HERENSUGE

BESTE IZEN BATZUK: LERENSUGE, ERRENSUGE, HERAINSUGE, ERSUGE, SIERPE, DRAGOI …

Euskal Herriko txoko askotan da ezaguna pertsonaia mitologiko hau. Lapurdi aldean, Saran, Zugarramurdin, Donibane-Lohizunen eta Ezpeletan; Gipuzkoako eskualdean, Errenterian, Zaldibian eta Ataunen; Nafarroan, Zubirin; Bizkaian, Lekeition; Behe Nafarroan, Zuberoan; eta beste hainbat eta hainbat lekutan ere ezaguna da.

Suge itxura duen jeinu gaizto eta beldurgarria dugu hau. Elezahar batzuetan, zazpi buru ditu, baina gehienetan bakarra duela kontatzen da. Haitzuloetan bizi da, eta soilik gosea asetzeko ateratzen omen da bizilekutik. Haitzulo inguruko larreetan dabilen ganadua bere hatsaren bitartez erakartzen omen du Herensugeak, eta elikatzeko etxe-abere horiek jaten ditu. Beste zenbait lekutan diotenez, gizon-emakumeen haragia jaten du. Kontakizun askotan, herriko jendeak, aldian behin, pertsona bat eman behar dio Herensugeari, hark jan dezan; horrela, aseta egoten da piztia eta herritarrak lasai egon daitezke.

Orain dela aspaldi, erregea herri eder batean bizi zen, eta inguruko haitzulo batean bizi zen zazpi buruko herensuge izugarri bat. Jeinu gaiztoak herriko jendea irensten zuen, eta, hala beharrez, Herensugearekin tratu bat egin zuten. Urtean behin neska gazte bat eskaintzen bazioten herensugeari, bakean utziko zituen hark. Egin zuten herritarrek zozketa neska gazteen artean, eta erregearen alabari suertatu zitzaion Herensugearen jaki izatea.

Erregeak, orduan, erreinu guztian zera zabaldu zuen, Herensugea hiltzen zuena bere alabarekin ezkonduko zela, eta erregetzaren oinordeko izendatuko zuela. Eskaintza egiteko eguna iritsi zenean, lotu zuten neskatxa haitzulo ondoko zuhaitz batean, eta zain jarri ziren. Jende asko joan zen bertara, baina inor ez zen ausartzen erronkari heltzen. Halako batean, agertu zen bertara artzain bat bere zakurrarekin, eta zer gertatzen zen galdetu zion neskatxari. Erregearen alabak dena azaldu zion artzainari, eta orduantxe agertu zen Herensugea orroa izugarri bat eginez. Artzainak, asko pentsatu gabe, zakurrari agindua bota zion: -Zesar, lot hakio!. Eta zakurrak heldu zien banan-banan Herensugearen buruei, eta menderatu egin zuen piztia. Orduan, artzainak animaliaren zazpi mihiak moztu zituen, eta baita neskatxaren zazpi azpikogonen zazpi zatitxo ere. Jaso zuten dama hura eta gaztelura eraman zuten. Jendea harriturik joan zen nor bere etxera, baina gazte lotsagabe batek Herensugearen zazpi buruak jaso zituen. Hurrengo egunean, gazte hark zazpi buruak aurkeztu zizkion erregeari, eta erregeak bere oinordeko izango zela agindu zion gazteari.

Ezkontza baino lehen, festa eder bat egin zuten, eta ezkongai gazteak Herensugearen zazpi buruak eraman zituen. Etorri zen artzaina orduan, eta esan zien: -Buru horiek zerbait behar dute. Eta artzainak zazpi mihiak, zazpi azpikogona zatitan bilduta atera zituen. Erregea gaztearen iruzurraz ohartu, eta bere alabarekin ezkontzeko esan zion artzainari. Geroztik, zoriontsu bizi omen dira artzaina eta neskatxa.