea du helburu, edota gaizto joka dezaten eragitea. Dena den, ez da garai ezina, eta, hainbat trikimailu erabiliz, libra gaitezke bere boteretik. Zenbait kontakizunetan ematen zaigun irudia nahikoa irrigarria edo burlazkoa da. Itxura ugaritan agertzen zaigu: askotan dragoi baten antza du, baita gizaki itxura ere, eta zenbait animaliarena ere hartzen du.
Elezahar batek dio Lapurdiko Sara herriko Lezea haitzuloan bizi zela Etsai, eta bertan eskola bat zuela. Bertan, zientziak, artea eta letrak erakusten zituen, denbora gutxian.
Atxularrek, bere anaiak eta kide batzuek han ikasi omen zuten, eta, irakaskuntza guztien trukean, ikasleren bat berarekin betiko morroi gelditzea eskatu zuen Etsaik. Baina, behin batean esan omen zien galdera bat zuzen erantzuten bazuten, ez zuela inork Etsairekin geratu beharrik izango. Berak zuen ontzi bat zerez egina zegoen galdetu zien, eta ikasleek, asko pentsatu arren, ez zuten asmatzen zerez egina egon zitekeen.
Etsaik sorginekin akelarrea ospatzen zuen egun batean, ikasleetako bat bertara hurbildu omen zen, eta zelatan jarri omen zen zuhaitz baten adarrean. Sorgin batekin dantzan luzaro aritu ondoren, ikasleekin zeukan auzia kontatu zion Etsaik sorginari, eta ontzia ostiralean eta igandean moztutako azkazalekin egina zegoela aitortu. Ikasleak belarri fina zuen, eta entzun egin omen zion.
Hurrengo goizean ikasleak erantzun zuzena eman zion Etsairi, eta, horrelaxe, ikasleak jeinuarekin zuten zorretik libratu ziren.